L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 5 (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Saltsategia—

 

J.R. Recalde

 

Andoni Egaña

 

Dohairik badut, eta neu ez naiz hasiko neure buruari denak ukatzen, memoria dut haundiena. Bainan baita akatsik nabarmenena ere. Asko akordatzen naiz eta hori lagun arteko apustu tontoak irabazteko ona den bezala, txarra da, politika, erligio eta gainerako ur haundietan murgiltzeko.

        Gogoan nuen J. R. Recalderen iragana Hezkuntza Sailburua izendatu behar zutela zabaltzen hasi zirenean. Hogeitaka urte lehenago nondik nora ibili zen banekien eta ondo jausten zitzaidan tipoa, hutsetik beldurra ematen didaten bitartean, errespetoa baidiet zerbait izandakoei. Halaere felipe-ohiena gehiegizkoa da, begira Vargas Llosari.

        Papeleta gogorra jarri zioten aurrean. Hezkuntzaz denok kezkatzen gara, batzuk zuzenean jasan egiten dugulako eta besteak, gurasoak, gerraondoko belaunaldi hits horretan jaioak batik bat, "guk igan ez genuena izan dezatela behinik behin" pentsatzen dutelako bere neska-mutikoetaz. Gainera, erautsi diezaiogun horri gero eta gainerako ikastetxeen berdinagoak diren ikastolen kasua, eta konturatuko gara gizon honek kargura, igo zuen alderdia eta bestearen, betikoaren arteko oreka mantentzeko egin behar izan dituen ekilibrio ariketak.

        Nahiko itxura normala du, kultureta xamarra agian. Bainan nor eta zer den jakingo ez bagenu eta kalean pasian ikusi, diseinatzaile arrunt hoietakotzat hartuko genuke, edo ongi kokaturiko liburu saltzailetzat, eta despatsodun eskaratze batean sartuko balitz, abogatu edo ginekologotzat.

        Unibertsitatearen azken ardura ere bere gain izango du. Beste kontu bat da hori ordea. Neu halakoa naizelako edo, beti izan naiz eszeptikoa hain jakintza-zentru garrantzitsua oman denaren aurrean. Ikasleak ahal duena egiten du dagokion izen horri ihes egiteko, nahiz izenari ohore egin nahi dionean ere ez duen izaten berak nahi duen hizkuntzan egiteko aukerarik. Eta irakasleek, batzu behintzat, ez dira, konparazioan batere gaizki bizi. Ezagutzen dut Donostiatik Gasteizko Fakultatera planoarekin etorri behar izaten duenik, hain tarteka etortzen da!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.