L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-1 (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Bakea

 

Andolin Eguzkitza

 

Joan den udako Agorrilaren amaierako arratsalde batetan bakea ezagutu nuen. Ustekabean agitu zen, lagun batzuekin joan bainintzen afaltzera beren arteko baten adiskideengana. Eta bakea zer den ikusi nuen, nolaz etxe narotasuna zen nagusi hauteman nuen, senditu egin nuen haien zoriontasuna, haien lasaitasun bakartia, etxe hartako ekurutasun erakarkorra, bisita hura itzala antzo gertatu zitzaidan udaren erdiko egun bero hartan. Ordoki luze batetan kokaturik, etxea egurrezkoa zen, handi, zabal, eskerga esanen nuke, artatzean artean jarririk eta berrehun metro harantzago garagartza ikaragarri bat zuela lagun; uhatzean, pinudi bat ezkerraldean eta urkitza txipi bat eskumaldekoan. Arratseko eguzkiprintzek soroen berdetasuna distiratsu egiten zuten, distiratsu eta horixka ilunabarraren heltzearekin. Eta eguerdian oso bero izan zelarik ere, epel zegoen une hartan eguratsa.

        Automobilez heldu ginen, ondoenen aurkitzen den autobusgeralekua sei kilometrotara baitago. Beribilez heldu ginen arratseko zazpiak aldean. Gure begira zeuden atartean, etxekoandrea, senarra eta bi semeak, hemeretzi urtetako bata eta askozaz gazteago bestea. Oso mutil politak biak. Irriparrez atotsi gintuzten, eskua eman eta sartu egin ginen. Ez nuen lehenagotik etxe hura ezagutzen, baserri bat; atagainean lantegiaren izena irakur zitekeen: "Wood and Wheel", keramika egiten baitute hor. Era horretan lantegian bertan dagoen erakusketa ikusteko parada ukan genuen. Gero gorako aldera igon ginen afaltzeko asmoz.

        Goiko oinaren ate bakarrean, gelarik ez baitzegoen, "eskerrik asko ez erretzeagatik" irakurtzen zen. Baserria bestalde hain handia izanez, goiko oina zabal eta atsegin egin zitzaidan, sukaldea ezker, egongelak eskuin eta balkoi bat egiten bezala logelak gorago. Eta afaltzen hasi ginen: etxeko oilaskoak, artopila eta entsalada. Nire lagunek eta beroa edaten zuten bitartean, ura zen nire edatekoa, etxearen ondoko iturburu batetan prezezki harturikoa. Erdi isilik eta zizikatuz egon ginen afaldu bitartean, musika ameriketar batek lagundurik ertz guztietarik, jaz tradizional antzeko musika atsegin bat, bakerakarlea. Murmurio bat zen gure elkarrizketa, musikaren ederraz eta jaten ari jarraitzen ez nuena. Ordu erdi emanda mahaian, irten egin ginen inguruak ikustera. Erretzeko aukera zen nonbait etxekojaun-andreek eman nahi zigutena. Etxeari bira egin eta gero garagartzaraino hurreratu ginen, artaburuak loratuz garak eta kalokak ttiki agertzen zirelarik oraino. Nolaz bizi izateko beste irabazten zuten azaldu zidaten etxekoek, trankil eta gustura bizi izateko beste, aberats, baina ez zirela hain segur sekula eginen. Zuhaitz handi bat zegoen garagarreko soroen aurrean, zurzuri eder bat eta hamar metro eskuinalderago ezki bat, biek alorren hesi egiten zutela bakarti eta indartsu atzekaldeko pinudiaren parean. Etxerantz itzuli egin ginen eta berriro gora igon. Kanpoaldean kilkirrak entzuten ziren atergabe, baina urjautsiei bezala ez zitzaien igartzen. Berbaz egon ginen bi ordu betez, honetaz eta hartaz, musika beti lagun, haren asmoaz mintzatu zitzaizkigun, geroagoko projektuez; azkenean, elkarri egin geniolarik agur, alde egin genuen, bihotza pozik eta goibel, halako sendimendu berezi bat generamala geure barruan, apika ez genuenagatik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.