L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Kuttuna

 

Eusebiren semea

 

Zelan jakin nezakeen orduan ez zintudala inoiz ahaztuko?

        Zelan ez zenituen oihaneko atabalak entzun, gaua eta egunaren tartean?

        Oharkabean azaldu ziren nire bizitzan, laino tartean, gangster-filmeetako gaizkileak bapatean azaldu ohi diren tankera berean.

        Zelan ez zenuen hartu Ameriketara zihoan baporea?

        Gorputzez eta arimaz desiratu izan zintudan denbora luze, amaigabe hartan. Baina esaidazu, maitea, zelan aurkitu ninduzun, munduan bizi diren sei mila milioi jendeen artean?

        Eta zelan ez zenuen jakin gau hartan, nire odola zeure zainetan barrena hedatuko zela ilargi betearen bedeinkapenaz?

        Ez zaitut inoiz abandonatuko patu beltzaren ur lasterretan. Ez izan beldur, laztana.

        Alabaina, zelan ez zenituen ikusi piztuta kandelak?

        Hobe, ispiluaz bestaldean galdu izan bazina!

        Hobe, nire katu beltzarengan reenkarnatu izan bazina!

        Orain beranduegi da, ordea...

        Zelan ez zenuen ikusi ilargia gorritzen ari zela, sakrifizio-oiloaren odol beroaz?

        Dantzan ikusi zintudan orrazia galdu nuen egunean. Geroztik ez dut jakin buruko ideiak eta asmoak behar bezala apaintzen eta antolatzen.

        Zelan ez zinen konturatu, nik neuk ere ezagut nezakeela zazpi zapien dantza?

        Eta zelan ez zenuen garrasi egin mahai haren gainean, neure esku soilez bihotza bularretik erauzi nizunean? Benetan ez zinen ikaratu bihotza irentsi nizun gau diaboliko hartan?

        Gordeta daukat hemen zure arima, botila zuri honetan katibu. Askatu egingo dut agian, egunen batean.

        Zelan lortuko nuke bestela, maita nazazun?

        Esaidazu, kuttuna, zelan susma zenezakeen orduan ez zintudala inoiz amodio-sareetan harrapatuko?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.