L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 2 (1987-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Perlita

 

Pitxu

 

Hiriguneko pasialeku dotorea. Etxe zuri ederra, baina bertan Areiza andreak ezin du lorik egin. Senarrari kezkati mintzatzen zaio. Arazoa Perlita da. Perlita atzo arte alai asko zebilen bere betiko bizitasunaz. Eta zein polita zegoen artilezko beroki berriarekin! Perlita berak ere oso gustokoa zuen. Nolako inbidiaz begiratzen zioten auzokoek! Zer gertatuko ote zaio gajoari? Ez du jan nahi, ez da gure betiko Perlita. Sendagilearengana eraman beharko dugu.

        Kale batzu harantzago. Paisaia guztiz aldatu da. Orain ez daukagu zuhaitzik, ez eta etxe ederrik. Zakurrak ere desberdinak dira eta hauen pis usaiak garratzago ematen du hemen.

        Luisak bere familia mantendu behar du. Gauero bezala kalera irten da bezero bila. Senar mozkortia etxean utzi du ohiuka, haurrak negarrez.

        Hemen dator lehenengoa. Ez du ordaindu nahi. Ezer ez. Ez dut nere gogoz egiten, xoxik gabe ez dago plazerrik. Puta deituz alde egin du. Gazte batzu pasa eta begira geratzen zaizkio. Ez du ba negoziorik espero puta zahar horrek? Fardel bat dirudi.

        Azkenean bezeroa datorkio. Diru hutsagatik egiten du, ez dago beste erremediorik.

        Geroago beste bat.

        Goizaldean etxeratzen da. Senarra kalean dabil, haurrak lo. Lo egingo dut. Arestian senarraren pausoak somatzen ditu. Atxurtuta dago. Dirua nahi du. Ez. Haurrek jan egin behar dute. Dirua, emagaldu zikina! Botila batez hiltzen du enaztea.

        Euria, kaleetan alkohol usaia. Azkenengo gau-txoriak urrats geldoz pasatzen dira. Kanta desafinatu bat. Haur-negarrak.

        Eguzkia dizdiratsu irten da. Areizatarren etxeak urrezko jauregia dirudi. Perlitak gaixo jarraitzen du. Sendagilearengana joan behar, baina lehenengo egunkariari ikustalditxo bat. Bigarren orrialdean EMAGALDU BAT ERAHILA. Presaka irakurri. Ondo egin du. Gizon koitaduak jasan izan behar duena. Emagaldu nazkagarriak.

        Areiza andereak Perlitaz arduratzen jarraituko du. Besteen mirezpena dastatzen. Harentzat hiri bakar bat dago. Mundu bakar bat. Berea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.