Amodioaren sofrikarioez
Shaktale
Amodioaren sofrikarioez jardun ziren egun hartan
hondartza ondoko kafetegiko bakardadean,
zerbitzari alkandora zurien joan etorrian erreparatuz,
Ruper Ordorikaren musika imajinatuz,
itsasoaren zurrumurrua belarritaratzen zitzaien bitartean.
Zuri beltzez jantzitako bi lagunek
hitzik gabeko elkarrizketan murgilduta zirauten,
hiri urdinera itzultzeko lotsaz.
Begirada eta keinuen bidez konturatu ziren
ez dagoela arantzarik gabeko larrosarik,
egunsenti guztien ondoren, gaua datorrela,
eta elkarbizitza latzegia dela
bakarrik egotera lar ohituta
dauden arima anonimoentzat.
Mingotsa izan zen agurra;
mahaitik altxatu, elkar besarkatu
eta bakoitzak bere bideari ekin zion.
Atzera begiratzerakoan,
batak bestearen begirada bustia nabaritu
eta korrika aldegin behar izan zuten
itsas ondoko taberna hartatik,
ordura arteko laztan, kilometro, poema, izara arteko une,
zigarro, musu eta zerbezak derrepente ahaztu beharrez; betiereko iheslarien pare,
bizitzako bihurguneek behin eta berriro
zoriontasunaren errepidetik aparte utzi zituzten
gidariak bailiren.
|