Izan nahi nuke... (ZURI-ri)
Steven
Doinua: «Goizian argi hastian»
1
Idazten dizkizut hemen
hamaika bertso lerden
preso dauden sentimenduak
askatzeko hain zuzen,
lanbide batzuk
aipatzen ditut
zeu ohartu zaitezen
zenbat gauza izan nahi dudan
eta zer gutxi naizen!
2
Izan nahi dut marinela
hartu nire batela,
eta tatuaje txiki bat
egingo dut ahal dela
zure izena
jartzen duena
itsasoak bezela
nire azalak senti dezan
zure laztan umela.
3
Izan nahi nuke okina
ta egin ahalegina
neure eskuekin lantzeko
sentipenen irina,
gozo igurtzi
ondoren utzi
zulako ogi fina
nire bihotzeko labean
berotzeko jakina.
4
«Koloredun tximeleta»,
«Lur gozodun planeta»,
«Maitasunaren iturritik
sortu zaren erreka»,
askoz hobeto
zu omentzeko
izan nahi dut poeta
eta zure gorputz osoa
poesiaz fereka.
5
Izan nahi nuke soldadu,
neure burua saldu,
lubakietatik maitasun
telegramak bialdu
ta zure aurka
egin burruka,
irabazi zein galdu
balak diren zure musuei
alkondara zabaldu.
6
Izan nahi dut astronauta
izar eder bat hauta
bizi osoa bertan eman
ilargiari zaunka,
ta azkenean
ustekabean
joko dut zure aurka,
zure grabitate indarrak
harrapaturik nauka.
7
Egin nahi dut gogoeta,
mila ta bat olgeta,
maitasunaren Ramadana
betirako debeka,
nire Hegira
sortzen ari da,
izan nahi dut profeta
zure barnean aurkitzeko
pekatuaren «Meca».
8
Izan nahi nuke artista:
zirkuko trapezista,
hainbat maite dudan bizia
uneoro arriska,
sarerik gabe
jauzi suabe
lurrerantz jaitsi bista
eta zu izatea gero
ni hilko naizen pista.
9
Nahi nuke apaiz bihurtu,
sekula ez makurtu,
nire kastidade botuak
behin ta berriz apurtu,
zugan sinetsi
gaur, bihar, etzi,
Santu guztiak urtu
eta euren lekuan zure
edertasuna gurtu.
10
Izan nahi nuke pirata,
itsasoak zeharka,
Ron-a edan eta abesti
debekatuak kanta,
zeru erdira
jarri begira
begi bat partxez tapa
begi biekin ikusteko
lar ederra zara ta.
11
Badut mila buruhauste,
kontrakorik ez uste,
aipaturiko ezer ez naiz
baina ez nago triste,
maite banauzu
sinets nazazu
ni neu izan nahi nuke
naizen apurra eskaintzeko
irrifar horren truke.
|