L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Hilbeila

 

Bernardo Kapanaga

 

Heriotzarekin lotutako ekanduen artean hilbeilarena omen da zabalduenetakoa. Honen funtsa argitzekotan hainbat ikerkuntza egin izan da Afrika, Asia, Amerika zein Ozeaniako tribu zaharretan. Biziki interesgarria da gai honetaz joan zen mendearen amaieran Ingalaterran sir Joseph Wolfe-k "Customs about death in primitive cultures" izenburupean idatzi zuen liburu mardula, etnologia arloan ospe handikoa eta, zoritzarrez, duela nahikotxo urtetik hona agortuta dagoena. Bertan, geografikoki elkarregandik urrin eta kulturaz desberdintasun handiak dituzten tribuetan, heriotzaren inguruko zenbait erritualen parekotasuna frogatu nahi izan zuen, baita lortu ere.

        Erritual hauen artean, hilbeilarena oso garrantzitsua da, antza. Beharbada ezaugarririk arruntena gauez egitearena da: euskaraz ondo asko ikusten da hau, "gaubeila" hitza ere badaukagu eta, gorpuaren inguruan otoitzez zein jagonez ematen den gau egotaldia izendatzeko. Heriotza eta gaua eskutik doazela esatea pellokeria baino ez da, ostera. Baina tribu zaharrek berezitasunik badute, arrazoiaz eta logikoki azaldu ezin dituzten fenomenoentzat halako azalpen alegizkoak sortzeko ahalmen zoragarria da: horra hor mitoak. Ertafrikako tribu batzurentzat hilbeila gauez egitearen arrazoia "Gaueko Izpiritu"etatik salborik egoteko da, horretarako gorpuak gau osoa zuzien argitan eman behar izaten duelarik, sugarrek bakarrik uxatzen bait dituzte Gau Izpirituak. Hauek, haize boladen bitartez, sus amatatzen ahaleginduko dira, eta horren kariaz egiten da hilbeila, sua itzaliz gero atoan berpizteko.

        Dena dela, interesgarriena gorpua zaintzearen ohitura bera zergatik sortu delako itaunari erantzunak ematea litzateke. Oso zabaldua dago, adibidez, gorpua pristia bihurtu daitekeelako ustea: Tribukoren bat hiltzean, estalgune jakin batera eroan daroate, inguruan jarrita gorpua zaintzen geratzen direlarik. Hau egin ezik, pristiaren batek —tribuen arauera beldurrik handiena eragiten diena, hala nola tigrea, pantera edo kobra— gorpua eraman dezake, bere gisako bihurtzen omen duelarik. Horregatik, hainbat tributan, pristiaren bat inguruka dabilenean, gorpua zaindu ez izateagatik bere senideak zigortzera datorrela esan ohi da. Orduan, senideetarik batek —buruak normalean— haren atzetik irten behar du, harrapatu eta hiltzeko, ondoren denon aurrera eraman eta tribu osoari erakutsiko diolarik, horrela bakarrik amaitzen omen baita madarikazioa.

        Azalpenik pitxienen artean Polinesian ematen zena —bizirik ote dago ondino?— aipa dezakegu. Bertan, heriotza lur honetatik "paradisu"rainoko bidaia baino ez da. Gorpua jagotea ekintza sakaratutzat hartzen da, eta tribu osoak esku hartzen du, umetxoak barne. Dena dela, herri honetan jagoketa hil zoritik hasten da, heriotza bera baita unerik garrantzitsuena, azken hatsa ematen den lipartxoa. Honen arrazoia benetan apartekoa da: Beraien ustez, hiltzea ikasi egin behar den ekintza da, hilurrenari begietara so eginez hain zuzen ere, "paradisu"rako bidea horrela bakarrik ezagutu omen daiteke eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.