L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zantzoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zantzoa-4 (1997-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Tristegoria

 

Stanley

 

Txikitan

edozer izan zitekeen indioen denda:

manta zahar bat

errekaren hotsa

amaren magala.

Txikitan

edozer izan zitekeen bakeroen fuertea:

besaulkia

sukaldea

ametsak.

Eta bakeroek dena zeukaten

erdera zuzenean hitzegiten zuten

indioek, ordea, ez zekiten aditzik.

Bakeroek sua zeukaten eskuetan

burdinezko zaldiarekin etortzen ziren

betirako geratzeko asmoz

—galdetu gabe

lur haietan norbait al zen—

telegramak bidali zitzaketen

generalarentzat, amorantearentzat

eta indioek ezin zuten ke seinaleekin

«maite zaitut» esan.

 

Bakeroek dena zeukaten

uniformea baino urdinagoak ziren begiak

lehendakari bat trenbidearen bukaeran

irabazleen irribarrea.

 

Pentsatzen aritzen naiz

lorik hartu ezin dudan gauetan

agian horregatik maite dudala hainbeste

nire herria

txikitan, aspaldi,

indioak bakeroak hiltzen marrazten nituen

arrazoi berberengatik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.