Obertura ttikia
Mikel Antza
"ziutate hontan esistitzen ez den metroaren baldosa txuritan burua apoiaturik igaro geninan esistitzen diren izarrik gabeko gaua".
Lokatzaren likistasuna
zeraman hibaiak,
eta bertan jaurtiki nituen
ametsak.
Ezpainetan falta zitzaidan
kresala
hunan hilargi ez betea.
Tristezia dun
zuhaitzaren azken hostroa
bezala.
Eta ez hostrorik zuhaitzetan
hilargi izpirik ere ez
kresalak ez zituen ene ezpainak aurkitu
ametsak hibai lokaztuan ito zitzaizkidan...
biharko hilargi batea ikusi barik.
Ni eta hi gintunan bakarrik
hostroen ohean
ixurgai gaziak dastatuz
hilargiaren altzoan
ametsaren egurats kristalduan
hi eta ni
Promesa gorriak
nik dakidan hibai batetan
itoko nituzke,
lehengoan hondoratu zitzaizkidan
ametsekin batera.
Eta ez zatzaidate hurbil,
beharriak
denboraren hautsak tapoitu dizkit eta;
begiak
egunsentiaren eguzkiarekin
erre ziren;
eskuak ere
norbaiten gorputzean
ahantzi nituen;
mingaina
errententxoa miakatzen
kateatu zitzaidan;
sudurrak
ihazko neguko katarroak
leher arazi zizkidan;
animarik ez dut eta...
zer?
zer musikarik gabe?
Musika infinitoa
igorbiderik gabe
nire ezerez hontara
zure ezerezarengandik
iristen zaidana.
Malkoak ez dira bustiak
lurrina baizik.
Eta triste nagoenean
normalki
irrifartsu begiratzen dut telebista,
radiadorearen beroa sentitu ere gabe.
Hibai zikinen hondoetan
Atlantida deskubrituz
berriz ere nere ametsak ediren
eta nere promesa gorriak aurkitu.
Eta buseko txoferraren
begirada hutsa nik emandako
milako billetean zulatua.
pezta bat.
denbora hezean
aurkitu zintudan
musika zehaztugabetik
piano bat
piano beltz bat zegoen
gelaraino nindoala
eta orain
amapolen irudi hauskorra marrazki bihurtu dut
amodioa papeletako hizki bihurtzen dudan lez
eta orain
hats txistukati batek ihes egiten dit
esofagoan gora
(mendi elurtuak eta itsaso zingiratuak)
korrituz
bitartean, bitartean
autobusak greba egunetan gaizki dabiltza
ikastetxeak hersten dituzte ikasle batzuk
hitzak jaurtikitzen ditut txorabiatuta
esaten dudana nik bakarrik ulertzen dut
bitartean.
ez dezaten esan gero
"fabrikak itxi zizkigutenetik..."
hasperen batekin
|