L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 4 (1989-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Zornaturik

 

Gorka J. A.

 

Ilunabarreko lehen itzal horien azpitik, irudi iheskorrak isileko begiradak itzuritzen saiatzen da, heremilezko xirimiriz laztanduriko espaloi zikinekin bat eginik aurrera doa, ertzetako errail biluzien gainetik burtzoragarri, berandu iritsiko dela ziur dagoenaren presa mamutsuaz izkinak gainditzeko prest.

        Tabako ke usai sarkorraz besarkaturik, algara hazkorrak kobazulora iristear dagoela iragartzen dio. Sartu baino lehen, usain gurintxetan hiriko giro nabarrean itastar aromaz bustitako bolada galdua eratxekitzen du.

        Pausoka, kobazuloko eskailera bihurkagarriak irudiaren gibelean proiektatzen dira; atzean utzi du jada, zeru zurbilean zalu hedatuz zihoan lohidura beltza; gaueko ozeanoan alkitranezko lohidura.

        Kobazuloan, begirada zorrotza lagunen buru flotagarriak atzematen saiatzen den bitartean, euren bizitzaz ezer esaten ez duen musikaz blai, kolorezko argiz zastaturiko gizakiak dantzatzen dute.

        Lagunak aurkitu ditu pozaz mozorroturik, alkolaren eraginez batik bat. Irudiari luze iruditu zaion denbora igaro dute kobazuloan giza eme eskulturak bistaz zeharkatzen. Irten dira akabuz ilunpetik, kobazulo erraietatik ateratako doinu frenetikoek giroa gainezkatzen dute, doinu frenetiko horren notak antzo gabiltza kaletik.

        Beste bat: zazpizurito; asteburuko leloa gorputz aspertuan iltzatua, itsaso barearen monotonian olatua sortzea espero duenaren itxaropenaz elikatuz. Garunean apika-apika olatua itxura ezagunean gorpuzten doa, gogoeten jabea.

        Edozein mementutan, edozein lekutan beti begirada hipnotikoa bilatzen du, bakardadearen mamuak zapuztuko dizkion begirada sakaratua xarlangoaren irrikaz miatzen. Nahiz eta imaginen konpainian arriskurik ez existitu, ez ditu haurtzaroko imaginak bilatzen, pertsonak baizik.

        Aterian neoiezko larros argiak dituen pub batetara ailegatu dira. Irudiak, lagunak banan bana galdera ikurrez soegin ditu. Zer, sartuko ahal gara? Zertara dator galdera hori astero sartzen gara eta.

        Pub hartara sartzearen saria aspaldiko lagun baten topaketarekin jaso du. Destinoaren joku kontrola ezina.

        —Iepa Lisa!!! Zer moduz aspaldiko!?!

        —Ba, ondo, ondo, eta zu?

        —Hementxe, beti bezala... Aizu baina aurkeztuko dizkidazu zure lagun hauek ezta?

        Ausardiaz kikildurik (alkolak noizean behin mirariak egin ditzake) naturaltasuna mantentzeko senperrenak egin ditu. Zenbat aldiz jantzi izan ohi du kaxkarkeriaren maskara egoerari egokitzeko!

        Parraren parrez aurkeztu dizkio eta ziztada bizian ahots baten doinuaz eraginik dartara arraroa sentitu du bere baitan, odola irakin dionaren seinale.

        Ahots magikodun neskarekin geratu da solasean, ahots hori maizago entzutea atsegingo litzaioke, baina neskak ez dirudi solaserako oso prest. Egon ere bere pentsamendua beste toki batean dagoela dirudi, ez oso urrun. Noizbehinka monosilaboz edo keinuz erantzuten dio eta irudiak orduan, itsuturik, ahotsaz aparte zirrikitu interesgarririk aurkitzearren intuizio guztia neskaren pertsonalitatea deszifratzen jartzen du. B.S.O. burdina duten abentura kilikagarriak marrazten ditu garunaren pantailean.

        Lagun bat ahots magikoaren jabeari gerturatu zaio, koloniaz dutxatu baitlitzan, granelean saltzen den koloniaren usai zorabiatzailea dakar berarekin. Laranjaz jantzirik dago osoki, daramatzan belarritakoak ere kolore berberekoak izanik. Bere plastikozko irrifarrak mementuaren xarma xehatu du.

        —Oyeszsz maja vamonossssss rrrapido que nosss essztan esssperando Montzo y Gonza con lass motossz en frente del "oasiszs".

        —Ah, que guay, vamos, vamos tope guay. AGUR

        —Agur bai, Agur.

        Irudia gau berukararen pisuaz ahiturik, zanbuluka malekoi argitsuan zehar etxerantz abiatu da. Pentsamendu zirriborrotsutan murgidurik malekoia jadanik amaitua duela eta pausoak hondarretan hondoratzen zaizkiola ez da jabetu. Oinetakoak erantzita korrikari ekin dio, gaueko brisara misteriotsuak ferekatzen du airea abiaduraz mozten doan aurpegia, ileak itsas algen antzera mogitzen zaizkiolarik. Hondarraren igurtzi kaltegabea senti lezake, baita itsasoaren arnas gezala ere. Itsas uhinak lehertzen diren aurrean eseri eta istant bertan edertasun horren jaun eta jabe izatearen asetasuna nabaritu du erraietan. Ortzemuga urtzen den marra perfektoan jarri ditu begiak eta suaz nahasturik aurkitzen diran hitzak etorri zaizkio burura: "Preso zaude eta zara behin ere konformatuko, zorniaren zati bat besterik ez zara". Orain zelda ezagun honetatik, izarren inarrak zeldaren bakardadea hausten saiatzen direnean, beti HORI bilatzen dut, bukatu den udararen zapore gezamina bezala, ekaitz bortitzean blai geratzearen sentsazioa bezala, nere pentsakizuna aurkitzearen min leuna jasaten dut, eta nere begiak betirako ilargirantz begiratuko dute, lortezina, bilatzen. Eta han ikusi dut berriro, gauero zitari leial. Utzi nuen toki berberean dago, ilargiaren kolore berberekoa.

        Baina maskararik gabe, garbi ilargiaren kolore berberekoa. Ongi ikus daiteke bularraren forma leuna, besoena, aldakeena, itsasoaren magalean etzanda, nere zai. Horrela, gogoratzen dudan bezala, beti begiradarekin bilatzen jarraitzen dut, zeruan lehen puska agertu bezain laster, eta zenbat eta gehiago hazten den hainbat eta gehiago ikusten dudala apetatzen zait; bera edo berea den zerbait, bainan bera bakarrik, ehun, mila, jarrera ezberdinetan, bera ilargia ilargia delako eta hilabete bakoitzean zakurrak zaunka egin arazten dituelako eta beraiekin batera NI

 

The Passionate

Night-walker

 

                Eskerrak: Cocteau Twins, Sonicyouth, Danielle Dax, Throwing Muses.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.