L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y vosotros los vascos, ¨qué quereis? (1990-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Maitaleak

 

Valjean

 

Tibeteko ipui baten moldapena

 

Bazen behin gazte bat familia behartsu baten semea zena. Bizimodua aurrera ateratzeko ene inguruan zeuden lurrei ahal zuena ateratzen zien eta zaindu ere zegien gurasoen yak-saldoa.

        Ibaiaren hegoaldean bizi zelako, belarra urri eta mehatz hazten zen parajean, maiz ibaiertzetik zehar abiatuta iparralderantz egiten zuen bidaia, belarra berde eta mardul jalgitzen zen eremuetarantz, bere aberetaldeak bazka zezakeeneko mendi eta oihanetara. Bidaiak kilometro aunitz zituen, zeren ibaiaren beheraldi batetaraino zuzendu behar baitzen gaztea arriskurik gabe urak igaro ahal izateko.

        Ibaiaren iparralderantz egin zuen hauetariko batetan neska gazte lirain bat idoro zuen. Neskak ere bere familiakoen aberetaldea artatzen zuen, baina mutilak baino yak gehiago zituen, beraz, ez zela landerra pentsatu zuen mutilak. Laster, elkarri mintzo hasi ziren. Ekhi pean hartzen zuten atseden heuren abereak ibarrean batetik bestera zebiltzan bitartean. Euren bizitzez, familiez, ametsez, eta gerorako itxaropenez mintzatzen ziren. Halako batean mutilak jakin zuen bere lagunak hiru neba zituela eta beraiekin txandakatzen zela aberetaldea jagoteko. Ibaia zeharkatzen zuen bakoitzean mutilak so egiten zuen bera han zegoenentz ikusteko, batzutan han zen, zenbaitetan, nebeetariko batek hartzen zuen neskaren tokia.

        Hemendik gutxira, bikote gaztea maitemindu egin zen. Neskak bazekien bere ama minberatu eginen zela zeharo bere sentimenduez jabetzen bazen, zeren auzoko familia baten semearekin ezkon zedila desiratzen baitzuen eta, kasik, atondua zen oro.

        Honela bada izkutuan jarraiki zuten elkar ikusten. Mutilak ardura abesten zizkion: Tibeteko kantuak, maitasun kantak eta bere herriari buruzkoak. Behin, turkesa-harrizko belarritako bat ekhendu zuen eta, leunki, neskaren bilho artean eiho zuen, estalia geratu zela. Honekin elkarri hitza eman zioten, baina mutilak hau zegien artean, neskak goibeltasuna jasaten zuen nabarmenki, ontsa baitzekien bere amak ez zuela egundo ezkontza onetsiren.

        Egun batean, amak, zeinak neskaren irtengurak zirela eta zerbaiten susmoa hatzeman baitzuen, erregutu zion etxean gera zedila bainatzeko eta ilea garbitzeko. Neskak adatsa laxatu zuenean turkesaharrizko zintziba lurrera jausi zen eta amak hauteman. Ama goitik behera beltzurituz, belarritakoa eman zionaren izena azaltzera derrigortu zuen alaba.

        Hurrengo egunean, amak seme nagusiari erran zeraukon: "Hartu gezi hau, eta gizon beldurgarri hori ikusi baikhoz, hil ezazu!". Seme nagusiak hartu zuen dardaia, baina mutila aurkitu zuenean ezin izan zuen erhail. Haatik, erran zion: "Hoa korrika, nik erroi bat hilko diat eta odolez bustia eramanen zioat gezia amarik".

        Honela egin zuen, eta amak gezia ikusi zuenean esan zion semeari herriko lamarengana eroan zezala. Lamak gezia itzuli zuen erranez muturrean erroi-odola zuela, ez gizakiarena.

        Ama haserretu egin zen frango eta bigarren semeari hauxe esan zion: "Hartu zuk gezi hau eta hil ezazu". Bigarren semeak hartu zuen azkona baina, honek ere, mutila aurkitzerakoan ez zuen nihon adorerik erhailtzeko. Aitzitik, erran zeraukon: "Noa korrika, nik katamixar bat hilko diat eta odoletan orbandua eramanen zioat azkona amari."

        Honela egin zuen, eta amak gezia ikusi zuenean agindu zion bigarren semeari herriko lamari eraman ziezaiola. Manatuak, oraingoan ere, gezi muturrekoa ez zela gizaki-odola zioen.

        Ama senetik irtenda zegoen, zeren hain zen handia mutilarekiko zuen gorrotoa non ez baitzuen atsedenik harturen hilik ikusi artio. Seme gazteari hots egin eta erran zion: "Hiltzen baduzu mutil hori gezi honekin zure aitak utzi zidan urreaz eskertuko dizut, baina egiten ez baduzu, ordainez zure bizia harturen dut."

        Seme gazteak hartu zuen dardaia eta mutila idoro zuenean samindura izugarri batek erraietaraino iharrosi zuen. Ez zuen erhail nahi, baina ongi zekien bere bizia zegoela jokuan. "Gezia giza-odoletan bustia eramaten badut —pentsatu zuen— dena ontsa aterako da, eta ene amak mutila hil dudala usteko du. Bernara jaurtiko diot, zauritzeko soilik." Gezia jaurtigi eta mutilaren bernan barrena sartu zen, baina seme gazteenak ez zekien bere amak pozoina ezarri zuela gezi muturrean.

        Seme gaztea mutilarengana abiatu zen eta zauritu hankatik dardaia atera eta bere amari eroan zion. Oraingoan lamaren erranak giza-odola zela zioen. Ama, pozaren pozez, barruak lehertu beharrez zegoen. "Azkenean —erran zuen— libre izanen naiz mehatxu horrengatik."

        Mutilak zinez sofritzen zuen, bere zangoa sordeisago jartzen baitzen eta pozoina geroz eta barneago bere gorputzean. Engoitik ez zitekeen aberetaldearekin ibili, baina ibai bazterrera jaitsi eta zilioka ekiten zion erasiari neskatilarekin ur zurrunbilotsuen gaindi.

        "Nola duzua gaur zangoa?", galdetzen zion neskatilak. Eta berak arrapostu: "Ene bihotzaren mina zangoarena baino hagitzez handiago duzu."

        Neska nahigabetu egiten zen eta mutilaren osasuna txarrera zihoan. Egun batez, neskatilak ea nola zegoen itaundu zion eta mutilak honela ihardetsi: "Ene maitea, bizitza honetan ez gara gehiago elkarrekin egonen, gau honetan hil behar naizela uste baitut. Ibaiertzera jaisten zarenean ostrikua badago ortzean, hila naizela jakinen duzu."

        Hurrengo egunean, ibaiertzeruntz egin zuen neskak herrestan baina heldu baino askoz lehenago, ortzean ostrikua ikusi zuen. Honela, bada, jakin zuen gaztea hilik zela. Ibaiaren hegian ezarri eta nigarretan ihardun zuen bihotza zatitu zitzaioneno. Gero, amultsuki, mutilaren mintzoa senditu zuen, inondik jalgiten ez zen abotsa baina neskatila inguratzen zuena. Era honetan kantatzen zuen:

 

                Ibaia hazi egin da berein,

                ez ezazu uren kantu oldarra oztopa.

                Ezen elkarri hitza eman deraukogunez,

                ezein areriok galerazo diro gure bat-egitea.

 

        Neska etxera itzuli zen, non ama baitzuen igurika. Amaren oinetan etzan zen eta nigarrari eman zion. Mutilaren hiletetara joaten utz ziezaiola otoiztu zuen, eta agindu zion ezen dena amaitutakoan, berak hautatu gizonarekin ezkonduko zela. Amak onetsi egin zuen eta biak, mirabe batek urgazturik, hiletetara abiatu ziren.

        Heldu zirenean, mutila hil-sumeta batetan zetzan, baina nahiz bere familiakoak ahalegintzen ziren ezin erdiets zezaketen gaztearen gorpuak su har zezala.

        Neskak longaina erantsi eta mutilaren gorpuaren gainera egotzi zuen. Segituan, sugar bat goratu zen. Gero, oinetakoak jaurtigi zituen gorpu gainera, eta sugarrak gorago egin zuen. Neska mirabeari buruz ezarririk, biek ekarritako ziape-olioa hartu eta bere soinean isuri zuen sumetan sartzen zen artean. Amak iziturik behatu zuen nola alaba sutan zen bere maitalearen gorpuaren gainean etzaten zen.

        Sugarrak iraungi zirenean bikotearen hezurrak bat eginik zeuden, urturik. Neska eta mutilaren amek eztabaidatu egin zuten ea nola bereiz zitezkeen gorpuondarrak, amoranteen hezurrak errekaren hegi bietan ehorztekotz, bakoitzari zegokion ur-bazterrean.

        Neskaren amak galdeitza hau egin zuen: "Zer zen zure semeari bildur handiago ematen ziona bizitza honetan?". Mutilaren amak ihardetsi zuen: "Sugeak". "Nere alabari, ugaraxoak", erran zuen lehenak.

        Honela beraz, sugea eta urgaraxoa ezarri zuten gorpu-ondarren gainean, zeintzuk, fitean, banatu egin ziren, zeren hezurrek, beldurraren arauera, nor bere animalietara zuzendu baitziren. Ondoren, ondarrak errekaren hegi bietan ehortziak izan ziren: mutilarenak, hegoaldean, neskarenak, iparraldean.

        Aurki, toki bietan arbola bana altxatu zen, aidean gora eginez, zuhaitz bakoitzaren adarrek errekaren zabalera iragan zutelarik elkarrekin besarkatu zuteno. Neskaren amak arbolak botatzea agindu zuen. Baina, gutxira, arboleen lekuan zuhaizki bi jaio ziren, eta bakoitzean xori bat pausatu zen. Xoriek elkarri abesten zioten erreka bazterretik, eta bata bestearengana hegaldatzen zen, ur hozkirrietan bainatzera ere jaisten zirelarik. Neskaren amak xori biak hiltzea manatu zuen eta, halaber, bi zuhaizkiak sustarretik ateratzea.

        Xori bien izpirituak zerura altxatzen zirelarik erran zion arrak emeari: "Uste dut ez garela nihoiz elkarrekin izanen". "Bai, izanen gara —erantzun zuen xori emeak—, zoaz zu gatzaren lurraldeetara, eta ni tearen herrialdeetara joanen nauzu". Eta honela egin zuten. Era honetan, egun, norbaitek te tibetiarra * gatza eta gurinarekin hartzen duenena, maitale biak elkartu egiten dira.

 

* Te Tibetiarra, gurin eta gatza gatza nahasirik hartu ohi da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.