L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Xaguxarra aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Xaguxarra-2 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Ertzetako liliak

 

Iñaki Uria

 

Virginiari

 

L'homme vindicatif que tu n'as pu, vivante,
Malgré tant d ámour, assouvir,
Combla-t-il sur ta chair inerte et complaisante
L'inmensité de son désir?

                                      Charles Baudelaire

 

Batzutan ezin izango duzu jakin nola bukatu konturatu gabe sentitu duzun, piskanaka, lanbroa hirian bezala hedatzen joan zaizun, eta azkenean eguzki berriaren solasean difuminatuko diren lainoen pareko hondorik gabeko galdera baten antzera, zerbait bihurtu zaizun horrekin. Kontua da Arantxa ezagutu zenuenean, bai, uste duzu uda egun hartan izan zela, Arraterekin zegoen hondartzan, orduan ez zeniola aurreko famili domingeroari baino kaso gehiagorik egin, detaile batetaz batek peka pila bat zituen josirik aurpegian, bestela ez zintuela bere edertasunak, ederra zen bikini txuriz, liluratu. Doi-doi gogoratuko dituzu igande eguerdi hartan zeure inguruan zeuden pertsonak edo agian zeure memoriak hondartzan izandako esperientziaren arabera, asimilatuko dizkizu betiko pertsonai tipo eta estereotipatuak negarrez ari den galdutako umearen deskontsolamena eta futbolean ari diren edo paletan jarduten duten gazte eta hain gazteen bizigarria. Kostan, eguzkiaren beroak sortzen duen gelditasun oparoan, Jose Jabierretaz, beti mutilei buruzko elkarrizketak bi neskaren artean, ari ziren Arantxa eta Arrate. Baietz, Arrate, neska batekin ikusi ninala larunbatean, Arantxak. Ez ninala ezer sinisten Arantxa, Arratek. Ikusiko hunela Arantxa, hemendik bi hilabetetara ezkonduta, jolin baietz Arantxa, eta hurrengoan semetxo batekin, ezetz ez esateko, faborez Arratek.

 

— "Pintto"! Fiiit! Etor hadi hona berehala!

        Bainan txakurrak ez dio kasorik egiten. Jabea eta bere txiringitoa utzi eta jende zango baso artetik Konstituzioko arkutatik irtetzen da nagiki, bere eskuineruntz jotzen du eguerdiko eguzki printzak larru txuribeltzean dastatuaz. "Lanbroa" pub grisaren parean gelditu da umetxo baten ondoan, ez du umeengan mesfidatzen eta bere saietsean eskua para dezan uzten dio.

        — Aita, begira zer txakur polita.

        — Plaza ona al zegok? Tebeo asko saldu al dituk?

        — Begira aita —poltsikoik txanpon batzu atera eta kontatzen ditu— gaur ba dut zinera joateko adina.

 

Atea ireki: barrura: uniformea kendu: Gorka: eskerrak aste buru honetan pasea eman diguten: eskerrak Madrid ez dela cazadores III 2 cía bakarrik: esperantzari leiho bat zabal omen diote: bainan gu hemen beti gu hemen: ghetoa: hirekin Aingeru, Motriku, Luisma eta Josemi: guztiok gainean dituzuen sinbolo zamak eransten: Aingeruk "macho" aldizkaria hartu eta komunera: Masturbazioa: beste hirurak kalera, erosketak egitera: hik Arantxaren karta berriro irakurri: herriko berri ematea, esperantza ez galtzea, amodioaren haria ez haustea, horiek dituk guttun egunerokoaren funtzioak: sumin ez hadin, geroak ero ez hazan: hirekin egin omen zian lehengoan amets: hire legegizon izateko prestaturiko tesisa aurkezten ari hintzelarik bera agertzen omen huen epaitegian karretila batekin non piano bat bait zeraman: hik kitarra hartzen omen huen: bat batean musika utzi eta han bertan larrua jotzen hasi omen zineten: eta ez dakiela nola bainan hire burutik haurtxo bat erditzen ari omen hintzen: sexorik gabeko haurra omen: eta gogora: gogora nola hik ere amets egin duan: nola enparantza txiki eta borobil batean hengoen; senti berriro aurpegi beltz haien begiradak: ikusi pistolen ahoak hire begien aurrean: bota izerdia: korrika: entzun: planba!: hats gorritua: danba!: Uf! ez duk oroitu nahi: normala, hobe duk ez oroitzea: ezer ez oroitzea: gogapen guztietatik ihes egitea: Arantxak eta hik sorturiko ugarte horretan pentsatzea: non sartu ote dituk Motriku eta besteak?: baditek ordua etortzeko!

 

Pinttok ezin du ibili hainbeste jenderekin bainan aurrera doa zango urdin zapata gorri guztien beldur, zapal dezaten beldur, oso txikia bait da galtzadunek kontutan hartzeko. Makurka ta poliki, arrastaka bidean, non oztopo moduan neska bat agertzen bait zaio, eseririk, pitxidun mahai baten aurrean. Ez du ezer saltzen. Erastunak, belarritakoak, painoloak, kajatxo dotoreak, ez dira aski jende uholkada bat gelditzeko, nahiz eta kajatxo batzu bihotz forma izan. Neskak ez dirudi jaramon gehiegirik dienik zigarroaren atzetik.

 

Udaran askotan egin zenuten topo irrifar batez besterik gabe agurtuaz. Gero antzerki taldean sartu zinenean ezagutu zenuen benetan. Beckett-en "Godot-en zai" prestatzen ari zineten, jabetuak bait zineten obra honen garrantziaz antzerkigintzan. Gero lokaletik irtetzerakoan egunero etortzen ohi zineten parte zaharrera ardo batzu edatera. Hor jakin zenuen Gorkarekin ibiltzen zela eta Gorka Madrilen zegoela soldaduskan. Jurabanderaren ostean etorri zitzaizuen Gorka Donostiara. Tipo aparta iruditu zitzaizun, gutxi gelditzen diren horietakoa, segituan elkar konektatu zenuten. Zerbeza batzuren inguruan eta Duke Ellingtonen "C. Jam Blues"aren itzalean mila plan eta proiektu egin zenituzten horrelakoetan ohizkoa den bezala. Gurditxo bat erosi eta zaldi baten laguntzaz Nafarroako herri txikietara joanen zineten titiriteroen antzera giñol lanaren truke amaigabeko bidai batetan abiatu. Ondo zeundeten egun horretan "Etxekalten", ondo egoten bait da ia jenderik ez dagoenean eta jazz-a gustatzen zaizunean, esan bait zuen beste batek munduak ez lukeela deus ere balioko larrujotzerik eta Duke Ellingtonen musikarik ez balego. Subjetiboa bainan aurrera. Ustekabean ezin besteko zen gaia ikutu zenuenean, zer moduz henbilen Gorka kanpamenduan, zuk, orduan maisuki sartu zen Arantxa, onartu behar duzu Arantxa bakarra dela egoera irristakorrak salbatzen, ea zergatik ez genuen tokiz aldatuko, Arantxak.

 

Pintto, Pintto gure txakurra da ta liburutegi munizipalaren arkupetara iritsi da zeinen azpian urdin-ilun, ilun-urdin bi polizi munizipal bait daude.

        — Hi, urdin-ilun, beste kopa bat?

        — Ilun-urdin, bai, ta anfeta bat.

        Eta Pinttok lau zango urdin ikusirik bus geltoki seinaleak bait lira hanka altxa ta txis txis txisa egin die.

 

Beteka, afaldu duanean, Gorka: betetzea, itxuragabe zilborra asetzea, hori duk euskaldunen helburu garbiena: tripa betetzea eta ardorik faltan ez izatea: mozkortzea: mozkortu eta gero kantatzea: ligatzea, hori bait duk ordirik egitekoa, bestela inoiz, nahiz eta horrela ere nahiko lan: elkar jotzea, deporte nazionala: hasi dituk Motriku eta Josemi egunerokoarekin: parlamentatzea batak, teorikoki ez omen gaude egoera aurreiraultzaile batetan: borrokatzea besteak, praktikan borrokak besterik ez garamatzala egoera iraultzaile batetara: absurdoa biak soldaduskan eta horretaz aritzea: jakitea guztiak hitaz trufatzen direla: hire poema egiteaz: hire kritiko izan nahiaz: ezer eginen ez dutela pentsatzea: eta beraiekin hagoela sentitzea: samintzea ez izateaz inoiz gehiago inbitatu bat baino munduko kultur eta pentsamenduaren bankete erdian: saiatzea jasandako konbentu heziketaren eta erudizio akademikoaren sareetatik ihesten: gizonarengan sinistu gura izatea: eta sufritzen duk gero eta areago betiko pentsamendu oinarrizkoek sortzen diaten zulo beltzean berriro sartzean: azkenean lasaitu dituk Motriku ta Josemi, batak liatzeko papera pasatzen diolarik besteari: Josemik kanutoa piztu du: Ke bihurtzea: ahanztea: Arantxaz oroitzea: oheratzea: Gorka.

 

Txitxan, Txitxan, Txitxan Txantxi

                Txitxan, Txitxan, Txitxan Txantxilo

        Oso gizontxo txikitxoa hori ia Pintto bezalakoa. Zenbat poltsa txitxan daramatza txantxilok! Pintto eta gatzontzi bat txin txin ai diruaren hotsa txitxan.

                Anorakatxo zahartsua txitxan Pintto txantxilo.

                Txin eusko txan gudariak gera txin txan

                es la internacional txin txan.

 

Jarraitzen zenuen antzerki taldean. "Godot-en zai" pian pian ateratzen zitzaizuen. Kasik ondo eta guzti, ordurako Gorka itzulia zitzaizuen miliara. Arantxak, Gorkak eta hirurok elkar oso ondo konpondu zenuten hamar egun horietan, gustora ibili zinen. Arantxarekin berriz izartxoak ipintzen hasi zinen mundu guztiaren gainetik, ez zeundeten gauza askotan ados baina berdin zioen, bai bait dakite bikoteek zer ezar eta zer ken itxaro dutenaren bilatzean.

        Jolasgailu dendetako beiraduretan gelditzen zineten eta uf! melankoniko batetaz adierazten zeuen garaietan ez zegoela halakorik. Bainan bai, gogoratzen duzu, gabon bezperan antzerki taldekoek egin zenuten afal ostean noiz kotxean bait zindoazten zaharrerantz, nola bera zure atzean suertatu bait zen eta jakin gabean bion eskutxoak nola gurutzatu bait zitzaizkizuen. Ez zegoen hitzen beharrik, eskuek egiten zuten guztia. Esku finak, suabeak, laztanak, Kotxe mugimenduaren kadentzian ezagutzen nola umetxoaren loa seaskara ingurumatzen. Dardara gozoak sumatu zenituen, odola bero zainetan gorputz guztian azal zelulak burbuilatuz, Arantxaren gorputzak ernealdi fisiologiko bat sortarazten zizularik.

        Biologikoa, kimikoa, biokimikoa, ez zenekien nola funtzionatzen zuen bainan eskuak bateratzen zenituztenean, nola botoiari eman eta magnetofonoa martxan ezarri hala sortzen zitzaizun gustora izate horren prozedura fisikoa. Kotxea gelditu zen arte, azken zerbeza hustu arte.

        Ba hindoanan?, Arantxa?, besteek. Baietz, Arantxak.

 

Eskubiruntz beti Pintto txakurra Konstituzioari itzulingurua ematen. Tendereteak, txiringitoak eta jendea. Arku baten azpian marroki bi, transistoreak, tomabistak eta pitxiak. Bi gizon txiki, karsoil, tripontzi aurpegi beltz begira.

        — Ese cuanto?

        Marrokiak transistore txikia hartu, antena atera, martxan ipini...

        — Tre frekuentzia. Dos mil.

        — En el barrio los hay por seiscientas —gizontxo batek besteari.

        Pinttok guztia begiratzen du, ez da ezertaz harritzen.

 

Amestea: Gorka, sinbolikoki amaren sabelera itzultzea: zangoez angulo zuzen bat osatzea belaunekin: eskuek elkarturik zango tartean sartzea: burua bularretan makurtzea: Amalurrari bizita bat egitea: hiltzea: suizidatzea egunero: suizidioa bait duk une bakoitzean bizitza egiaztatzen duen zera bakarra: libertatea baieztatzeko era bakarra: ez izatea kontsideratua "normal" bezala: txori bat haizela sinistea: amodioaren hiri berria den hiria ikustea ametsetan: esnatzea eta deskojonatzea ametsetaz: gustatzen zaizkik esnaldi horietan lo hartu gabe inpresioak, aluzineak, iluminazioak dastatzea: konszientziaren eta inkonszientziaren arteko muga labainetan irristatzea: dantzatzean soina plano hipotetiko baten bezain laua sumatzea: bainan ez dituk oso kontsideraziotan hartzen: beti Sisifoarena egiten ari haizela kontutan hartzea: gizonaren zama guztia, aldaketarik ba ote duen ez dakiana, behin eta berriro hartzen duala bizkar gainean: hire gogoetan Golgota mendira igotzea zama horrekin: iristea, edo ustea gero zintzilik huen harria berriro erortzen bait zaik maldan behera: atsedenik ez izatea: hortara behartuta sentitzea: halaz ere bizitzaren eta ametsen arteko une desorekatu horien haritan gustora sentitzen haiz: atseden uneak izatea: produktibitate handiagoa: helburua.

 

Makina jende biltzen da igande eguerditan Konstituzioan. Pinttok ezin du urratsik eman zanpatua izateko beldurrik gabe, gainera nekatuta dago, beti nekatzen bait da bat Konstituzioan. Gazte bat ari da bere rotrinezko marrazkiak saltzen arkupetan. Ile gorri motza du, zilar kolorezko betaurreko handiak, bizar zaindugabea eta txaleko beltza kamiseta granate baten gainetik soinean. Donostiako paraje eta etxe pertsonai gabeen marrazkiak, lan orduak sartu ondoren bakoitza bostehun pezetatan saltzen ahalegintzen den Donostia. Aizpa bohemia. Jin. Pintto galtzen da gaztetxo hauen ileluze eta betaurreko poetikoen artean.

 

Paseioak etorri ziren arratsen gelditasunetan, eskuak ia automatikoki elkartzen zitzaizkizuen, gorputzen hurbiltzea berehalakoa izaten zenuten, "Godot-en zai" ensaioen ondorengo une lasaitsuetan. Sasoi horretan mototsa zerabilen Arantxak aurpegia ilez libraturik geldituaz eta bere milaka pekak ñir ñir egiten zizuten farolen argipean. Bai, Urumeako paseo luzean, petrilaren gainean eseririk dastatzen zenituzten tabako usain inguruan musuen saphore leuna. Arantxaren ezpain txikitxo ubelak eztiki bilakatzen zituzten zureak. Denbora gelditzen zitzaizun une horietan, gelditu eta hedatu, intentsitateak harreta gehiago sortzen bait du extentsitateak baino. Une horietan, zeinetan Urumeako paseoko farolen argia ispilatzen bait da ur mugikorretan hauek gelditzen zaitzaizkizun ibaiaren prozedura guztia argiak ispilatzen zuen ur izpi horretan deskubrituz, nola zure bizitzaren lehena eta geroa musu batetan ipintzean. Denbora gelditze horiek markak izaten dituzu gero zeinetaz balia bait zaitezke aroen diferentziaziorako edo hain difuminatzen diren eszenen deskripzioak betetzeko. Ez dizute ordea eszenek ajola musuak baino, begiak ixten dituzu eta musukatzen duzunean. Arantxak beti ixten zizkizun begiak horrelakoetan. Gozoak ziren bere ezpainak zeinetan gorputz osoz irristatzen bait zinen nola txirrista amaigabe batetan. Maite zintuela, Arantxak. Zu, isilik.

 

Aurrera Pintto jendeartetik arkupetan. Konstituzioko arkupetatik irten eta ezkerreruntz jotzen du. Kaskabarra eta tximista tabernen aurrean liburuak, okasioak, gangak, likidazioak. Kultur likidazioa. Parean 4 tipo beltzez ezkerreko eskuan tabakoa eta hasha manipulatuz. Adokinetan koloretako izartxoak ikusi ditu Pinttok, zeinek mihakada azkar batetaz irentsi bait ditu. Kazadora beltz daramaten horiek makurturik zerbaiten bila bezala.

        — Que se os han caído los tripis? y que no están?

        Que aluzine Pintto.

 

Esnatzea: altxa-jantzi-garbi-gosaltzea: Gorka: milian hagoelaz oroitzea: bainan gaur festa duk: egun guztia hiretzat izatea eta horregatik egunaren bete beharra sufritzea: prestatzea organigrama, plana izatea: denbora ez galtzea, aprobetxatzea guztia: ez dezaan hutsunerik sentitu irratia piztea: Iruiñean beste komando bat erori duk: hire lagunetaz pentsatzea: erlazio asoziatiboak egitea lurpean ikustea hire ama lagunen bila: interruptoreari eman diok eta gela desordenatua agertu zaik errealitatea bailitz: musika entzutea will you be here: musikaz lasaitzea konformatzea: hori duk azkenean, egite, esate, izatearekin konforme izatea dituk felizitatearen giltzak, gutxienez hori uste duk: konklusioa, ezingo haiz inoiz zoriontsua izan, ez bait duk inoiz ezer buelta eman gabe utziko: betirako disidentea: kontradizioak bertan, milia egitean, musika liburu "Kultur" entzute komentatzean: ez dakik non dituan pisuko soldadu lagunak, ohean seguruenik gaueko atxurra pasatzen: bakarrik sentitzea esferaren, hire munduaren erdian difuminaturik hala nola hauts tanto finak aidean eguzkiak begiradaren perpendikularki jotzen dituenean noiz ikuskor bihurtzen bait dira: ordea pentsatzen duk ezen inoiz ez dela izan gizonik zeina bakarrik gelditu denik: Robinsonek Viernes zuen eta Tarzenek Jane: hik Arantxa maitea duk, soldadukideak lagunak: halaz ere bakarrik hagoela ipintzea hire poemetan: soldaduskan denbora ez galtzearren egiten ari haizen poema liburuan: kultur habeak ezertzea: ez galdetzea zertarako: guztia aurresuposatzea: bakardadea: aitzakia.

 

Buruak bueltak ematen dizkio Pinttori, bat batean jendea areagotu egin dela Konstituzioan deritzaio. Umeek gurasoen eskutatik tiratzen dute. Guztia ikusi nahi dute haurtxoek, guztia galdetu nahi. Perigizon trebeen elokuentzia anplifikatua edozein adorno saltzen. Aidea kondentsatu da, giroak eta koloretako pastilatxoak Pintto konfunditu dute. Hamabiak. Ezkilkada hotsak aidean sakabanatzen dira hareazko zirkuluak bailira. Pintto txanpon zaharrak saltzen dituzten mahai baten azpian etzan da.

        Logabearen uholdeak hersten doaz Pinttorengan.

 

Larunbat batetan arratsalde osoan zerbezak, zigarroak, jazz-a eta elkarrizketak bukatu ondoren, eskua ematearren, musukatzearen eta eskaratzeko mihizkatzearen ostean etxera sartu zineten. Zuzenean bere galera. Argia piztu zuenean Arantxaren gela gurgarri bilakatu zitzaizun. Ezkerretan apal txiki batean liburuak, eta ispiludun armarioa, harunzko aldean ohea zeinaren gainean Charloten argazki handi bat bait zegoen. Eskubian, mimbrezko kutxatxoa eta gainean apal batetan panpina pilo bat. Oso ordenaturik guztia.

 

Maite zintuela, Arantxak. Elkar besarkatu zenuten. Erropak erori zitzaizkizuen nola lilitxuei hostoak. Gustatzen zitzaizuen flexo argi urdinaren goxotasunean zuen gorputzak mirestatzea, panpinen begirada galduei kasorik egin gabe. Ederra zen Arantxa, bikini zuriz ikusten zenuenean baino areago, gorputzaren ertz borobilduek ez zuten perfil batzuren zorroztasuna ezkutatzen, markatzen baino. Amurtsuki etzan zineten ile, hats, berotasun oparo batetan astiro laztantzen gorputzen azal leuna. Hitz politak esan zenitzaiola, Arantxak. Maite zintuela, Arantxak. Zu ordea isilik zeunden, zeure gorputza ari zen ozenki mintzatzen. Uzten zenion gorputzari ezen erabili zezan egoera bere modura. Ez zenekien orduan hitzak ere fisikoak izan zitezkeen, ez eta zenbat min egin zezakeen beren ausentziak. Amodioa ez bait da zera abstraktu bat, amodioa egiten da sortzen da fisikoki gorputz guztia erabiliz. Hitzak eta gorputza ez dira bi, bat baizik. Bainan amodioak galdu behar horrelakoak jakiteko. Ez zenion Arantxari minik egin nahi bainan ezin zenuen ere barne arazo haren desorekan jarraitu. Esan nahi zenion ez dagoela amodiorik, amodioa mito bat dela, hitz abstraktu bat eta alderantziz maite zenuela, zuk. Faltsua gelditzen zen batez ere Arantxak maite zintuela esaten zuen bakoitzean. Beroki Arantxak, maite zintuela Maite, gartsuki Arantxak, maite zintuela Maite. Maite! Maite!

 

Gora hip! Gora Euzkadi aintza hip! aintza. Pinttok ezin dio bere buruari atsedenik eman. Izugarrizko zarata dago hip! gainera mozkor bat kantari. Mozkorra ez da handia, gizena, potoloa, burusoila, alkandora txuria hip! txaketa urdina darama soinean txakolinez puzturiko globo baten gainetik. Gora Euzkadi hip! Askatasuna. Gora Jainkoa hip! Legezarra. Katapunba! Lurrera erori da, hankaz gora. Ia, ia, Pintto harrapatu du azpian. Eskerrak Pinttok garaiz ikusi duela hip! ezkerretara jo duela, bestela...

 

Kontatzea: bat, bi, Gorka, hiru, lau aste ta bost egun: laister izango haiz Arantxarekin: laister Donostian: Josemi eta besteak beste errenplazo batetakoak ditu: beranduago bukatzen ditek: bost axola hiri, hik heuk bukatzearekin nahikoa duk, besteak horkonpon!: berriro hastea: gizon heldua izatea: zeinean lan egin bulego bat aurkitzea: dibortzioan espezializatuko haiz, modako gaia eta prometitzen duena: pisu bat alkilatzea: gero etorriko duk erostea: Arantxarekin bizitzea: ezkontzea ez: bueno hori Arantxarekin hitzegin beharko duk: formalizatzea: itxura onak beti ematen bait dik kapitalarekiko konfidantza: zuhurra izatea nola Sanmartintxiki bere gentilei eginiko lapurketa prometeikoetan: partido politiko batetan agian sartzea: lehenbizi onuragarri izango zaian postu bat negoziatuko duk noski: ez, ez, ez: sinistu nahi duk miliak ez hauela aldatu: ez, ez, ez hau aldatu: aldatzeak gainera Arantxaz utzia izatea suposatuko likek: edo bera ere aldatuko hukek hirekin batera?: ez duk pentsatu nahi ere: uztea: Arantxarekin batera etorkizuna proiektatzea: edo ez proiektatzea: ez proiektatzea: ez.

 

Pintto ezkerretara doa, Astelehenako arkutatik, Kaskabarrakotara. Plaza erdian disko ta zinta saltzaileak haruntzago. Kaskabarraren eskubian liburu saltzailearen aintzinean Maite dago eskuz eginiko jertseak saltzen. Kolore biziko jertseak. Pinttok ikusi du eta berarengana doa.

 

— Etor hadi hona! Ez aldegin gero eh! Pittolo non ibili haiz. Pintto laztanki buztana mugituaz makurtzen zaio ondoan eta lurrean etzaten da. Hamabi ta erdiak. Ezkilkada hots bat aidean sakabanatuz hareazko zirkuloa bailitza. Liburutegi munizipaleruntz begiratzean bikote bat ikusten du Maitek. Kontxo, Arantxa ta Gorka datozkigu aurretik. Ai, Arantxa, ez dakizu nola sufritu dudan Madriletik Gorka etorri denetik. Bai. Segituan nabaritu zenion. Ohituak zeuden zeuen gorputzak "Godot-en zai" ensaioen ondoren elkartzen. Eta egunetik egunera zindoazen frogatzen maitasuna, amodioa zerbait zela eta sentitzen zenuela. Gorka ez zen arazo bat zuretzat. Asko estimatzen zenuen. Hirukote polita osa zenezaketen. Bainan, ordea, Arantxaren eskuak, eta musuak aldentzen zihoazen, zerbait zuen Arantxak ensaioa bukatu ondoren, ez zuen izaten gelditzerik. Ez zenuten paseio gehiago eman Urumea ertzetik, kotxean aldegiten zizun, presa izaten zuen. Ez, ez zenuen Gorkaren jelorik, min egiten zizun Arantxaren jarrerak. Orain guztia hasieran bezala balego gertatzen da. Elkar ezagutu zenutenean bezala, Arantxak habilidade handia du hitzegiten, umearena egitea gustatzen zaio, okurrentzia majoak ditu. Zuk Maite, zeuk ere jarrera berbera eramaten duzu, hasieran bezala. Orain Maite, Arantxa maite duzunean. Gorka ta Arantxa Kaskabarrako arkupetan sartu dira. Maiterengana doaz zuzenean. Pozik daudela ematen du. Maitek ere irrifartsuki hartzen ditu.

 

— Zer moduz. Maite?

        — Azer galdera...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.