Harrotasuna galdu zuen hitza
Xu
Zer esango dizut nik, bada, esan ez denik?
Hara, badakit...
badakit badela jende arrunta,
Alberto auto-mekanikoa bezalakoa,
gizona baino gehiago gizonmodukoa dela dioena,
ez duena maitasunaz gogoeta egiten
eta bere emazte gizen,
zurrumurruzalea, maite duena.
Badakit badela jende berezia
filosofoak, sasifilosofoak,
irrati lokutoreak...
maitasunaz etengabe hausnarrean dabilena,
eta maite dituena:
katu siames bat, iraultza koloretsuak
edo neska gihartsu hura
gogorarazten dioten kantuak.
Badakit, orobat,
hitzik kakaztuena den hori
ahoan kendu gabe darabilten zorri
zuri, zital, mozorrotu asko
ez direla gauza,
ezta hurrik eman ere,
aldamenean daukatenarekiko ezer
egiazkorik sentitzeko,
baldin eta aldamenekoak
eskumaldean zero batzuk ez badaroaz.
Eta badakit hitz zuriena den hori baino
hitz gorriago, beltzago eta handiagoekin
burua irakitan duten hiritar,
zergadun eta demokrata askok,
eta antifilosofo eta postfilosofok,
ez dutela sekula maite izan,
sekula ere ez,
sikeran zuhaitz bat,
haitz bat,
laino bat.
Bada, ezagutzen ditut bi begi itsu
zeinen begiratuak
norberaren burua ezerezaren kontra
zapuzten bait du,
eztanda dardaratsu batean;
eta ezpain labankor gazi-gozo batzu,
ahultasunaren trebezia guztiarekin,
mila korapilotan lotzen zaituztenak;
eta tenperatura, uhin atsegin ondulatutan,
urtzen duten haragi mordo urtenbeharrez daudenak.
Horregatik,
ez bai ez
ez,
ez daukat maitasunaz esatekorik,
idazki labankor hauxe ez bada.
Jardun zeu
maitasunaz
maitasunari buruz
eta maitasunaren gainean
nahi baduzu
nik badakit nore gainean
(eta azpian)
jardun eta.
|