Stop-aren azken autoak
Okendo
Hiri denen antzera
honako hiriak ere baditu bere STOPak.
Hiritik at
STOP bakandu bat,
galeoi zaharren antzera
ondare baliotsua.
Populazio demasaren agonia,
bertan haizearen pasodobleak akitu
eta menditik datorren ekia
ez dago berotasuna emateko kariaz.
Poza darien «L»dun gidariek
sakontasun abisalenetaraino zapalduz,
nola euki STOPa gogotan?
Zahar ahituenek,
memoria txautu gabekoek ere
paso egiten bait dute.
Arratsa iluntzear dagoela,
gazteen kontzentrazio gunea.
Etenik gabeko gazte piloa
autoren bat xerkatu nahian.
Neskak soineko flabelatuz
eta mutilak
alkandora baldarrenaz
auto STOP.
Ostantzeko kapitalista kokiztuak
ez bezala,
asteburuetan auzi larriak
izaten dituzte desplazatzeko.
Baina STOP seinalea
kondenaturik dago
metro kuadratu bakoitza
ikutzen duen elur maluta,
euri tanta edo
negar anpulu bakoitza kontrolatzera,
legearen arabera dago metro kuadratuko
populatzearen salneurria eta,
hamar mila pelatik gora.
Zahartzearen definizioa
inhalatzen du seinale honek,
jakinaren gainean dago
katedraleak kudeatzen diren antzera
STOP seinaleak zehatu egiten direla.
|