Lodinowsky
1
Abertzaletasun, askatasun,
alkartasun patentea
daukaten asko ezagutuz
haiekin hitzeginez
konturatu naiz
ezer jaten ez badute
kiratsa dariela.
Elikagaia kausitzean
gauzak aldatu egiten dira
orduan zinera goaz
eta ezin diogu inori errurik egotzi
gozariko elkarrizketatik
bazkalondoko manifestazioaz
bertso afarira arte.
2
Maitatu maitatua izan gabe
zutaz idatzi
idatzia izan gabe
zer zaila izan behar den
Txinatik etortzea
eta Durangotik zabiltzala
txinoz hitzegiten
jatetxe txinar bat zabaltzeko
ez duzula baimenik jakitea.
3
Udaberria heltzear dago
horregatik ekarri dut kitarra hau
arbola honen pean kantatzeko,
ea osto mardulak hazten zaizkion
erretzeko behar ditugulako.
Baina ez gara zorabiatuko,
adimenaz jabetuko baino,
arbola honek badu eta,
zerbait gogora datorkidana:
denboraren iraupenaz
ezin daitekeela
denborarik galdu.
4
Ikas ingelesa, ikas informatika
ezkon zaitez zuriz,
bizi urdinez,
baina gertatuko ez balitz ere
adi egon!!
egunen baten baliteke zu bahitzea
baliteke biok bernro lotzea
eta orduan zin dagizut
orru handi bat entzungo dela
konturatuko baitzara mila urtez izandakoa
segundo bati dagokiola,
halere nahikoa,
heriotzaren bestekaldea ikusiko baitugu
elkarri begiratuz.
5
Lanetik botako naute,
nire tesia txapuza bat izango da,
neuk idatzitako poesiak beste batek sinatuko ditu,
emaztegaiak utziko nau.
Baina beste lanbide bat aurkituko dut, hobea
gustokoa ez izan arren.
Beste tesi bat egingo dut, bobea
gaia desatsegina izanik ere.
Beste poesia batzu idatziko ditut, hobeak
nahiz eta sekulan ez argitaratu.
Beste emaztegai bat lortuko dut, hobea
zaharragoa izanagatik.
Eta horrrela bizitzari zentzua emango diogu,
orduan konturatuko gara
egindakoak merezi izan duela
zer nahi den ere.
6
Zuen koadrillakoa izan nahi dut,
barikua kartetan emango dugu
eta gero mozkortuko gara,
zapatuero afaria txokoan
eta ahal izanez gero larrua jo ere,
domekan, bernz, zinera edo futbolera.
Zuen koadrillan ere barikuan mozkortu
eta domeka arte murgilduta egon daiteke
gero astebarruan lanera bagoaz ere.
Baina zuen koadrillan
poemak egin daitezke,
kiroletan aritu
eta borrokalaria izan.
Ez da inor harrituko.
7
Lainotu zen ortzea
poesia hau idazteko ordu erdiz
eta euria hasi zuen orduan,
gero agure hari zapatilak busti zitzaizkion
ez baitziren markakoak ez modakoak.
Baina ez zen horren ardura
ardoa edateko bazeukan nahikoa,
lasai zegoen,
irakurtzen ari zen nobelako orrialdea
ez zelako inparea.
Eta horrek zorte ona ekarri dio
badakielako hor nonbait ez daukatela
ardorik edateko
ez nobelak irakurtzeko
ez markakoak ez diren zapatilarik bustitzeko.
8
Inesiboa
estilizazio era bat da
hura erabiliz azalpen ugari
ekiditen dira
horregaitik jakin izan dugu
heldu zarenean
sapaian
narrutan
izan zinela atzo zortzietan.
9
Maitale igo hadi
maitearen bila
eta lapurtu iezaiok bere hobezintasuna
baina kontu handiz
ez baita bibolin musikaz asaldatzen.
10
Maite dugu udazkena
gaztainen puzkar usaintsuak,
mazusten txistukada moreak,
nikaloen gernu laranjak,
gibelaren azalia,
eta barre egiteko
muker, uzkur, elur eta mudurrien
jautsapenak.
11
Abionetatik bota nuen
propaganda guztia
Pasaiako itsasontzia
desleitu banu bezala
Elorrioko tabernako neskatila
begietsiz.
Iurretarraren esanetan:
txikle freskoa aintzat hartu gabe
bihotz hatsari helduz.
12
Egia da edozein gauza
edozein gizaki
maite ahal dudala.
Horregaitik
ohe ertzak zure atzamarrak
harrapatu zituenean
maite izan nuen
ur oxigenatua
merkromina
tiritak eta
solegitu nahi ninduten
hitz haiek ere.
13
Garasta itzazu
makotu ezin denaren
behatzetako atzazkalak
orkestra emanaldiko
tarteko eztulak
oporretan joateko
ez dituzun gogoak
eta agian maitasun sastrakak
haziko zaizkizu.
Lankerioen malkoak
erabili dituzulako
inor baino azkarragoa
nahi izateagatik.
14
Bihotzak krask egin dizu
eta beharbada
ez zait asko inporta
zimentarrizko euria
ari du orain
eta ni frontoiko zolu ondoan
naukazu
nola lehertzen diren
ikusten, ikusten, ikusten.
15
Aitziberri
Ai munduaren atalaseko
haragi hezigaitzaren
amarrugabeko neska
estupidoa!!!
Eros itzan
Txinako zeta guztiak
jakin gabe zertarako.
|