Mantxako azken zaldun beltza
Iragorri
Mantxako tokiren batean, badago haizearen erritmora dantzatzen dakien azken errota bat. Zurea. Aita bezala errotaria zara, eta aitaren aita bezala. Hala ere errotari berezia, tintaren kolore beltzaz jantzirik ahantziari desafiatzen dion zalduna zara. Emaztea duela sei urte lurperatu zenuen, eta zu lutoaren kolore beltzaz zoaz, errukarria.
Batera dastatu zenituzten berrogeitabi urteetan zehar ez zenuten seme-alabarik izan, eta gaur bakardadea espetxerik murailatuena da, zail da ihes egiten.
Ah, zure Dultzinea! Mantxa zabaleko hondar aleek osatu ejerzitoa xehetuko zenuke zure errotarri soilaren laguntzaz, bukatzean, bere tximak berriz ukitzerik bazenu. Baina azken sei urteotan zaldun eta dontzeila istoriak beste Cervantes batentzat utzi dituzu. Nor da gaur zure musa? Lo zaudela, irin zakuan etzana, errota entzunaz maitasuna egiten duzu, bakarrik.
Aspaldian ez da errotarik dantzan ikusten, eta errotariek beren azken diruak apostuan edo tabernan xahutzen dituzte. Mantxako haizeek Caribeko irlaren batera egin dute ihes, eta beltzez zoazen zuri, gajoa, ez zaizu putz egiteko indarrik geratzen, eta besterik ezean, alea beharrean, hutsa xehetzen ikasi behar izan duzu.
Gaur eguzkiak gogoz berotzen du, beti bezala garai hauetan. Jeiki bezain laster ohartu zara errota lehendabizikoz gelditu egin dela, eta azkenetan dagoen poeta batek bezala zure azken urrezko bertsoa idazteko garaia heldu dela. Zure beltzik dotoreena jantzi, dituzun mila duroak hartu eta poltsatxo bete irin poltsikoan sartuaz Toledorantz abiatu zara, oinez eta isilik, zure errota bezala. Bai, haizeak nahiago ditu delako erregearen bela lasterketak.
Autobusean pentsakor zoaz, xehetu duzun ale bakoitza zure historian kokatuz, eta bitartean, aurrean doan emakumea ez da isiltzen. Aspertuta edo, autopistatik ikusten diren herrixkei izenak asmatzen hasi zatzaie: Puerto Salado, Marea Vaja, Tormentoso, Naufrago IV...
Heldu zara Madrila, eta burumakur eta eskuak poltsikoetan, azken bataila zelaiaren bila hasi zara. Geldiro eta jendea sahiesteko inongo ardurarik hartu gabe, populazioaren artean nahastu zara, batzutan korrontearekin bat zoaz, gehienetan aurka, eta nekatuta zaude. Egunak ere aurrera darrai, eta izerdiak alkandora beltza gorputzera josi dizu. Kaleak leku guztietatik, jendea kale guztietatik, urruntasuna jendearen aurpegietan. Irribarre egin duzu, beraiek ere sufritzen dutela ikusi duzunean. Barre algarak salatu egin zaitu, eta pikolo bat begira geratu zaizu, keinu susmagarriz hortzak erakutsi eta bere arma zuregana apuntatzen jarri du. Baina zuk aurrerantz darraizu, arma erakusketari lepoa emanaz.
Azkenean eman duzu berarekin, zure Dultzinearen izena gordetzeko bidaia luzea egin ondoren, aurrez aurre zaudete.
Inoiz ikusi duzun erraldoirik erraldoiena da, zure errota besteko ahoa du, gose handia, txima luzeak, izozten duen begirada, eta bihozgabea, benetan bihozgabea da. Azken dema Justizia Jauregiarekin. Baina ez duzu beldurrik, eta ilea eskuaz orraztu ondoren (beti ere erraldoia bistatik galdu gabe), hurbildu egin zatzaizkio. Eskilaren aurrean gelditu zara, beste pausu txiki bat eman duzu, eta segurtasun osoz, eskua poltsikoan sartu eta irin poltsatxoa atera duzu. Soka askatu eta irina, birjina, buruan bera bota duzu, eta magiaz bezala armadura zuri batez jantzi zara. Izakiari begietara begiratu, astiro eskuak fraketara eraman, eta botoiak askatu ondoren txisa egin duzu eskilaretan, bere oin-oinetara. Gero, oihuka ari zaizun trajedun gazteari aditu gabe, «ez dago justiziarik» bota duzu. Buelta eman eta garaipenak ematen duen lasaitasunarekin berriz ere jende artean nahastu zara.
Urteak dira ez duzula ardorik edan, eta taberna honen freskotasunean gustora edan duzu baso bete. Eserlekuaren atalaiatik taberna, tabernaria eta tabernazaleak obserbatzen aritu zara denbora luzez, atearen bestaldean, kalearen erdian dagoen kioskoa ikusi duzun arte. Zutitu eta kamara geldoan bezala bertara hurbildu zara. Playboy bat irakurtzen (irakurtzen?) zebilen dendari lodikoteak ikusi zaituenean urduri jarri eta orriaren ertz batekin hatzamarrean ebakidura txiki bat egin du, eta odolaren kolore gorriak eta beroak ia zorabiatu zaituzte. Poltsikoetan geratzen zitzaizun diru apurra eman ondoren eskura izan duzun lehen egunkaria hartu eta laster batean urrundu zara.
Parkean libre zegoen lehen eserlekuan etzan zara, egunkaria zabaldu eta gainetik bota duzu. Bat batean dena isildu da, eta jada ez duzu berorik sentitzen. Begiak itxi dituzu, eta zaldun baten elegantziarekin nire zain geratu zara, zure Rozinante zuriaren gainean arrapalada azkarrean doan heriotzaren zain.
|