Donibane gaueko suak
Joseba Sarrionandia
Irratian entzun Joseph Losey hil egin dela Londresen, Michel Foucault psikiatrikora sartu dutela Parisen, Isidro Garaialde detenitu egin dutela Miarritzen, eta badirudi guzi hori beste mundu batetan gertatu dela, hemengoa ez den beste oskorriren baten azpian.
Lekoreko gauzekin, hurrineko gertaerekin eta iraganeko oroitzapenekin, erlazio geroago eta lausoagoa dugu.
Iluntzean, egunaren azken gorritasunak urdindu eta ubeltzen direnean, leihora agertu, lagunekin leihorik leiho solas egiteko, Mitxelekin gaur kartarik ez dela batere ailegatu, Xabierrekin Oiartzungo bertsolarien gainean, Ixidrorekin bestaldeko lagunetaz.
Gaua abaildu denean bateren batek kazeta paperei sua eman eta leihotik patiora erortzen utzi ditu, haize zalantzatan dira erortzen, gero lurrean soseguz kiskaltzen, eta amatatzerakoan ez dira errauts beltzak besterik, haizeak daramana.
Kantatzeko gogoa, baina kantu zahar hura oroitu ezin. Sua bakarrik da hurrinekoarekin eta behialakoarekin lokarri, sua beti berbera delako.
Lehen kazeta patioan itzali direnerako, paper gehiago erori dira, bete leihoetatik, suak harturik. Paper errez argitu da patioa.
Batbatean, funtzionarioak agertu dira beren leihoan, goardia zibilak ere agertu dira, kasko eta enparauak janzten.
Gartzela erre nahi dugula uste dute, agian. Gurea ez zen hori.
(ekainak 23)
in Ni ez naiz hemengoa, Pamiela, 1985
|