L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-1 (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Edward Spencer Dodgson (1857 — 1922)

 

        Edward Dodgson 1857an jaio zen eta 1922an hil zen, Ingalaterran. Bi anaia izan ziren: Charles Lutwidge Dodgson eta Edward Spencer Dodgson. Biak ilun, apez, puritano eta malenkoniatsu. Charles Lutwidge iheskorra zen eta "Lewis Carroll" hartu zuen izenordetzat: neskatoak laket zitzaizkion. Bigarrenak, Edward-ek, bere ansia gehienaren loria ezkutuaz bekaizti, izenorde ospetsu eta farregarriak erabili zituen: "Heuscarologus anglicanus" eta "Palamedes", mutikoak maite zituen.

        Carroll argazkilari famatua izan zen, matematika eroen, logika sinbolikoen, ipuin eta nobela ahantziezinen sortzailea: Alicia, Snark, Silvia, Bruno eta abar. Beranduago, zein argazkilari maliziatia zen deskubritu zuten.

        Edwin, bertzea baino gazteagoa, apez gisa aritu zen Arjentinako hegoaldean, Tristan d'Acunha izeneko irlan. Bere larogei elizkide nahiko bakarturik zeudelakoan El Cabo edo Australiara eramaten saiatu zen. Hori lortu nahian ahal zuen guztia egin zuen: jo bulego baterat, jo besterat (Sir George Baden-Powell-engana, bertzeren artean); dena dela larogei elizkideek hantxe bertan jarraitu zuten bere bizi oroz, baina gertakizun honek garbi erakusten digu Dogsonen nortasuna, bi anaiak berdintsuak baitziren, haien obsesioak, bidaiazaletasuna eta beren asmoen inkoherentzia.

        Behar bada etsiturik ez zuelako nahi zuena lortu beste lan titaniko batetan jarri zituen bere indar guztiak. Batzuek mitxeletak edo filmografiak biltzen dituzten moduan, beste batzuk bizitzak eta kausa galduak hasten dira salbatzen. Edwin-ek euskaraz ikasi eta hizkuntza honetaz ikertu zuen hainbat lan bera hil baino lehenago desagertuko zela euskara pentsatzen baitzuen, liburu zaharrak birrargitaratu zituen, itzuli, entseguak argitaratu, euskal jakintsuen adiskidetasuna mantendu zuen eta zoritxarrez, bekatu egin zuen seigarren manamenduaren kontra Durangon. Karlista printzipal batek lagundu zuen auzi desohoregarri batetik irteten.

        1886-tik hasi eta hil zen arte (1922an) ez zion utzi euskara ikaste horri. Eta sarritan gainera egin zituen euskal probintzietan aintzinako liburuak bilatzen eta aztertzen, bertako jendearekin ahozko euskara lantzen, inongo euskaltzaleekin harremanetan gutunen bitartez, liburutegi ugari bisitatuz, eta abar.

        Dodgson, izatez, nahiko bitxi eta arraroa izan. Nortasun berezi baten jabe zelarik, arras maniatiko eta aldakorra. Euskaltzale guztien aurka jarri zen, iseka egiten zien eta iraindu askotan. Edonori postal eta gutunak igortzea zuen keriarik haundienetakoa. Urkixok erraten digunez askotan Dodgson-ek bidaltzen omen zion goizean karta bat irain eta laidoez josita eta arratsaldean bestea guztiz normala, xamurra, mesede bat eskatzen, goizekoa beste norbaitek igorri izan balio bezala. Jarraikitzeko keria eta aluzinapen asko izaten zuen, Amabirjinak hitz egiten omen zion berak erraten zuenez, eta bere gutunetan holako erranerak sartzen zituen: "Euskalzaletasuna martirioa da, eta euskaldunak adiskideen borreroak".

        Van Eys eta d'Abbadie alu batzuk besterik ez zirela erraten zuen Dodgson-ek, eta Webster iruzurti handi bat. Baina izan zezakeen gorrotorik haundiena Azkuerentzat zen; karta baten bukaera honela azpimarratzen zuen: "Azkueren arerioa", "hil bedi askuenzea" bertze batetan. Eta Dodgsonek berak euskaratuak ditugu honoko bertso hauk:

                        "Heuskararen

                        askena

                        izango da

                        askuena"

        Burutik askotan oso ongi ez egon arren, lan haundi eta onuragarria egin zuen. Ia ezinezkoa da haren lana laburtzea, argitarapen piloa dauka nonnahi ingelesez, frantsesez, espainolez, euskaraz, edo lau hizkuntzetaz batera izugarrizko erudizioa azaltzen digularik.

        Guztiau oraindik harrigarriagoa kontutan hartzen badugu familiak pasatzen zion mantenu ttipi batez bizi zela. Liburu asko berrinprimatu zituen: Capanagaren "Dotrinea"; Cardaveraz-en "Eusqueraren berri onac", eta "Christinau doctrinea"; Micoleta-ren "Modo breve de aprender la lengua Vizcayna"; Mendiburu-ren" "Desusen bihotzaren devocioa"; Ochoa de Arin-en "Ordiziako doctrina christiana"; Bartolome de Santa Teresa-ren "Euscal-errijetako olgueeta" eta Leiçarraga-ren "Testamentu berria". Honi buruz esan behar da Leizarragak erabiltzen duen aditzaren azterketa sakona egin zuela Dodgson-ek, eta baita beste euskal idazle batzurena ere. Euskal herri guztitik zehar ibili zen liburuen bila eta bere "supplement à la Bibliograpfie basque de Vinson" begiratuz ikusiko dugu oso jantzia zegoela eta asko zekiela euskal bibiografiari buruz ere. Bere ibilalditan problema eta nahigabe nahiko izan zituen euskalzale ingeles honek. 1898an Goardia Zivil-ak atxilotu eta kartzelatu egin zuen. Anarkista famatu baten antza zeukalako harrapatu zuen, iduriz.

        Leloren kantua, Etxepareri buruzko lan bat, Tartas-en "Onsa hilceco bidia" (Urkixorekin batera) eta hainbat eta hainbat lan gehiago argitaratu zituen.

        Kanpotarra izateko ondo menderatzen zuen hizkuntza, beste inork baino hobeto, ongi zekizkien euskalkiak, bizkaiera batik bat. John Byron-ek egin zuen poema 1737an Dodgson-ek itzuli zuen XVI mendeko euskara jarraituz:

 

 

Egumberriko canticobat

 

               I

Iratzar o Christinoak!

agur egitara

arthatse dohatsuari,

zeinetan iayo tzen

gizonen Sendatzailea!

Iaiki! Adora dezagun

Amorio estalia, goitik Aingeru-multzoek

cantatu ukan tzutena!

Hayenganik hassi baitziraden

berri bozcariodunak,

Iainko gizontuaz,

ta Virginaren Semeaz! (bis).

 

               II

Orduan begira tzeuden

artzainey baitzayen

erran; zeinak entzun tzuten

Aingeruen boza.

"Huna! igorri nau iaunak!

Salbadore sortu batez

berri ona dakartzuet,

zure (zeru?) eta lur orotan

diraden gizon guzien:

egun complitu baitu Iainkoak

hitz emana: egun iayo da Salbadore bat

Zein baita Christ Iauna bera! (bis).

 

               III

Hark erran eta lagunek,

Zerutik bathurik,

ozengi ta bozcarioz

cantatzen tziezen,

redemi tzituenaren

Amorioa laudatzen

cantico ez ezagunaz;

Zeru bazter guziari

Halleluyek zeraunsaten.

Gorenetan dagoen Iaunaren

gloriaz baitzen cantua:

"Bakea lurrean,

eta borondate ona! (bis).

 

               IV

Betlehemera artzainek

laster egin tzuten

argiturik berehala,

Iaunak gizonentzat

eginaren ikustera!

Eriden tzuten Iosephe,

Virgin dohainsuarekin,

Semecho Salbadorea

mangederan lo zetzala!

Gero itzulirik arthalderat

alegara baitziraden;

Iaunaren gloriaz

errtzen tzaizte bihotzak! (bis).

 

               V

Erabil dezagun gogoz

galdu tzen gizona

salbatu tzuen Iaunaren

dohain-ontassuna!

Gure galtzea redemi

tzuen humechoa bilha

dugula, bethi aurrera

goazen hatzen ondoan,

mangedera behartsurik

Crutze bahazunez betherano;

Haren gratiaz lagunduz

gizona Zeruko

bere statura daiteno! (bis).

 

               VI

Hala Aingeru-Cortean,

speranza daiteke,

redemiturik, garaitaz

canta dezagun guk!

Gu guzion inguruan

argira duke gloria

Besta hunetan Iayoak!

Gero salbatu izanik

Haren bihotz-onhesteaz,

canta behar baitukehu gueurok,

eta askentze gaberik:

"Zeru-Erregeri

bethiko laudorioa!" (bis).

 

        Dodgsonek, bere lan eta ikerketak aparte utziz, egin zituen kreazio lanak ere, euskal poemak. Edozein gai hartzen zuen poema bat sortzeko euskaraz: Aitasantuari, Espainiako subiranoei, Emile Hübner iberiarzalearen zakurrari egindako bertsoak baditu, edo eta 1910an Elche-ko Damari eskainitako bertso hauk:

                Heuscara! Oi buru maitea!

                Nehork ohortzi baitzaitu lurpean,

                zu begiratzeko, anhitz ederra!

                Goratu zaite Parisen artean!

                Heuscara! Ay hizkuntz maitea!

                Askok lurperat nahi zinduketen.

                Alabaina gero zare, phiztua,

                bihotz-garaile betiko izanen!

Biarritz, 24 December 1901
E. S. DODGSON

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.