L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Hondarrezko amodioak

 

Josu Landa

 

Hurrengo egunean berari tokatzen zitzaion. Farolaren argi baliotsuak iritsi erazten zion argiaz nekez irakur zezakeen papertxoa. "Ez zeizkidak mutil zatarrak gustatzen. Abiso". Gaueko hamaikak eta laurden zituen eta handik piskara etxera joan behar zuen, derrigorrez, bestela giltzen falta ezingo zuen etxean sartu. Aulkitik jaiki eta barandila zurian apoiatuz hondartza begiratu zuen, apur bat areago zegoen itsasoa erreparatu gabe.

        Bai, hurrengo egunean tokatzen zitzaiola ari zen pentsatzen. Horretaz eta horren inguruko roilo guztietaz. Ea zer funtzio zeukan joku guzti horrek. Berak behintzat ez zuen batere garbi ikusten. Hondartzako erlojuak atzeratuta zebiltzela konprobatu zuen bezain laster, piskanaka ibiltzen hasi zen, hurrengo egunean bere mezua idazteko leku egokia finkatzearren. Aharrausi pare bat ere bota zituen bota, eta mementu batetan kezka guztiak pilatu bazitzaizkion ere, leku bat erabaki zuen bere buruarekiko. Ez zen oso orijinala baina horretan orijinaltasuna ezer gutxi du inporta. Bai, diskatekaren parean ipiniko zuen ilargi betea tokatzen zuen hurrengo egunean.

        Kapritxo bat besterik ez zirudien arren, zazpi hilabete zeramazkiten jolas gisako harekin. Zazpi hilabete eta hamalau mezu. Bera ilargi betean eta bestea ilargi berrian. Ezkerreko bizkarretik zintzilik eta danbaka zeraman makutotik zigarro bat atera zuen, piska bat geroago papertxo zimurtu hura sartu zuela. Nazka izpi bat ere nabaritu zitzaion keinuari. Nazka baino gehiago aspertasuna. Joneri askotan esan zion ajolik gabeko joku batetatik ez zela pasako, baina Jonek beti nanai, "azkenean sarean eroriko haiz; ez zekiat zer nolako sarean baino eroriko haiz". Zigarroa biztu zuenerako, busaren geltokira iristekotan zegoen, eta haren barnean lasai-lasai eserita izango zuen astirik mezuaren hitz konkretuak asmatzeko. Dena dela, zerbait erradikal, erokadaren bat, egiteko gogoa sartu zitzaion. "Bat Aietera faborez".

        Hurrengo goiza aurreko mezu guztiak berrikusten pasa zuen. Hasera ez zuen gogoratu ere egin nahi, hain artifiziala suertatu bait zen! "Maite haut baina bihar akaso ez haut maiteko", "hire errealitatea hire fantasia bezain polita izango balitz...", "hoa popatik hartzera baina ez oso urruti, badaezpada ere" eta beste hiruzpalau gehiago zituen paper banan transkribaturik. Bazkalostetik aurrera ideia bat gelditu zitzaion pentsamenduan fijo, eta normala zen legez, bazter ilunen batetara makurtu eta bultzatu nahi izan zuen. "Ez hago burutik sano" behin eta berriro, baina bere buruak ere ez zuen sinetsi. Eta gau hartan tamarindoen itzaletik begiratu zuen Concha, perla galduren bat arkitu nahiean edo. Egun hartakoa oso desberdina zen, arras desberdina, bezperakoarekin gonbaratuta. Duda mogimendu batzuek egin zituen boligrafoarekin, ez bailekien boligrafoa larruan barne sartu ala behingoz paper hartan gero hondartzan idatziko zuena idazten hasi. Azkenean presaka hasi eta erditzalean eutsi zion tintari, eta bukatu bezain laster deabruak hartuko bailuen korrika hasi zen eskileretan behera, azken saltuaz hondarrera erori, jaiki eta aurrean arkitu zuen botilan paper tolestatua sartu ondoren, hondarraren sabelean abandonatu zuen, muturra airean, kristo guztiaren bistan, eta mareak harrapatuko ez zuen toki batetan. Inoiz baino letra handiagoez idatzi zuen idatzi beharrekoa. Presaka eta pentsatu gabe, euliek larrua jotzen duten bezala. Korrika eta korrika berriro ere autobusaren terreno neutralera iritsi arte. Hala ere, hondartzan gelditu zen "hemen dago" eta ondoko gezia inoiz baino gertuago zituen. Aietetik ere ikus zitezkeen.

        "Juan Mari, Josemi nauk, hire eskalatzeko soka behar diat... bai, gero hortik pasako nauk... orduan Bulebarrean geldi gaitezke..., bale, hamabitan... esker mila, gero arte" telefonoak permititzen zuen neurrian burututzat eman nahi izan zuen ekintza; ekintza eta erabakia. Bestalde imajinatzen zuen esku anonimoren batek botila hartu ondoren irakurriko zuela: "gaur gauean, hementxe zintzilikatuko naiz, etorri eta ikusi. Gratis da". Pentsatu zuen hori zela autobusa hartuko zuen azken aldia, eta inoiz baino gustorago pagatu zituen hogei pezeta haiek. Bulebarreko komunetan egin zuen piza, eta piska bat kostatu bazitzaion ere, askoz gehiago kostatu zitzaion, askoz luzeago egin zitzaion egun hartan Conchako Perlaraino egin zuen paseiotxoa beste egunetakoak baino. Erlojuak, zuela egun pare bat bezain atzeratuta zeuden, baina itsasoa begiratu zuen segituan, denboraren grina ez probokatzeko edo.

        Ia ez zion ezerki esan bere buruari. Bere izate guztia zapaltzen zuen iluntasun itxi haren pisu leun eta liberadorea, hori zen guztia, bai, ez zegoen besterik. "Surik ba al duzu?" Nola izango zuen bada, baina, noski, emakume hark zer jakin behar zuen. Ez surik, eta ez ezer ehun metro lehenago paper ontzi batetan bota bait zuen poltsikoetan zuen guztia. Beno, guztia ez, "dokumentazioa gorde egingo dut, inork ez daki eta zer gerta daitekeen", eta tipi-tapa aurrera argi distirante eta intermitente haiek zituen letrero hartarantz. Baina ez zuen ezertan ere pentsatu nahi korapiloa egiten ari zen bitartean. Handik aurrera paperaren botila hartu zuen esku anonimo beraren akzioa bakarrik zen inportantea. Bestea soberan zen. Pultsoka jaitsi zen sokatik eta bukatu zenean han gelditu zen zintzilik, korapilo lasaiak permititzen zizkion minutu pare hori estutu nahiean. Eta zorabiatzen, larritzen, mareatzen hasi zen ordurako, "pena da" pentsatu zuen, urrutitik garrasi bat hurbiltzen zitzaiola antzeman zuen eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.