Saltsategia
Kontratapenaz bi hitz
Antonio Duplá
Ekaitzaren ostean barealdia dator. Aidanez hauxe gertatu da azkenaldiko tirabirak piztu zituen EHUko arazoekin ere; batez ere irakasle faltari dagokienean zeuden arazoekin. Ekaitza iragarrita zegoen kurtso haseratik. Batzuren (errektoradutzaren) ganoragabekeria eta besteen (Eusko Jaurlaritzaren) borondate falta zirela medio unibertsitatearen inguruko jendea geroz eta gehiago moskeatzen ari zen joan zen kurtsoko Otsailean eskatutako 203 irakasleak ez bait ziren inondik inora ere ageri.
Hilabeteak igaro ziren eta azkenik ekaitza benetan lehertu zen. Irakasle eta ikasleen zenbait ekintzaren ondoren benetako ekaitza piztu zen ondorioak zuzenean jasaten zituzten ikasleek benetan ekin ziotenean. Fakultateak ixtea, kanpus barruan ete kanpoan egindako itxialdiak, matrikulatutako ikasleei egindako kalteengatik jarritako salaketa judizialak etab. izan ziren nagusi hiruilabete horren haseran EHUn, Arte Ederretako eta gure fakultateko ikasleak ekintzotan punta puntako agertu zirelarik.
Azkenik, Lakuako Hezkuntza Sailak, Otsailaren haseran, 30 postu berri eskaini zituenean iritsi zen dirudienez barealdia. Barealdi honek, ordea, egiazkoa baino itxurazkoa dirudi, ezarri ziren erremedioak ez bait dira guztiz nahiko eta gainera oraindik orain ere arazo garrantzitsu askok irtenbiderik gabe bait dirau.
Lehenik eta behin, zutik dirau adar elebidunak martxan jartzeko eta zenbait zentrutan masifikazioa ekiditzeko beharrezko diren 203 irakasleen eskakizunak. Plaza hauen bitartez epe motzerako irakasleen heziketa ere planifika zitekeen, euskaraz eskaintzen den heziketan benetan garrantzia haundiko gaia berau (honetarako irakasle laguntzaileen 100 plaza eskatzen ziren).
Eskakizun honi datorren ikasturterako aurrikuspenak gehitu behar zaizkie, eta azken urte honetako esperientzia kontutan izanda, datozen urteetara begira egindako planifikazio bat behar beharrezkoa da. Planifikazio honek demokratikoki eta behar hainbateko epeekin egina behar luke eta irakaslego mailan EHUk dituen benetako beharrei begira. Hauxe da irakasle faltak eraginik jadanik ohizko bihurtu zaigun ikastaro hasera orotako espektakuloa saihesteko bide bakarra.
Bestalde hor dago azken plaza hauetako batzuk adjudikatzeko erabili izan den bidea ere, izendapen zuzena, alegia (argiago nahi bada: hatzamarra). Erabili den bide honek arbitrariotasuna ekiditeko eta garbitasuna ziurtatzeko komenigarri den kontrol sindikala argitara ateratzen du. Premia gorria aitzakitzat jarri arren eta urte honetako Irailera arteko kontratarenak direla soilik esan arren, argi dago inongo kontrolik gabe egindako adjudikazio zuzena erabil daitekeen biderik okerrena dela.
Bada gainera guzti honi gehitu beharreko beste arazo bat ere, alegia, E.H.U.ko irakasle multzo handi bati (%40ari gutxigora-behera) kontratua datorren Irailaren 30ean amaitzen dela. Arazo honek talde honentzat suposatzen duen tentsioa kontutan izan beharrekoa da. Oraindik ez dago oso garbi zein formula erabiliko den, baina talde honen egonkortasuna zihurtatu egin behar da, beronen lana guztiz oinarrizkoa bait da gure Unibertsitatearentzat.
Arazo ugari, beraz, ikastetxeetan bizi den tentsio biziaren oinarri diren eta erabaki sendoz konpondu beharreko arazoak. Honela egin ezik pentsa liteke kurtso bukaera hau "entretenitua" izango dela gutxienez. Hala ere gauza garbi bat behintzat ondoriozta daiteke azken hilabete hauetatik: mugitu diren eta borroka egin duten zentru eta taldeek bakarrik erdietsi bait dituzte beren eskakizunak. Azken egia hau gauza jakina da guztiontzat, baina ongi da berriz ere hemen idatzirik jartzea, beraz bego.
|