L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txortan aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txortan-1 (1984-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Kapitain ahantziaren azken abentura

 

Felipe

 

Sarritan entsaiatutako mogimenduak dira, badakizu jadanik, aspaldidanik ongitxo ikasitakoak, ezagunak, baina gaur zuretzat esanahi ezberdinehoak; horregatik uzten duzu zeure gorputza aske eta bere jabe, sortzen denaren zai geratzen zarela, mekanikotasunean fidatuz.

        Jira hau hastea erabaki zenuenean gogoratzen duzu egunkarien harridura eta izenburuen tamaina neurtua: BING KAPITAINA ERRETIRATZEN DA, eta managerraren haserrea eta gogorkeria: "Ez zaude burutik ondo, oraintxe duzu aberasteko parada". Eta geroxeago etorri ziren elkarizketak, irratsaioak, telebistako agerpenak. "Nolatan erretiratzen zara?" fideltasuna adierazi nahi duten lagunen galdera, eta zure ordaina betiko leloak, zuretzat ezezik, besteentzat ere balio ez duten aitxaki motelak, zeure ezinaren ezina estaltzeko hitzen sapaia.

        Badira lau urte edo zure mundua, baleena bezala, hiltzorian zegoela konprenitu zenuela, helmuga ezagun batetara iristen ari zela. Aldatuz zihoan mundua; ohartu zinen atzekoak indartsu agertzen ari zirela, rockero zarrak sekula hiltzen ez zirela abesti bat besterik ez zela eta berauei ere ordua iristen zaiela ikasi zenuen.

        Hil ala biziko arazoa balitz bezala hasi zinen jira prestatzen. Joango zinen musikatik baina inoiz burua makurtu ez duen jeneralaren gisa, ohore guztiz. Haseran herri txikietan eta azkenean zeurean, beti ondoan egon den jendearen aurrean.

        Herri txikietan arrakasta handia eduki zenuen. Jendeak zu bezalako rock-star, musikako munstro bat ikusteko eta entzuteko azken aukera zela jakin zuenean, harrapaladan joan zitzaizun zuri. Ez zinen gehiegi esfortzatu, azken urteotako kantu entzunak, zure abeslari fama lau haizetara eraman zutenak; ezpainetan irabazle atera denak eduki ohi duen zaporearen hondakina zenuen, gustora, eztitan egon zinen.

        Eta iritsi zen zure herrian abesteko okasioa eta hor zaude zure jarraitzaileen aurrean, kontzertu guztietako piztiak. Ikusten dituzu, baita ere, aurrea hartu dizuten gazteak, noizbait zu gaztea izan zinen bezala jazten direnak, maisuaren azken demostrazioa ikusmiratzeko, jainkoaren ospea duenari merezi duen omenaldia eskaintzekotan etorriak.

        Denen aurrean mogi eta mogi, dantza eta dantza ari zara,aspaldi batean mundu guztiaren ahoak xuxurlatutako tertziopeñozko abestia jotzen hasi da taldea, giroa betetzearren. Azkenerako ari zara prestatzen eta musika gero eta gogorrago, ozenago iruditzen zaizu eta batera eta bestara mogitzen segitzen duzu, musikaren doinua lehen baino gogorrago den bitartean; mila trumoiren hotsa dirudi. Jendeari zuzentzen dizkiozu zure begiratuak; harriturik zaude, geldi-geldirik daudelako, musikaren eragina hutsaren hurrengoa delako, eta ez zenuen espero. Musikaren azken pisua aprobetxatuz abesten saiatzen zara baina ezin duzu; etsi behar duzu. Ezin duzu abestu eta ez dakizu zergaitik. Publikoa eta zure artean isiltasun hari bat zabaltzen da eta puskatzeko bildur zara. Bigarren saioa eta orroe zorrotz bat besterik ez, animaliek bezalakoxea. Gero eta soinu leunago entzuten da, azkenean isiltasuna nonahi. Orduan gogoratzen duzu liburu batean irakurritakoa. Kapitan bat munduari buelta eman nahi izan ziola, abentureroa zelako eta bere abentura munduan zehar egindakoen gainetik agertua izateagatik. Nonbait galdu egin zen eta ez da inor berataz oroitzen. Harrez gero kapitain ahantzia izan zen.

        Isiltasuna krudelki apurtu da. Jendea zutik, alde agiten hasi da. Ez du inork kapitain ahantziez gogoratu nahi izaten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.