...Baina Zein Ederra Bitartean
Iragorri
Nik hilko dinat.
Hik? zergaitik hik?
Nik hasi ninan hau guztia, eta nik bukatuko dinat.
Neguko elurrak urtuaz doaz apurka-apurka, eta herriak bizirik jarraitzeko asmoa duela ematen du. Nire gabardinak ideiak bero mantentzen dizkit; azkar pentsatu behar dut, besteek baino azkarrago.
Zigarro bat atera eta kale estuetan zehar abiatu naiz. Kafetegi horretan aurkitzen gineneko garaia melankolia gutxiz oroitzen dut. Sartu naiz. Zigarroak ez nau zu oroitarazten, eta txokolate beroa eskatu dut. Bitartean osasunerako onuragarria den abestia jarri dute.
Lurrin lodiaren artetik mutiko gazte bat hurbildu da. Loresaltzailea deitzen diote. Besoa luzatu eta udaberriko lehen lorea utzi dit eskuan. Irribarre eginaz berriz ere lurrin lodiaren atzean desagertu da. Badakit hemen izan zarela. Ixiltasun une batez baliatu naiz kalera irteteko. Bide onetik noa, berandu helduko ote naizen beldur naiz ordea. Besteen zaunkak gero eta hurbilago entzuten dira.
Hotza da leihoetako kuleroen artean dabilen haizea, eskerrak gabardina daramadan. Itzal artean ibiltzeaz nekaturik iturriko plazara heldu naiz, eguzkiak beti berotzen duen plazara. Zure arrastoa galdu ote dudan susmoa dut, hala ere loresaltzailearen lorearen lurrinak lasaitu egin nau denbora dudala esan didanean. Plaza erdian etzan naiz, begiak itxi ditut eta eguzkiaz gozatu dut. Iturriko uraren txorrotxio melodikoan egin dut igeri, astiro eta arnasesturik gabe. Badakizu maite zaitudala Maddia, eta ez bakea ematen didazulako, edo sexua, edo kolorea, edo hegoak, edo mina (zergaitik ez?), edo musika, zure begi berdeetan gorrotoa irakurtzen ez delako baizik, edo gezurra, edo arrazakeria, edo bang!, edo kateak, edo zalantza. Ez dut itotzerik izango ura hurbil dudan bitartean.
Atso batek iratzarri nau eskutik tiraka hasi zaidanean. «Eskua... eskua irakurriko dizut», «ez dut... ez dut denbora askorik... ez dut denbora askorik baina tira», «loreak... loreak ikusten ditut... eta... ohhh... emakume eder bat... emakume eder bat barrote ilunen atzean... beldurra... beldurra eta besteak... ohhh... azkar... besteak hurbil... besteak hurbil daude eta».
Tira, atsoak arrazoia zuen. Udaberriko lorategian zaude, beste lore bat bazina bezala. Zazpi aldiz galtzen duzu birjinitatea egunero eta hala ere zein eder zauden poeta frustratuen narrazioak axolagabe irakurtzen. Sentitu nauzu eta liburua lurrean utzi bitartean ni zure ondoan eseri naiz harrizko bankuan, eta begirada jaso duzu lotsati, beti irrifartsu eta begi hoiekin. Ez dakit zer esan Maddia, eta nik ere irrbarre batez agurtu zaitut, azken musua eman orduko. Lehen musua bezain bitxia, bitxia erretzerarte. Besteen klik-klak hastunak entzuten dira gure atzean, baina ni azkarragoa naiz eta nire ahoa zuretik aldendu barik labana sartu dizut sabelean, barreneraino, sufritu ez dezazun. Gure gorputzen lurrinak loreenekin nahastu dira. Pozten nau sufritu ez duzula esaten didan zure irribarrea ikusteak eta besteek zure jantzi zuri zimurtua bakarrik aurkituko dutela jakiteak.
Eta?
Eta zer?
Ondo sentitzen al haiz? Maddiarenagaitik esaten diat.
Lasai, lorategi honetan beti dun udaberria eta.
|