Alferrik ari haiz, Bonifazio
jl-x-63
Edifizioak oro ari ziren burrunbaz erortzen eta Bonifaziok ez zakien zar egin, nora joan. Hogeitahamar pisu baino gehiagoko edifizioak ere behera zetozen eta harrizko bloke handi batzuk jo zuten Bonifazio, bere gorputz itzela odolezko errekatxo ttipiz josi ziotelarik. Mina, bai, gogor samarra zen, baina nahasketa hura eta irtenbiderik eza ezin zuen jasan. Hiri hark ez zuela azkenik zirudien eta Bonifaziok edifizioak erortzen eta erortzen ikusten zituen etengabe. Hiritarren hilotzak apenas ikusi ahal ziren, harrizko bloke piloek estaltzen bait zituzten. Bonifazioren arpegian nekea, ezinegona, harridura eta beldurra nahasten ziren. Une batzutan alderdi guztietara begiratuta, ez zetorrela edifiziorik bera gainera konturatzen zen eta bere esku lakarrekin belarriak esteltzen zituen zarata ikaragarria hura ez aditzearren, begien barnean niniak batetik bestera zerabiltzalarik, urduri... Berriro ere edifizioren bat gainera zetorkiola ikusten zuen arte.
"Noiz bukatu ote behar du infernu honek?" galdetzen zuen barrurako Bonifaziok. Ez zuen ezer ulertzen, ez zekien zergatik erortzen ziren edifizioak, edifizioak zer ziren ere ez; soilik noizbehinka ikusi ahal zituen hilotzak ere ez zekien oso garbi zer ziren, baina pena eta beldurra nahasten zitzaizkion haiek ikusterakoan.
Halako batetan, hogei inguru pisuko edifizio batek bete betean harrapatu zion burua Bonifaziori, eta une batez ibilgeturik geratu zen, esku lakarrekin burua gogor estutzen zuelarik; arpegian mina nabaritzen zitzaion, espresio latz batetan isladaturik. Baina laster jaiki ahal izan zen, eta gainera zetozkion edifizioei ahal bezala txiri eginez, norabiderik gabe ibiltzen hasi zen, azkenik ikusten ez zitzaion infernu hartatik aldegiteko asmo itsuak bultzatuta.
Harrapatuta hago Bonifazio... Falta zitzaiana,... orain pisagura ...akabau! Alferrik ari haiz, alferrik Bonifazio, ez duk irtenbiderik... mundu guztia burrunbaz etengabe erortzen eta erortzen ari diren edifizioaz osatutako hiri amaigabea duk. Eta bakarrik erraldoi idiotak iraun ahal duzue bizirik.
|