L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-1 (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Proposamendu apal bat

 

Jonathan Swift

 

euskaratzailea:
I. Zubiria

 

Irlandako jende pobreen haurrak, guraso eta herriarentzako zama astun bat izatetik ekiditzeko, eta publikoarentzat onuragarri bilakatzeko.

 

Melankoliazko objektu bat da hiri handi honen zehar paseatzen, edo herrialdean bidaiatzen duenarentzat, bideak, kaleak eta etxola-ateak sexu femeninozko eskekoz jendeztatuta ikustea, denak zarpailetan, eta pasatzen den bakoitza limosna bategatik zirikatzen. Ama hauk, beraien bizimodurako lan egiteko kapable izan beharrean, duten denbora guztia lekurik leku ibiltzera behartuak daude haur desbabestuentzat janaria eskatzeko, eta, hauk, hazten diren heinean, edo lapurretan bilakatzen dira lanaren nahiean, edo jaioterria uzten dute, bai Espainiako Pretendentearen alde burrukatzeko, bai Barbadoes-etara alde egiteko.

        Alderdi guztiak honetan akort egongo direla uste dut, hots, haur-kopuru prodigios hau, beraien amen beso, lepo edo aldaketan, eta, sarritan, beraien aitenetan, erresumaren gaurko egoera deitoragarrian, zama adizional oso handia dela; eta, beraz, haur hauk gizartearen adar osasuntsu eta onuratsu egiteko metodo bidezko, merke eta erraza aurki dezakeen edonork publikoa hain ongi zerbitzatuko luke, ezen bere estatua eraikia ukaiteko, nazioaren mantentzaile baten gisan.

        Baina nire gogoa eskeko profesoen haurrak bakarrik hornitzera mugatzetik oso urrun dago; askoz ere hedadura handiagoko da, eta haik mantentzeko kaleetan gure karitatea eskatzen dutenek bezalako kapabilitate gutxia erakusten duten gurasoengandik jaiotako haurren kopuru osoaz, adin konkretu batetan, kontua emango du.

        Nire atal propioari buruz, gai garrantzitsu honen gainetan une askotan nire pentsamenduak bueltatuz, eta beste projektatzaileren zenbait eskema heldukiro pisatuz, beraien kalkulaketetan oso erraturik aurkitu ditut beti. Egia da, haur bat amagandik ateratzen denean, haren esnez mantendua izan daitekeela eguzki-une oso baten zehar, beste elikadura gutxirekin, zeinaren balioa, goien jota, bi shilling-takoa baita, eta amak segurki lor baititzakeenak, edo bere eskeko-lan legezkoaren bidez hondarretan zuzen baititzakeenak, eta haurrok prezeski une batekoak direnerako da nik proposatzen dudan beraien aldeko hornitzea, eta, hain zuzen, modu honetara, ezen, beraien gurasoentzat, edo parrokiarentzat, zama bat izan beharrean, edo beraien bizitza osorako janaria eta soinekoa desiratzen iragan beharrean, beste milaka askoren elikadurarako eta, hein batetan, jantzirako, lagunduko baitute.

        Bestalde, beste abantail handi bat dago nire eskeman, hots, nahizko umegaltzeak eragotziko dituela, eta, halaber, emakumeak beraien haur bastartak asasinatzearen praktika ikaragarria, helas!, oso naharoa gure artean, ume inozente koitaduak sakrifikatzen, lotsa baino gastua ekiditzearren, dudatzen dut, eta bular basatien eta ezhumanoengan negar malkoak eta urrikia higituko lituzkeena.

        Irlandan dagoen arima-zenbakia milioi t'erdi batetan estimatzen ohi da, zeintzutatik nik kalkulatzen baitut emaztea hazten dagoeneko berrehun mila inguru bikote ba direla, eta zenbaki horretatik hogeitamar mila bikote kentzen dut, zeintzu beraien haurrak mantentzeko kapable baitira, nahiz eta erresumaren oraingo estualdiaren pean horrenbeste ezin direla izan ongi ulertu, baina, hau emanik, ehun eta hirurogeita hamar mila hazle geratzen dira. Berriro, beste berrogeita hamar mila kentzen dut, umea galtzen duten emazteren kontu emateko, edo lehendabiziko urtean gaixotasunez edo ezbeharrez hiltzen diren haurren amen kontu egiteko. Orain, bakarrik guraso txiroengandik urtero jaiotzen diren ehun eta hogei mila haur geratzen dira: Kuestioa da, beraz, nola izan daitekeen kopuru guzti hau mantendua eta hornitua, eta, jadanik esan dudanez, orain arte presentatu diren metodo guztien arauera zeharo ezinezko baita, zeren ezin baititugu eskulangintzan edo nekazaritzan enplegatu; ez dugu etxerik eraikitzen (herrialdean esan nahi dut), ez eta lurrik landatzen; lapurretan bizimodu bat oso arraroki ikas daiteke sei urtetara heltzen ez diren artean, horretarako trebe agertzen diren kasuetan salbu, nahiz eta oinarriak askoz goizago ikasten dutela aitortu behar, eta, hala ere, denbora horretan bakarrik libertate baldintzatuan ikus daitezke, Cavan Konterriko jaun nagusi baten bidez informatu izan naizenez, zeinek afirmatzen baitzidan berak ez zuela inoiz ikusi sei urte baino gutxiagoko kasu bat edo bi izan ezik, eta hori, arte horretan trebetasun bizkorrez oso ezaguna den erresumaren parte batetan.

        Gure merkatariek segurztatu didatenez, hamabi urte baino gutxiagoko mutiko edo neskato bat ez da genero salgai, eta adin horretara heltzen direnean ere, hiru liberatik gora edo, gehienez, hiru libera eta koroaerditik gora ez lukete errendituko trukaketan, zeinek ezin baitu gurasoekiko edo erresumarekiko kontuak kitatzea, elikaduraren eta zarpailen kontua gutxienez lau aldiz balore hura izanik.

        Beraz, apalkiro proposatzera noa orain nire gogoeta propioak, zeintzu objekzio txikienaren erantzule izango ez direlakoaren esperoa baitut.

        Londres-en nire ezagumenduko oso jakitun den Amerikar batek segurztatu didanez, ongi hazitako haur osasuntsu gazte bat, une batekoa denean, janari egiatan delizios, elikatzaile eta osagarri da, estofatua zein errea, labean zein egosia, eta ez dut dudarik egiten, berdin balioko duela saltsan edo gisatuan.

        Beraz, nik, apalkiro, kontsiderazio publikora zera eskaintzen dut, jadanik zenbakituriko ehun eta hogei mila haurretik, hogei mila birsorkuntzarako erreserba daitezkeela, zeintzutarik soilik laurden bat arrak bailirateke, hau ardietarako, aziendarako edo urdetarako permititzen duguna baino gehiago delarik, eta horretarako arrazoia zera da, haur horik arraroki direla ezkontzako fruituak, zirkunstantzia hori ez delarik gure basatiek larregi begiratutakoa, eta, beraz, ar bat nahiko izango da lau eme zerbitzatzeko. Geratzen diren ehun mila, une betekoak direnean, erresumaren zehar kalitatezko eta fortunazko pertsonei salmentan eskainiak izan daitezke, beti amari gaztigatuz, azken hilean haurrei ase arte edoskitzen permititzea, horrela mahai eder batetarako gizen eta lodi bilakatzeko. Haur batek lagun-jai batetan bi plater egingo ditu, eta familia bakarrik bazkaltzen denean, aurreko edo atzeko laurdena plater arrazoizko izango da, eta biperrauts eta gatz pixka batez hornituz, laugarren egunean egosia oraindik oso ongi egongo da, batez ere neguan.

        Batezbestean, haur jaio berri batek hamabi libra pisatuko duela estimatzen dut, eta eramangarriro elikatuz, eguzki-une batetan hogeitazortzi libratara gehituko litzateke.

        Janari hau zertxobait garesti izango dela onartzen dut, eta, beraz, etxagunentzat oso egokia, zeintzuk, jadanik guraso gehienak irentsi dituztenez, haurrekin hasteko titulu egokiena dutela ematen baitute.

        Haur-okela sasoian egongo da urte guztian zehar, baina are oparoago Martxoan, eta pixkat aurretik eta atzetik, zeren, autore serios batek, gorengo fisiko frantsesa (1), esan zigunez, arraina dieta prolifiko bat izanik, herrialde Katoliko Erromatarretan, bederatzi hilabete Garizuma ondoren, haur gehiago dira jaioak beste ezein urtarotan baino; beraz, Garizuma ondoren une bat zenbatuz, merkatuak ugariago hornituak egongo dira usuan baino, haur aitasainduistak, kopuruan, gutxienez, lautik hiru direlako erresuma honetan; eta, horrela, beste albo-abantail bat gertatuko da, hots, gure artean Papisten kopurua gutxitzea.

        Eskeko baten haur bat elikatzearen zama jadanik kalkulaturik dut (eskekoen zerrendan bordari eta nekazari guztiak eta baserritarren lau bostenak jarriko nituzkeelarik) eta gutxi gora behera bi shilling urteko baita, zarpailak barne, eta, uste dut, zaldun bat ez litzatekeela kexatuko haur on eta lodi baten gorpuagatik hamar shilling ematerakoan, zeren, gorago esan dudanez, okela elikatzaile goreneko lau plater egingo bailituzke, lagun partikularzko bat bakarrik edo familia propina duenean afaltzeko. Horrela, jaunak etxagun ona izatera ikasiko du, bere maizterren artean popularrago izango dira, amak zortzi shilling-etako irabazi netoa edukiko du, eta lanerako prest egongo da beste haur bat produzitu arte.

        Aurreztaileago diren haiek (denborek eskatu egiten dutela aitortu behar dut) gorpua zuri dezakete, eta narruak, artifizialki zurratuz, andreentzako guante miresgarriak, eta jaun finentzat, udabotak emango lituzte.

        Dublin gure hiriarekiko, sarraskitokiak era daitezke helburu horrekin, horretarako toki egokienetan, eta harakinak ez direla faltatuko segurta gintezke, nahiz eta nik gehiago gomendatu haurrak bizirik erostea, eta haiztoaren beroan adobatzea, hala nola txerri erreekin egiten dugun.

        Pertsona oso meritagarri batek, bere herriaren egiazko maitalea, eta zeinaren birtuteak altuki estimatzen baititut, gai honetaz diskutitzerakoan, oraintsu laket zuen nire eskemaren gainean hobeakuntza baten eskaintzan. Hark zera esaten zuen, erresuma honetako jaun asko, beraien oreinak jadanik suntsituak edukirik, otu zitzaiola oreinkiaren falta ongi hornitua izan zitekeela mutiko eta neskato gazteren gorputzez, hamalau urteak gainditu gabekoak eta ez hamabi urte baino gutxiagokoak, Konterri bakoitzean orain gosez hiltzeko prest dagoen sexu bietako kopurua horren handia delarik lanaren eta zerbitzuen faltaz; eta haietaz beraien gurasoek, bizirik badiraute, edo, bestela, beraien ahaide urkoenek, erabakitzen dutelarik. Baina hain lagun handiari, eta hain abertzale zerbitzaileari zor zaion adeitasunarekin, ezin dut bere gogoekin batera egon. Zeren, arrekiko, nire ezagun amerikarrak, experientzia sarriaz, beraien okela generalki latza eta zaila dela segurztatu baitit, hala nolakoa gure eskola-mutikoena, ihardunaldi jarraiaren kausaz, eta bere zaporea ezatsegina, eta gizentzeak ez luke arazoa kitatuko. Eta emeekiko, menekotasun apalez, publikoarentzat galera bat izango litzatekeela pentsatzen dut, zeren, haik laster haur-hazletan bilakatuko dira; eta gainera, zenbait jende eskrupulutsua horrelako praktika bat zentsuratzeko gai izan daitekeela ez da gertakaitz (nahiz eta, egiatan, zeharo injustuki), krudeltasunaren zerbait mugako bezala, objekzio hau, aitortu behar dut, edozein projektuaren kontrako objekzio gogorrena izan delarik, nirekiko ondoen asmaturikoa izan arren.

        Baina nolabait nire adiskidea zuritzeko, zera aitortu nuen, bere buruan baliamendu hau jarria ziola Palmanazar famatuak, Formosa irlako jatorrizko bat, handik Londres-era hogei urte baino gehiago etorri zena, eta, zeinek, nire adiskideari elkarrizketan, zera kontatu zion, bere herrian edozein pertsona gazte heriotzera eraman behar zenean, terreatzaileak kalitatezko pertsonei gorpua saltzen zitzaiela, flore delikatu bat bezala, eta bere denboran hamabost urtetako neska gizen baten gorpua, enperadorea pozoatzeko atentatu bategatik gurutzifikatua izan zena, Maiestate Inperialaren Estatuko Lehen Ministrariari eta Gorteko beste Mandarin nagusiei saldua izan zen, urkamendian laurdendua, larehun koroatan. Ez eta ezin dut ukatu, egiatan, hiri honetan usadio berdina egingo balitz neska lodi zenbaitzurekin, zeintzuk, beraien lau sosetako fortunan paratu gabe, ezin baitira karroza gabe kalera atera, ez eta teatroan eta biltzarretan agertu herbesteko arropa dotore gabe, sekula pagatuko ez dituztenak, erresuma ez litzateke txarrena izango.

        Izpiritu ezkorreko zenbait pertsona, zaharturiko gaixo edo makituriko jende txiroen kopuru itzelezkoaz ardura handikoak dira, eta enbarazu hain astun batetatik nazioa arintzeko zein bide har daitekeenez nire pentsamenduak nahi izan dira enplegatu. Baina gai horretaz ez dut sufrimendu txikiena ere, zeren oso ongi jakina baita haik egunero hiltzen, eta usteltzen ari direla hotzez, gosez, satsutasunez eta harrez, arrazonatuki itxadon daitekeen bezain azkar. Eta nekazari gazteagoei buruz, orain, ia egoera esperantzagarri bertsuan aurkitzen dira. Ezin dezakete lanik aurki, eta, kontsekuentki, elikaduraren faltaz ahuldu egiten dira gradu batetaraino ezen, edozein tenoretan, akzidentalki behar arruntetarako kontratatuak izaten direnean, hura performatzerakoan, ez dutela indar nahikorik, eta, beraz, herria, eta beraiek ere, etortzeko diren gaizkietatik laster salbatuak izateko bide nahiko onetan aurkitzen dira.

        Denbora luzetan mintzatu izan naiz, eta, beraz, nire sujetera itzuliko naiz. Egin dudan proposamenduaren abantailak, nire ustez, begibistakoak eta ugari dira, eta garrantzi goienetakoak halaber.

        Lehendabizi, jadanik seinalatu dudan bezala, Papisten kopurua handikiro gutxituko litzateke, zeinetaz urtero enparatuak baikara, nazioaren hazle nagusiak direlarik, eta, halaber, gure arerio arriskugarrienak, apropos herrian geratzen direnak, erresuma Pretendenteari entregatzeko asmoarekin, horrenbeste Protestante onen ausentziaz abantaila hartzeko esperoan, hauek, etxean geratzea eta apezgo Episkopal idolatriko bati beraien kontzientzien kontra, hamarrenak pagatzea baino, beren herria uztea aukeratu dutelarik.

        Bigarren, maizter txiroenek beraien propietateko zerbait balioko edukiko dute, legez zorrak pagatzeko bahigarri izan daitekeena, eta beraien nagusiei errenta pagatzeko lagun dezakeena, artoa eta abereak jadanik bahituak daudelarik, eta dirua gauza ezezagun bat delarik.

        Hirugarren, bi urteko, eta goragoko, ehun mila bat haurren elikadura eta mantendua hamar shilling piezako eta urteko baino gutxiagotan ezin daitekeenez konputatu, nazioaren kapitala berrogeita hamar mila liberatan urteko gehitua izango da, plater berri baten probetxuaz gain, erresumako dastamen-errefinamendu zerbait duten fortunazko jaun guztien mahaietan sartua, eta diruak gure artean zirkulatuko du, merkantzia osoro gure hazkuntzako eta manufakturako izanik.

        Laugarren, hazle jarraiak, beraien haurren salmentaz, zortzi shilling esterlino urteko irabazteaz gain, lehendabiziko urtearen eta ondorengo elikaduraren eta mantenduaren kargaz askaturik egongo dira.

        Bosgarren, janari honek era berean tabernetara bezeria handi ekar lezake, ardansaltzaileak hain zuhurrak izango direlarik, ezen hura ondoen adobatzeko errezetez hornituko baitira, eta, beraz, beraien etxeak, jaten onaren ezagumenduaren gainean beraien buruak justuki baloratzen dituzten jaun fin guztiez usutuak izango dira; eta sukaldari trebe batek, bere gomitatuen plazera nola eginaren jakitun, haien gustuaren bezain garesti izatera lagunduko du.

        Seigarren, hau ezkontzeko eragingarri handia litzateke, zein nazio zuhur guztiek, edo sariz fomentatu duten edo legez eta zigorrez indartu duten. Bizitzarako soluzio baten segur direnean, amen haurrenganako axola eta samurtasuna gehituko litzateke, ume koitaduenganako, eta, gastua izan beharrean, beraien urteroko probetxurako, neurri batetan, publikoak hornitua. Laster, emakume ezkonduen arteko lehiaketa onest bat ikusiko dugu, ea beraien artetik merkatura haur lodiena nork eraman. Gizonak beraien emazteen oso laztanak izango dira, haien haurdunaldien denboran, orain beraien behorren, ernari daudenean, behien, txahala egiten dutenean, edo urdangen, kumeak emateko mementuan, diren bezala, eta ez dituzte ez joko ez isekarik egingo (lar sarri den praktika bat), haurgaltzearen beldurrez.

        Beste abantail asko zenbat daiteke. Adibidez, gure idiki upelatuaren exportazioan, milaka gorpuren gehiketa; txerrikiaren hedapena eta hirugiharre onaren moldaketaren hobeakuntza, hain estimatua gure artean, urdeen deustapen handiaren kausaz, eta gure mahaietan oso maiz ikusia, inola ere ez da konparagarri zaporean edo magnifizientzian, haur ongi-hazi eta lodikote urte-lehen batekiko, eta, osoan erreta, irudi kontsideragarria egingo luke Alkate Jaunaren jaialdi batetan edo beste edozein jolasgarri publiko batetan. Baina hau, eta beste asko uzten ditut, laburtasunaren ikasle naizelarik.

        Hiri honetan haur-okelaren bezero iraunkorrak mila bat familia liratekeela suposatuz, eta beste batzuk biltzarre alaietarako ukan dezaketela, hala nola ezteiak eta bataietarako, nik kalkulatzen dut Dublin-ek urtero hogei mila gorpu ingururen kontu eman dezakeela, eta erresumaren enparauak (non, seguraski, zerbait merkeago salduko bailitzateke) geratzen diren gainerako larogei milena.

        Proposamendu honen kontra posiblekiro altxatua izango den ezelako objekzioaz ezin dut pentsatu, erresumako jendetza-kopurua berehala gutxitzera behartzen ez bada. Hau libreki onartzen dut, eta hau da egiatan helburu nagusi bat mundura eskaini dudanean. Irakurlea kontura dadila nahi nuke ezen nire konponbidea Irlandako Erresuma honentzako eta beronentzako prestatu dudala. Beraz ez dakidala inor mintza beste edonolako baliakizunez: "Gure absentistak liberako bost shilling-ez zergatzeaz", "Oihalik edo etxe-haltzaririk ez erabiltzeaz guk geuk hazitako edo manufakturikoak izan ezik", "Luxu arrotza bultzatzen duten materialeen eta instrumentuen zeharo errefusatzeaz", "Gure emakumeen handikeriaren, harrokeriaren, aisitasunaren eta jokatzearen garestitasuna sendatzeaz", "Zuhurtasun, prudentzia eta neurrizko mea baten sartzeaz", "Gure herria, non Aplandertarren eta Topinamboo-ko (2) biztanleez desberdinak garen, maitatzen ikasteaz", "Gure gibelminak eta ezinikusiak lagatzeaz, eta gehiago ez aritzea Juduek bezala, zeintzuk batak bestea asasinatzean baitziharduten beren hiria hartua zen momentu berean", "Gure herria eta kontzientziak ezer ezaren truke ez saltzeko pixka bat zogi izateaz", "Etxagunak beren maizterren aldeko graziazko neurri bat gutxienez edukitzea erakusteaz". Azkenez, "onestasun lankortasun eta trebetasunezko izpiritu bat jartzeaz gure dendariengan, zeintzuk, baldin gure salgai jatorrizkoak bakarrik erosteko erabakia orain hartu ahal izango balitz, xixkatzeko eta guregan prezioa, neurria eta kalitatea inposatzeko berehala elkartuko bailirateke; eta salerosgo justuaren proposapen garbi bat egitera oraindik ezin ahal izan baitira eraman, nahiz eta horretara maiz eta serioski gomidatuak izan".

        Beraz, berresaten dut, ez dakidala inor horietaz, edo antzeko baliakizunetaz, mintzatu, noizpait praktikara eramateko saiakera bihotzezko eta zintzo egongo delakoaren esperantzaren antzemate bat gutxienez daukan arte. Baina, nire kasuan, urte luzetan pentsamendu ametsezkoez, hutsez eta alferrezkoez eskainia izateak nekatuta naukalarik, eta azkenean arrakastaren zeharo desesperatuta, zorionean proposamendu honen gainean jo nuen, zeinek, guztiz berria izanik, zerbait egiazko eta zurrun baitu, gastu gabekoa eta oztopo gutxikoa, gure botere propioan osoa eta, beraz, Ingalaterraren zerbitzu faltaren arriskuan ezin gara eroriko. Zeren honelako merkaduria-moetak ez bailuke exportaziorik erakarriko, okela kontsistentzia oso samurrekoa delarik gatzetan iraunpen luze bat admititzeko, nahiz eta, agian, herri bat izenda dezaket, zeinek, hura gabe, nazio osoa irenstea poz pozik egingo bailuke.

        Dena dela, ez nago nire aburuari hain gogorkiro atxekita, gizon jakitunek proposaturiko beste edozein ekintza errefusatzeko, berdinkiro efikazios, erraz, merke eta inozente aurkitzen bada. Baina moeta horrelako zerbait nire eskemaren kontraesean aurreratu baino lehen, eta beste hobeago bat eskaini, desiratuko nuke, egilea edo egileak laketuak izatea puntu hauk heldukiro kontsideratuz. Lehena, gauzak dauden bezala, nola izango dira kapable janaria eta jantzia ehun mila bat aho eta bizkar ezgauzentzat aurkitzeko? Eta, bigarrena, erresuma honetan zehargiza-itxurako milioi bat inguru kreatura egonik, zeinen subsistentzia osoa stock amankomunean jartzeak bi milioi libera esterlinotako zorpean utziko bailituzke, bizibidez eskeko direnak, baserritarren, bordarien eta nekazarien masari gehituz, beraien emazte eta haurrekin, praktikan eskeko direnak; hire proposapena gustatzen ez zaien politikari haiek, eta erantzun bat saiatzeko ausart nahiko izan daitezkeenak, nahi nuke lehendabizi hilkor horien gurasoei galde diezaietela ea egun honetan ez duten pentsatzen urte beteko zirenean janaritzat salduak izatea ez ote zitekeen zorion handia, nik hemen prezeptu eman dudan eran; eta, horrela, ordutik pairaturiko zorigaitzen eskena amaigabe hori ekiditzea: etxagunen zapalkuntza, diru edo merkatalgo gaberik errentak pagatzeko ezintasuna, elikadura arruntaren falta, eguraldiaren gogortasunetatik estaltzeko etxerik eta jantzirik gabetasuna, eta bere leinua betirako miseria berdinekin edo handiagoekin lotzeko prespektiba nahitaezko handiena.

        Nik, nire bihotzaren zintzotasunean, zera profesatzen dut, lan beharrezko hau promozionatzeko bultzapenean ez dudala interes pertsonal txikienik, nire herriaren ondasun publikoaz gain beste motiborik ez ukanik, gure salerosketa aitzineratuz, umeak hornituz, txiroak erremediatuz, eta aberatsei atsegin zerbait emanez. Sos bakar bat lortzeko aurkeztu dezakedan haurrik ez dut, gazteena bederatzi urtetako izanik, eta nire emazteak haur-hazteko tenorea pasatu duelarik.

(1729)

 

(1) Rabelais.

(2) Brasilgo herriak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.