Kadentasuna
Andolin Eguzkitza
Aurreko astelehenean izan zen. Adiskide bat etorri zitzaidan, adiskide min bat, Allande, zeharkalean bizi dena. Oso mutil jatorra da. Jota zegoen, eta egia esan, jota utzi ninduen tristeziaz arrakaldua, ihartu orduko fruituak geratzen diren bezala larrazkenaren hastapenetan. Goibeltasunez leher eginda etorri zitzaidan. Aurpegian igartzen zitzaion, halakoa baita bera, ezin dezake deus ezkuta.
Hi, hirekin berba egin gura ziat, esan zidan.
Ederto, hik esan!, erantzun nion kezkaturik.
Oso adiskide dut bera, oraino gainera ez dit inoiz potorik egin, eta espero dudanez ez dit eginen. Gorputz garaiko gizona da, beraren bihotza bezalakoa, sendoa, ile laburreko eta gehienetan irripar batez ahoan. Nigana etorri zenean, baina, begiak erdi lausoturik zeuzkan, ahoa irriparrik gabeko eta sudur eta masailak, aurpegi guzia, apur bat beherantz, lurrari begira, lotsakizunez bezala, malenkonia adierazten den modu berezi hori hazpegietan markatuta.
Herriko neskatxa bat maite duela esan zidan. Nik neuk ere ezagutzen dudan neska bat, liraina eta jendekilakotasun handikoa, txikitan gurekin ibiltzen zen neska bat da; askotan etxaurrean ibiltzen ginen jolasean, bera, Allande, ni eta neskatxaren neba bat. Orain engoiti ez da lehengo neskato polita bakarrik, gaztankoloreko neska ederra baizik, adats fin eta leunekoa, ez lar-ez eta apurregi gorputzez, oso neska ederra. Hori esan zidan, Andere maite zuela; orain arte beti egon dela bakarrik, eta ez duela oraino maiterik eduki eta neska hori guztiz duela beharrezko. Dardaraka zegoen, eta bateon bati behar zion hori guztiori jaulki. Nigarrez hasi zen, nigar-zotinka ezin arnasa hartuz.
Egon hadi lasai!, esan nion besterik ezean ataka estu hartan.
Andere maite ziat ordea, errepikatu zidan.
Eta zein eragozpen dago horretarako, hitz egin duk berarekin?
Baietz esan zidan, berba egina zela, gostarik ere egina zela. Neskak baina ezetz ihardetsi omen ziola. Allandek ziostanez, neskak beste lagun bat omen du. Izan ere ez zekien segurtik beste mutil bat zeukakeenik, neskak, jakina, deus ez baitzion esan.
Gaua zen, arratseko zortziak. Etxera etorri zitzaidan bila. Bakarrik nengoen heldu zenean, neure lantxo bat gertutzen ari; barkamena eskatu zidan. Nahiko larri nengoen ni ere, idazten ari nintzen kontua biharamonean emateko bainuen. Halaz ere ezin ukan nion ezetzik erran, hain baitzen haren kadentasun eta ezinegonaren handia. Nigarrez hasi zen ezinaren ezinaz.
Azkenean kafe bat edan eta gero, bi ordu luze egon zela nirekin, bere burua azazkaturik alde egin zuen. Arrats tristea izan zen hura, maitasunez tristea.
Nire gogoetan murgilduta utzi ninduen; bera joana zelarik zein nintzen bakar berehala konturatu bainintzen, ene gogoetan libre eta beldurrez utzi ninduelarik. Heltzerakoan behingoan igarri nion. Betiko legez urrats zaratatsuez zetorren, eskilaretatik gora igartzeko modukoak. Parada hartan, baina, zarata ez zen hain gora, nahiz eta haren zapaltzeko molde berezi hori ezagutzeko bestekoa gertatzen zen. Joaterakoan gauza bera izan zen, apur bat hobeto, nolaz uzten ninduen ez zekikeelako segur asko. Nik neuk ere urtebete lehenago halako esperientzia bat igaroa nintzen eta denbora hartako gogo ilun berak berriro hartu ninduen. Nik ere niretzat izateko izan ez zen neskatxa bat maite izan nuen, eta harrezkero hor nenbilen lanaren lanaz baina guztiz bakar. Ezin ukan nuen gero lanagaz jarraitu. Hamar t'erdietan gauzok utzi nituen eta ohera sartu nintzen, agian beste egun hobe baten itxaropenaz eta nigarrari ni ere ezin eutsiz nengoela. Oso gau tristea izan zen hura, oso triste.
|