Uztailaren atarian iritsi zaigu ekaineko Vladimir. Izan ere azterketak amaitu orduko herriko festak heldu zaizkigu eta hauen ondoren urteroko biharamun luze bezain gogorra. Egunotan, beraz, ez dugu ezer idatzi eta idatzi dugun apurra maketatu eta zuei bost durotan saltzeko ez dugu astirik izan (Ertzaintzak gure brigadetako atxilotuei atzemandako agirietan topatu duenez, ordea, egia guztia zigiluak aurreztu eta bazkideei ekaineko eta uztaileko aleak batera bidaltzeko egin omen dugu hau guztia).
Ulertuko duzue. Gure finantziazio sarea ez dago bere onenetan (herriko festak igaro berriak direlako diogu). Dena dela, hemen da Vladimir berria. Ekaina. Azterketak. Geografian Gernikatik Lizartzarako distantzia besterik ez dugu ezagutu. Inaxi izeneko aberriak gogoan. Matematikan, beti bezala, suspentsoa. Hamaika bata eta hogeita zazpi zulo. Formulak ez ditugu oraindik ulertzen. Badakizue, bertsio ofizialik sinesten ez duen herri batekoak gara.
|