L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Izenaren bila (Zintzhilik) (1986-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Diru kontutan

 

Mª Luisa

 

Oraingoan nire ordua da, gehienetan besteak izaten dira nitaz hitzegiten dutenak (ez oso ongi gainera). Orain berriz, aukera honi esker, nire eta besteen berri emango dizuet.

        Gizonen artean dabilen gauzarik garrantzitsuenetakoa naiz; nere txiki guztian, handi asko baino beharrezkoagoa eta boteretsuagoa naiz. Nire itxura xelebreak zerbait argituko dizute agian. Borobil borobila naiz eta nahiko argala; Ez dut ertzarik, ez ixkinik ez eta ere inongo punta irtenik. Zure behatzek buelta osoa eman nazakete ostoporik aurkitu gabe. Aurpegia ere badut, bainan beste gizon ospetsu bati esker. Beti egoera berdinean nago: ez zait ile bakar bat ere mugitzen, nahiz eta aize handia egon; sudurrik ez dut inoiz ukitzen, katarroa izan arren; ez didazu sekulan begiekin keinu bat egiten ikusiko.

        Badirudi estatua bat naizela edo irudi xinple bat besterik ez. Bainan nik ere, bizidun guztiak bezala, sorbalda gainean nire "gurutzearen" zama jasan behar izaten dut.

        Dudan boterea ez dago nigan; ezer gutxi naiz handien lana betetzeko; hain estimatua izatearen arrazoia, gizonek eman didaten balioan datza. Metal zati batek izan ahal dezake ba honenbesteko arrakasta?

        Mendez mende atzeratzen joaten bazara, agian aurki dezakezu nire balioaren arrazoia. Bai, nire arbasoek, nik ez dudan berezitasun bat bazuten; ez ziren metal zati arrunt bat bakarrik. Haiek garai habeagoak ziren, eta bere jantzietan ikus zezakeen. Nagusienak urrezko jantzia zeramaten, bere ondorengoak, zilarrezkoa; atzetik gelditzen zirenak, kuprezkoak eta latoiezkoak, berriz.

        Niri ere gustatuko litzaidake garai hartan bizitzea!; orduan bai errespetatzen gintuztela!, eta ez orain erabiltzen gaituzten bezala. Askotan ikus ditzaket nire adiskideak lurrean eroriak, inork jasoko dituen itxaropenik gabe; edo gizonek tiroka duten trebetesuna frogatzeko, diana modura jarriak; eta oraindik okerragoa; noizbait, gustokoa ez duten abeslari baten saiora joaten direnean, zutitu eta beste edonora joan beharrean, beren praketako poltsikoetara eskuak sartuz, guetako batzuk harturik, abeslariari tirokatzen hasten dira; ustegabeko jaurtikigaian (proiektil) bihurtzen gaituztelarik.

        Zer egin ote dugu guzti hau jasan behar izateko?

        Urteak eta mendeak pasa ziren eta egoera hobeagotu beharrean, atzerakada handia nabaritu zen.

        "Krisia" hitza jarri zen modan; ez zen besterik entzuten. Momentu larriak izan ziren eta nola edo hala, inpernu hartatik ateratzeko, irtenbide baten bila zenbiltzan eskualde nagusienetako buruzagiak.

        Une honetan hasi zen gure beherakada. Gure jantzi dotoreak erantzi zizkiguten; oraindik gaur egun daukagun itxura emanaz. Bainan hori nahikoa ez zela eta; metale harek (bere txirotasun guztian) ematen zigun itxura sendo eta trinko hura ere kendu ziguten. Bere ordez jantzi hauskor, pisugabe, eta iraupen gabeko bat eman ziguten; paperekoa alegia.

        Une hartatik hona, gure itxura ezin zitekeen okerragoa izan; pisu eta kolore gabeko txanponak, eta zimurtu, margotu eta hautsitako dirupaperak besterik ez gara.

        Hala ere, gu gara nagusi. Mundu guztia guri begira eta gure beharrean bizi da. Munduaren indar mugitzailea gara. Gu gabe ez legoke aberatsik ez eta ere behartsurik (agian hori izango litzateke mundu ustel hau konponduko lukeen bide bakarra).

        Bitartean, eta orain arte egin duzuen modura, errege eta jainko bat bezela gorestuko nauzue. Ni bai naiz mundu honetako erregea; begira bestela nigan dagoen irudia. Ez ote naiz ba ni eskualde guztietako agintaria?.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.