L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-1 (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Telematikazko sendagilea

 

Txomin Peillen

 

Ez dakit, sendagileak urritu direlakotz ala —mihingaixtoek dioten legez— aparailu saltzeko, baina gure hirian, espezialista baten kontsulta edukitzeko telematikaz deitu behar dugu. Hain zuzen, aspaldixkan, holako ikerketa baten beharra senditzen nuen. Ez naiz aurrerabidearen etsai horietatik: gizonak asmatu tresna guziez baliatzen naiz, horien ukatzea aberekeriara itzultzea litzateke.

        Orain telefonokinaren gurpilean zenbakia egiten ari naiz. Azpian, hirur argi bizten dira: bata berde argitu da, zenbakia egina dela, beste biak gorri, medikua beste norbaitekin hitz egiten ari delako seinalea. Minutuka ordaindu behar baita, bi minutuzko merkeena hautatu dut eta beste bi argi gorriak berdetu direnean, telefonoadarra altxatu:

        — Zer nahi duzu? Dio ahotsak.

        — Ba dakit zer dudan, baina ez dakit zer egin.

        — Hori ez da erantzuna. Hasbideen eta birien espezialista naiz. Zuk baino hobeki jakinen dut zer duzun. Ez denborarik gal... Zer adin duzu?

        — Berrogeita zazpi.

        — Zenbat kilo?

        — Berrogei kilo, baina...

        — Ez da baina-rik. Meharregi zara. Gizendu beharko zaizu. Ondoko errezeta hau farmaziari bidaliko dut, zure izenean. Zein da?

        — Pero da Arraultzegaitz.

        — Goizero, baraurik Loditina, lau pastila, gero Haroskorbutina, bi bonbillatxo. Arratsean, Talazomida, bi kanika. Egunean birritan Hevitina indizioa. Apairu bakoitzean, Stratomizina lau gelula. Zer duzu gehiago?

        — Arnasa nekez hartzen dut... hatsolbatzen naiz.

        — Egizu egunero hamar kilometro oinez eta erremedio horiek har: Kafefilina bi pastila goizean, eguerditan eta arratsean. Bronkofilina bi bonbillatxo, ohera joan gabe. Honekin bi minutuak joanak dira, zure bankuko kontuan zor didazuna hartuko dizut. Agur.

        Telefonokinean hiru argiak gorri jartzen dira. Zergatik berrogei kilo pisu ez dit esatera utzi, ez eta esan nola oinez hamar kilometro eginen dudan, sortzez... zangomotza naiz eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.