L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 4 (1989-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Haur literatura:

polemiken artean, goraka

 

Xabier Etxaniz

 

Polemika ugari eta ezjakintasun handia dago haur literaturaren inguruan. Izena berak ere eztabaidak sortzen ditu. Zer da hau literatura? Nori zuzendurik dago? Literatur generoa ote?

        Polemika guzti hauen oinarrian oker handi bat dago, hots, haur liburua eta haur literatura parean jartzea (inork ez du onartuko Bakarka metodoa euskal literatur liburu bezala, zergatik esan orduan Teo haur literatura dela?). Oso errore handia eta zabaldua arestian aipatutakoa; izan ere literaturtasuna, poetikotasuna, eduki behar du literatur  testuak, haurrei zuzendurik egonik ere. Eta arazo honen haritik kalitatearena azaltzen zaigu. Une honetan, haur literaturan, helduen literaturan bezala, liburu kaxkar asko argitaratzen da, irakurle, argitaletxe, baina batez ere generoaren kalterako. Arazo hau dena den, euskal literatur osoan gertatzen den arazoa da; kalitate handiko liburu batzuren ondoren oso maila bajuko idazlan ugari aurki ditzake irakurleak, eta aukeraketa horretan kritikak lagundu beharko zuen baina —eta hau ere geure literaturaren hutsune bat izango litzateke—, zoritxarrez kritikaren lurraldea basamortu zabal bat da oasis txiki batzuk sakabanaturik dauzkana. Ezer gutxi egiten da arlo honetan, nobedadeak plazaratzean hauen berri ematera mugatzen da egungo kritika gehiena, eta hori egiten denean soilik.

        Bestalde gizartea aldatu da, herritik hirira, baserritik hiriko pisura, sorotik lantegira; gizartea aldatu da eta baita mentalidadea ere. Heziketan, pedagogian, garrantzi handiagoa ematen zaio liburuari. Ahozko literaturan emandako hausturan zubi lana betetzen du liburuak askotan; fantasia, irudimenarekin erlazionatzeko tresna da. Eta heziketan ere garrantzi handiago ematen zaio. Guzti honek zera eragin du, liburuaren, haur liburuaren behar handia. Irakurle asko eta merkatu berria izateaz gain infraestrukturarik gabeko lurraldea dugu hau. Faktore hauek bultzatzen dute argitaletxeen lana eta bat batean hau liburu sailak perretxikoak legez sortu dira oraindik ere ongi prestatu gabe zegoen soroan.

        Onartu behar da egoera honek eraginda liburu kaxkarrak ere argitaratu direla —are gehiago kalitate ete kritika faktaren ondorioz—, eta horrek ezer gutxi lagundu diola haur literaturari.

        Euskal haur literaturan goiko guzti horretaz gain, hemengo argitaletxeen eta euskararen egoera gehitu behar da; dena dela, azken urtetako lan izugarria ikusirik, badirudi konpon bidean daudela arazo bi hauek. Baina agian, interesgarriagoa da euskal haur literaturan gertatu dena. 1.975. ez gero kanpoko argitaletxeak hasi dira euskaraz produzitzen —beren lanak euskaratzen, haobe esanda—. Hasieran Bartzelonako La Galera izan zen, gero Altea, Argos Vergara... eta azken urte hauetan S.M., Anaya eta Alfaguara izan dira beren liburuak euskaraz argitaratzen hasi direnak.

        Zergatik argitaratzen dituzte haur liburuak soilik? Momentu honetan negozioa izateaz gain, haur literatura delako egoera normalagoan aurkitzen den arloa. Itzulpengintza, esaterako, omarturik dago, irakurleak Rodari, Orwell, Verne edo Ormazabalen lanak irakurtzen ditu jatorrizko hizkuntza kontutan izan gabe. Eta fenomeno hau aipatzen dut helduen literaturan ematen ez delako. Euskaraz gehien plazaratzen duen argitaletxe ardunadunaren hitzak errepikatuz: "Euskaraz askoz gehiago saltzen da sor lan txar bat, itzulpen ona bat baino" (helduen literaturaz ari zen).

        Eta normaltasun bide honetatik hasi dira sartzen kanpoko argitaletxeak, haur txikientzako liburuetatik hasita, 14-15 urtetako gazteen gustokoetaraino, tarti zabal horretan aurki daitezkeen mota guztietako liburuak plazaratuz gure arbasoen hizkuntz zahar honetan. Eta fenomeno honek azal dezake, neurri batean bederen, euskal haur literaturaren gorakada, baina batez ere badirudi euskal argitaletxe nagusien eginbehar garrantzitsuena haurren arloan kokatzen dela, eta honek, jakina, gero eta liburu gehiago eta hobeagoak plazaratzea erkietsi du. Gero eta gehiago zaintzen bait da ilustrazioa, testua, konposaketa... liburu atseginak, erakargarriak, izan daitezen, erdarazkoen parekoak behinik behin.

        Dena den, zulo ugari dago bide honetan eta arretaz ibili beharko litzateke, didaktismoak, pobreziak, sinplekeriak... kalte handia egin diezaiokete haur literaturari. Izan ere haurrak ulertzeko moduko hizkuntza izateak, ez ditu lexiko pobrezia, ez estruktura sinpleegiak suposatzen. Moralismoak, bestalde, poetikotasunaren eta irudimenaren aurka jokatu ohi du, eta neurri batean, haur literaturaren birus arriskutsuenetako bat da, testu gehienetan aurki daitekeena, baina tamalez, testu batzutan behar baino askoz gehiago desarroilaturik.

        Argitaratutako haur literatur liburu askok goiko bi arazo nagusi horiek dituzte, eta hori gertatzen da haur literaturaren ezaugarriak ez ezagutzeagatik. Oso zaila da kalitatea zainduz oreka gordetzea, testu atsegin, entretenigarri, poetikoa... edaztea eta era berean haurrak ulertzeko moduan. Kritikak lagun zezakeen bere lanaren bidez, baina tamalez, lehenago aipatu bezala, ezer gutxi egiten da arlo honetan eta agian hauxe da euskal (haur) literaturaren hutsunerik handiena.

        Hala ere, nahiz eta narratibagintza soilik landu, nahiz eta kalitatearen arazoa hortxe egon, nahiz eta didaktismoak edo simplekeriak kalte egin, hala ere, esan daiteke euskal haur literatura goraka doala, zorionez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.