Dantza eta Burruka
Manu Beltran
Dantza zahar gehienak aintzinako bizimoduaren ohitura edo gertakarien islada eta errepresentazioa izan ohi dira. Euskal herriko kasuan badakigu dantza horietako batzu (ezpatadantza, makildantza, txotxongiloa...) aintzinako euskal burruken arrastoa direla eta izan ere ez da harritzekoa, herri guztiek bait daukate berezko burrukera bat, burruka moduan gorde ez bada euskaldunon kasuan bezala dantza edo errito moduan iristen dena. Burruka horien artean batzu landuagoak dira (Japoi eta Txinako martzialak), beste batzu latzagoak (errusiar burrukera), asko galdu egin dira eta zenbaitez erritologia baten barrean sartu bait dira konturatu ere ez gara egiten.
Burruka horien artean antzekotasunak aurkitzea logikoa da baina hemen ez zen inor ezertaz konturatuko (betiko antzera) kanpotik etorritako bat gure aberastasunez jabetu ez balitz. Gasteizko Wu-fu Gimnasioan "Jintsiu"ko maisua dugun "Ken-do-io"k, Madrilen eman ditu azken bost urteak, Gasteizko Instituzio Publiko ezagun batetara ikastaro bat ematera etorri den arte joan den udan. Kasu horietan ohi den legez, inagurazio egunean, hara non aurkezten zaizkion zortzi gazte, bertako folklorearen erakusgarri, dantzari-dantza aurkeztu asmoz. Ezin izan zioten gizonari buruan sartu hura ez zela burrukera, dantza zela, euskaldunok ez dugula burrukan egiten. Burruka hark "Jin-tsin"aren antz handia zuela azaldu nahi zuen baina inguruko trajedunen iribarre ulerkorra somaturik dantzariekin zuzenean hitzegitea erabaki zuen. "Jin-tsin"a Japoiko arte martzial berri guztien ama edo oinarria dugu. "Jin-tsin"an makila eta ezpaten proiekzioen bidez gorputzaren oreka hatzematen ikasten da, gero eskutsik burrukatzeko. Eta hara "bitxikeria": "Jin-tsin"aren oinarrizko makil kolpeak makildantzaren antze-antzerako dira; telebistan maiz ikusi dugu Kung-Fu edo beste karatekaren bat, hanka, aurreko etsaiaren buru pareraino jasotzen, kasualitatea ote dantzari-dantza hanka jasoz egiten den salto edo puntepijjoa?; eta burruka (dantza) garaian, batean zein bestean, irrintziak egiteko dagoen ohitura?; bai kasualitatea izan daiteke; kasualitatea izan daiteke baita ere arte martzialetako uniformea praka eta alkondara zuriz eta ehunezko gerrikoz hornitzea eta dantzariena ere bai. Kasualitatea izan daiteke, baina besterik ere bai.
Beraz, Ken-do-io, gure kultura biek arlo horretan duten antz ikaragarriak eraginik, Gasteizko taldeko bi dantzariekin batu eta ahalik eta burruka-dantza gehienak aztertzeari ekin zieten euskal burrukaren sustraiak edo oinarriak ikertu, landu eta indarberritu nahian.
Oraingoz, ez dantzataldeek, ez instituzioek, dute argi ihardun honen nondik-norakoa baina Gasteizko dozena bat mutikok (zoritzarrez ez dago neska bat bera ere) ilusio handiarekin heldu diote hasieran jolas bezala hartu bazuten ere.
Bukatzeko taldekoen partez bi gauza: bata, "ken-do-io"k herri kulturarenganako maitasunagatik eman duen laguntza ezinbestekoa eskertzea, eta bestea, heuren helbidea ematea interesatuentzat eta bereziki dantzataldeentzat: Wu-fu Gimnasio, C/Zumalakarregi, 15, bajo. Vitoria-Gazteiz.
Ah, eta ahaztu orduko, negu honetan dantzataldeentzako ikastaro berezi bat eman nahi dute.
Beraz, beste barik, euskal burrukak beste frente bat ireki duen esperantzarekin, agur t'erdi.
|