Biologilari handia naiz...
Txomin Peillen
Ikasle maiteak..., luzapenik gabe hona asmatu dudan tramankulu berria... Lurreko aldetik zartagain baten itxura dauka, baina mahanga luzearekin. Honekin, kathodo-lanparen alderantzikoa kausitu dut: hark elektrizitatearen elektronak, argiaren foton bihurtzen baldin baditu, nik itzultzeko bide erabiltzen. Naski, teknikalari batzuk foto-argitasuna neurtzeko tresnak egin dituzte..., nirea, ordea, foto-fosforgintzaren fotonak ezagutzekoa da. Ikasberri zarete eta zuen begietan ageri ba dakizuela norat goazen.
Zuk adibidez, ba al dakizu fosforoa non aurkitzen den?
Supiztekotan, pospoluetan, jauna.
Ametsetan zabiltz, hemen biologia-irakaspena da. Eta zuk, Pettan, ba al dakizu zerbait?
Bai, hilerrietan gauaz ikusten diren iratxoargiak fosforua dela diote, irakasle jauna.
Egia da, eta nire asmapenaren balorea ulertu urran duzu.
Ikasle maiteak, egin dudan tramankuluak lurrazpian gordeta dauden gorpezur, hezur eta haginen izatea salatzen du: hezurrak baitu fosforua halaxe galtzen. Honekin ez da gaua eta gas-jalgipena itxaron egin beharrik hezurren lekua aurkitzeko... Ixilik zaudete. Proba batzuen zain zaudete? Hona, mahaian honen gainean, halaxe aurkitu dudan hezurra..., parkeko intxaurrondoaren itzalean hatzeman dut.
Hezur honi begira..., izterezurra da. Honekin dena erranik dela uste baduzue ez dakizue Cuvier-ek asmatu ikerbidearen berri. Hezur hau mintzaraziko dut, hitz eginen digu.
Lehenik eta lehenbizikoz itsu batek ere esan lezake hezur honen jabea, arra dela, gizasemea dela, zeren eskua gainetik iragaitean, atzean hezurradar batzu senditzen baitira... Neska, andere, hots, gizalaba baten hezurra borobilago litzateke. Bigarrenik hezurradar, apofisis horiek giharrearen lotguneak dira, beraz horiek ikusita, giharretsua ala argala zenez jendea kausi nezake. Bi ikuspegi horiek sakonduz eta izterzurraren luzera kontuetan harturik, gizaseme argala zela, baietz egin nezake.
Hirugarrenak, hezurren bi buruen muga marra hori ikusten duzue... hori da hazikurruska; horrek gure jendeak ez zuela bere hezurraztea burutu salatzen digu, beraz mutikoa zen, nonbait hamabi-hamalau urteetakoa..., kurruskaren eta hezurren luzearen arauera.
Laugarrenik, hezurra makurtua, okertua bezala baita, giharrez bezainbeste hezurrez argala zela aitortu behar, bere adina kontuetan harturik ere, errakitikoa zen.
Hitzaldi luze han bukatzean da sartu Unibertsitateko Lehendakaria, besoak airean, bere kexu berehala jakin dugu.
Nork profanatu eta bere zulotik atera du duela hogei urte hil eta hor lurperatu genuen gure... zakur maitearen hezurrik?
|