Euzkadi XXI
Josu Mirena Uruburu
Etorkizuna beti bobea izango dela uste duena leloa da. Hori esaten zidan aitita zenak, eta esaldi soil horren bitartez bere ohizko sinesgogortasuna betiko erantsi zidan. Are leloagoa gehituko nuke XX. mendearen amaieran aurrerapenez zuten ideia okerra gogoan hartu ezkero. Etorkizuneko gizakiak hots, guk pilulak besterik ez zituela jango ez zuten ba erabaki! Ederra kontua! Gizakia ehundaka urtetan haragijalea izan ostean zenbait barazkijale mengel gaixoti gora-behera gu pilulajale bihurtu nahi gintuzten! Zorionez XXI. mende honen amaieran oraindik badakigu zer den kilo erdiko txuleta ederra jatea, edo eskailerapeko ardaoaren gozoa dastatzea. Aspaldiko elikagai "light" nazkagarri haien izurritea asmatu den iruzurrik handienetakoa zela konturatu ginenetik, osasuna eta atsegina ez ditugu areriotzat hartzen: gorputz lodi iletsuek ez gaituzte lotsatzen eta erretzeak berriro sapa handia du. Etorkizuneko gizakia perfektoa izango zela uste zuena oker zegoen beraz. Izan ere, perfekzioa izan daitekeen gauzarik aspergarriena da.
Ingurumaria aldatuko da, bai, baina hankabikook, lehengo lepotik burua. Hori ere esaten zidan aititak, beste hamaika kontu zaharrekin batera. Bizi izan zen azken urteetan haren geriza bihurtu nintzen, eta egarri asegaitzez aditu nizkion bere gaztaroko pasadizuak. Biok genekien zezpal berekoak ginela, haren izpiritu zorrotz eta malmutzaren oinordeko zuzena ni neu nintzela. Maisealari aparta, enparauak akulatzeko zale amorratua zen. Galerazota eduki arren, bazkalondoko txokor mardoa ahoratzen zuenetan gizakumerik zoriontsuena izaten zen. Orduantxe jaurtitzen zituen bere tragazarik pozointsuenak. "Gure herri honetan, berba merkerik baino ez dago. Denak harrotzen dira euskaldunak izateaz; ba, bete-betean nago gu bezain handigura eta txotxolorik ez dagoela lurbira osoan. Zentzuzkoa ote da gure himnoa beste batzuk ereserkia esango dute aukeratzeko ere bat ez etortzea? Nora joan gaitezke halango temati-aldra batekin? Benetan diotsut, antzina erlijioagatik hiltzeko prest zeudenei barre egiten diegun legetxe, guri ere noizbait barre egingo digute, politikagatik elkarri begiak ateratzen ibiliagatik."
Biziki atsegin nuen aitita ernegatzen zenean. Bekain zarratuak gora eta behera zebilzkion dantzan eta txokorra hagin artean txiki-txiki egin behar zuela zirudien. "Begira nazionalismoa zer bihurtu zen hasten zen erasoka denak birrindu beharrean. Batzokiek agureek kartetan euren lau txakur txikiak gastatzeko eta tripazarrak okelerrez eta Errioxako ardaoaz gainez egiteko baino ez zuten balio. Ezin folklorismo merkeagorik! "Herriko etxe" deitzen ziren beste kobazulo haiek, berriz, herriko sastegi guztietan batutako gazte saskil prakestuen topagunea ziruditen. Batzokien bestaldera, han garagardoz eta kalimotxoz katutzen ziren, eta kanpora begira ukatu arren, droga kontu hori, lo-bedarra eta, han metaka egon ohi zen. Zer espero baina, sutarako ere balio ez zuen gazteria ganorabako horrengandik? Mutilek beharrerako barik kalean botata egoteko edo kristalak apurtu edo paperontziak erre bezalako balentekeriak egiteko baino ez zuten balio; neskek, euren zarpailkeria hutsean, Maria-bidetakoen itxura zuten. Zelan ez ziren ba izango espainolak nagusi? Gureak, txakur ametsak besterik ez dira!"
Ez, aititaren azken urteak ez ziren batere atseginak izan. Espainiako diktadore zaharraren aurka emaniko gaztaroa, burujabetasuna lortzearren jarritako adorea, urte askotako amets agian erromantikoegiak azukrea basobete uretan legez desagertuak ziren. Nazionalismoaren gainbehera mende honen hasierarekin batera areagotuz joan zen. Gure arteko eupada eta matrakez aida batean baliatu ziren kanpotarrak euren legea ezartzeko. Eskoletan berriro derrigortu zuten erdara, ostera ere hasi zen hegaldaka ume euskaldunen gainean zigorraren mehatxua, antzinako eraztun madarikatu haren mesprezua. Gobernuan zeudenak, izenez nazionalistak izanagatik, txingote hutsak baino ez ziren, burokrata zikinak, auskalo zenbat eskuri mun eginaren kariaz aihenbelarra laintxe euren besaulki eroso bezain usteletara aupatuak. Kirats guzti honek nire aititaren gurari eta itxaropenak zehatz ozpindu zituen. Gizon amoratu ezina epebako bihurtuz joan zen, eta azkenerako, agian adinak zornatua, sumina garaitu zitzaion, egunoro bere mamu eta gorroto ilunekin zapuzka. Eskerrak bere bizitzako azken hiruzpalau hilabeteetan, Balbea garatzean zebilkiola igarrita edo, sano berdindu zen haserrea eragiten zioten bere mamu horiekin. Amorruaren gerriko itogarria aserotu eta heriotza goxoa izateko maneatu zen. Orduan berriro etorri zitzaizkion aldran gaztaroko gomunta ahaztuxeak: Aberri Egun galerazoetara joateko arriskuak, txapelokerrekin eginiko borrokak, manifestazioetako tentsio itzel hura, "inkontrolatuak", ezkutuan eginiko ikurriña, diktadorearen heriotzaren ospatzea...
Ai aitita orain bizi izan balitz! Pozarren ikusiko zuen zelan aldatu den guztia! Sinesgaitza dirudi berak kontatuak noizbait jazo direla pentsatzeak berak... Hasteko, ETAren amaiera ikotika ospatu zuten guztiek orain erraiak ere jango lituzkete amorruaren amorruaz. Bere azken urteetan tantai ildotua besterik ez omen zen, orduko egunkariek ziotenez. Batek daki! Badirudi berez desagertu zela, denboraren poderioz: linatasiaren ostean beti dator barealdia... Gurean, irestuaren sisti-sastak sarritxoegi ez ote duen zerua urratzen beldur naiz, halan eta ere. Bakea ez da gure historiaren hiztegian ugarien agertzen izan den berba, ez horixe! Kontua da denborak harkaitzik zorrotzenak ere berdintzen dituela. Areago: armak erabili dituen oro, luzean, mito bihurtzen da. Kasurako, horra hor antzinako itsas-lapur errukibakoak, edo basoetako ohoin ospetsuak. Orain odolgose barik heroi dira guretzat, eta pelikuletan beti dira gizon marot gihartsuak, neskatila guztiak eurekin gustatuta geratzeko modukoak. Ba ETAkoekin gauza bera jazo da. Euren gomunta Santa Krutz abadearenarekin berdindu da, kasurako. Gaztetxoek eta ez hain gazteek haien gatxizenak buruz aitatzen dituzte, Athletic edo Errealaren jokalarien izenak laintxe. Hona hemen hamaikakorik entzutetsu eta txalotuena:
ZAPATONES
PELO PINCHO DIENTE PUTO PELLO EL VIEJO
KUBATI MAKARIO
TXIKIERDI MAMARRU TERNERA SANTIPOTROS ALGARROBO
Eta hau gutxi balitz, lehengo koartelilloak ere birmoldatu egin dira, ETAren museo bihurtuz.
Hantxe topa daitezke Madrilen jarritako kotxe-lehergailuen hondakin ugertuak, txapelokerren beso, hanka zein buru triska eginak, poteetan bilduak, "zulo"etan gordetzen ziren txispa eta iskilo desberdinak, militanteen artean idatzitako gutun isilpekoak, etar historikoenen ahots grabatuak, "cárcel del pueblo" deitzen ziren satabietan manejatutako kapitalisten hezurdurak... Oporretan behintzat turistaz betetzen dira koartelillo guztiak, eskuko bost atzamarrak bezain ziur baita jendeari enparauen mina dastatzea betidanik gustatu zaiola. Kanpoaldeko "TODO POR LA PATRIA" hura ere aldatu eta orain "AQUI MANDA LA E.T.A." irakurtzen da, eta Espainiako trapuaren lekuan sugea eta aizkora ikusten dira, ondino mehatxagarri...
Baina hau ez da ezer. XXI. mende honen amaieran, Euskal Herriko historiak ez dakit buruzagi handien edo auskalo zorotzat hartuko duen pertsonaia ezagutu dugu. Kontua da gure bizimodua zehatz aldatu duela. Haren lehen pausoak ezezagun samarrak diren arren, esan dezadan Sabino Arana Goiriren reenkarnazinoa dela autortzen duela. Nazionalismoaren txingar ia amatatuak behar zuen, bai, auspoketan nork egin, baina ez dakit sua izetu guran ez ote duen erreketa handiegia eragin. Jaio, 2065. urtean jaio ei zen, eta deiturak behintzat euskaldunak ditu denak, eta hori ez da meritu makala, ez horixe!
Inor erabiltzen ausartzen ez zen berba maketoak bere ezpata zorrotzaren jomuga bihurtu zuen. "Alde hemendik, hazurbaltz zikinak, lapur saskil halakoak!", esan ohi zien edozein herritako kale zein plazatan bere erretolika entzuten batzen ziren lagunei. Jakina, hainbatek barre egiten zion, ez esatekoak esaten dabilen burubako bati legez, eta behin baino sarriagotan arineketa baten egin beharko zuen ospa, haren baten, musturrak hautsiko zioten beldurrez. Halan eta ere, elkartu zitzaion, bai, jarraitzaile moltxo bat, eta euren predikuak ausartagoak egin ziren.
Salbatzaileekin ez fidatzeko eman dit beti zentzunak, herria luze edo labur trokara eroaten dute-ta. Horregatik egundo ez zait alderdira sartzen otu, makina bat lagunek lepoa erakutsi didan arren. Bateren bati damutu zaio, itxura, agurra ukatzetik berak ikusitako trapu zikin guztiak aidatzera pasatu zitzaidan eta. Horrela dakit zelan ebatzi zuen Sabino "berriak" ekintza zuzenera pasatzea. Orduko politika buruekin amaitu beharra ei zegoen. Horretarako, taldeko basatienak aukeratu eta "istripuak" antolatzeari ekin zioten. Bai, esan behar da gustu handiz, eskunarru zuri meheak jantzita legez, burutu zituztela euren asmoak. Bateko kotxe ofiziala bidetik irten eta itsasora jausten dela, besteko hango inaugurazio hartan auskalo zenbat toneladatako harritzarra argazkirako bildutakoen gainera doala... Aste batzuen buruan partidu guztietako buruak kuku eginda zeuden. Hauteskundeak ere laster izatekoak ziren, eta aukeragai bakarra bera izan zen, enparauen bidea kanposanturuntz zuzendu ostean. Azeri hutsak urten eban Sabinok...
Handik aurrerakoak bata bestearen atzetik etorri dira, orpoz orpo eta abiadura bizian. Sabino Aranaren reenkarnazinoa dela esan arren, berrehun urte arinago eraikitako ideologia berriztatu beharra zegoela ikusi zuen Sabino Arana IIak. Teknologia berrien zale amomatua, ideia zaharren menera jarri behar omen ziren asmakari guzti horiek. Alderdiaren "Jaungoikoa eta Lege Zarra" leloa aldatzekoak ere nahiko buruko min ekarri zion: lehenengo, "Konputagailua eta Lege Berria"; ondoren, "Euskal Robotak eta Odol Aratza"; hurrengo, "Euskaldun, Ordenagailudun"; geroago, "Mikrotxipa buruan, eta ibili munduan"... Hamaika holango asmatu zuen, baina batek ere ez zuen aurrera egin. Ipo zalekoa zen Sabino horraatik, ezergatik etsitzen ez dutenetakoa, batzutan epebako samarra izan arren. Eta lehendakari izanik, atoan ekin zion garbiketa etnikoari. Maketo guztiei, Eusko Jaurlaritzaren zigilu eta guzti, karta bana bialdu zien. Edukina oso adierazgarria zen: "Elija vd. su destino". Eta esaldi honen ondoan aukeragai, euren herrirako tren-txartela eta biharamoneko egunkarirako hil-txartela. Zemai honek makina bat maketori ospa eragin zion, bai, balea txoldorrenak ez bakarrik geratu: mendira jo eta bertan bizi dira ondino, mausari. Egia esan basoak azalzikinez beteta daude, eta noizean behin herrietara jaisten dira lapurretan egiten. Lankerio latza ekarri diote, bai, Sabino gixajoari! Ertzainek basoetako okoilu eta bazter guztiak arakatu arren, suge-bilbora edentsu horiek bertan diraute tint.
Sabino Arana berraragituaren asmorik preminazkoena teknologiaren baliabideak bere ideiak aurrera ateratzeko erabiltzea zenez, munduko zientzilaririk onenak ekarri eta lizardi-aldra bat eralgi zuen laborategi berriak eraikitzen. Emaitzek ondo pozik utzi dute lehendakaria, bai horixe!
Lehenengo eta bat, umeak egin egin behar zirela aldarrikatu zuen, euskaldunon galbiderik egiazkoena horixe zen eta: maketoak kuiak laintxe ugaltzen diren bitartean, guk maitasunezko poesiak egiten galtzen dugu denbora, hilelgo halakoak! Sustarretik ebagi zuen Sabinok ekandu txar hau, euskaldunok betidanik azken ehun urteak kenduta seme-alaba moltso bat ekarri izan dugu eta, batzuk etxean ezin hazi eta misinoetara edo monja bialdu behar izan ditugun arren. Hasteko, gero eta ugariagoak ziren mutilzahar zein mutxurdinak Indiako parien mailan jarri zituen, bai eta arlote, baunte, saskara, baldar, tropokila, txantxan, hordi, zingle, arranpalo, barraban, dangul, koipezto, trauskil, txorroskilo, zital, malmutz, donga, porakailo, gangar, ainenzale eta mazkelutzat jo.
Umeak metaka edukitzen dituzten bikoteak, berriz, entzute handiko bihurtzen dira, bai eta telebistan agertu ere:
Urliak eta Berendiak euren hamalaugarren umea izan berri dute. Zori onetan zeuek!
Eskerrik asko, Mari Oilasko!
Eta ze izen jarriko?
Jesus Miguel, segurutik.
Eta, ebatzi duzue zer izango den?
Ba, edo ertzain, edo bere aitaren moduan egur-txikitzailea.
Tira ba, hemen daukazue ohizko saria, ondo irabazia: honenbeste eta honenbeste lizardi, eta zakukada opari!
Umagintza kontu hau bultzatzeko Sabinok zientzilariei kea ere atera zien inkubagailuen hobekuntzan. Bai, hori onartu beharra dago, gure inkubagailuak bezalakorik ez dago inon, ezta Tetuanen ere. Umea jaioaz bat bertan sartu eta hizkuntza irakasten zaio. Hau Sabinoren politikan lehen harria da. Lehenengotan nori bere herriko euskara erakusten zitzaion, baina inkubagailuak hobetzen joan ziren ginoan, denei euskalki guztiak erakusten zaizkie. Baina hara ere gehiago: ogibidea ere aukeratu ahal da, gura izan ezkero. Eta, lehen urteetan behintzat, edonoiz sartu daiteke umea bertan, mikrouhingailuan edozer berotzeko sartzen den laintxe: gauez negarretan hasten dela? Gurasoak kanpoan zereginen bat daukatela? Inkubagailuan sartu eta kitto!
Ezin da ukatu Sabinok zer onak egin dituena. Euskaldunak baztertuta egotetik burujabe izatera igaro gara. Eta ez da gutxi. Baina, aititak esaten zidan moduan, ez dago herrien salbatzailetzakoekin fidatzerik. Haren izpiritu libre eta zorrotzaren jaubegeia naiz, haren artegatasun berdinek irardausten naute. Nork bere burua hezi behar du, gura duen bidea aukeratu. Baina hemendik lasterrera, askatasun izpirik txikiena ere galduko dugu. Laster baten erlijioa ahotik sartuko digu, euskaldun ona izateko behar beharrezkoa dela esanez. Ondoren, neologismoen kalenturak hartuko du, eta antzinako Sabino Arana haren moduan ateoari zinge, makinari eraingin, kontzientziari gotargi, birjinitateari gizkarbitasun, erlijioari lekaidetza eta munduari ludi deitu behar zaiela aginduko digu, ostantzean "doibazkatuko" eskomikatuko gaituela zemaituz. Azken baten, historia bihurtzen denean, zer geratuko da? Bakoitzak bere txarriari urdaiuntzakirik onena ateratzen jarraituko du? Kanpotarrak behin eta betiko geuretartuko ditugu? Beste ETAren bat jaioko da? Nire amama Julianak esaten zuen lez, JAUNGOIKOAK DAKI AMA BIRJINAREN BARRI...
|