L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 6 (1991-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Liburutegiko koaderno ezkutua

 

Patxi Zubizarreta

 

EUSKAL JAIA dela eta. Mariok errezitaldi poetikora deitu zidanean nik deskubrimendu ttipi baten berri eman nion. Liburutegian. Miranderen liburuen artean koaderno bat aurkitua eta lapurtua nuela adierazi nion. Koadernoa anonimoa zen arren, ikasle despistatu eta desesperatu samar batena zirudien, eta bere lehen poema idatzi arteko prozesua eta prozesioa kontatzen zuen. Nik oro har, identifikatuta sentitzen naizelako edo, honen laburpena ZINTZHILIK-en bidez ekartzea pentsatu dut.

 

 

Niri, txikitan, munduaren sorrera honela erakutsi zidaten: Hastapenean, Jainkoak ezdeusetik egin izan zituen zerua eta lurra. Eta lurra zen moldegabea eta biluza, eta ilhunbeak ziren ondarren gain guzian; eta jainkoaren izpiritua ekharria zen uren gainean. Eta jainkoak erran zuen: Izan bedi argia. Eta argia egina izan zen. Kontaketak munduaren sorrera ezezik gizakumearena ere agertzen zuen, eta baita ere lehen bekatuarena ere: Eta sugeak erran zioen emaztekiari: Etzarete segur heriotzez hilen. (...) Emaztekiak ikhusi zuen beraz zuhaitz haren fruitua jateko ona zela, ederra begiko eta itchuraz tirriagarria: eta hartu zuen fruitu hartarik eta jan: eta eman zioen senharrari, zeinak ere jan izan baitzuen.

        Harrez gero gizakumea beti aritu izan da paradisu galdu haren bila. Eta niri paradisu hura Jainkoarenean zegoela erakutsi zidaten. Eta nik sinetsi egin nuen. Eta JAINKOA bezalako hitz handiak oro sinetsi nituen gero: MAITASUNA, BAKEA, ASKATASUNA.... Garai hartan Paul Eluarden poema batean laketu nintzen.

 

                                   1

                Nire ikasle koadernoen gainean

                Nire ikasmahaia eta zuhaitzen gainean

                Hondar gainean elur gainean

                Zure izena idazten dut.

 

                                   2

                Irakurri orrialde guztien gainean

                Orrialde txuri guztien gainean

                Harri odol paper eta hauts

                Zure izena idazten dut

 

                                   3

                Gauen ederraren gainean

                Eguneroko ogi txuriaren gainean

                Espostutako urtaroaren gainean

                Zure izena idazten dut.

 

                                   4

                Soroen gainean ortzemugarenean

                Txorien hegoen gainean

                Itzalen errotarren gainean

                zure izena idazten dut.

 

                                   5

                Eta hitz baten ahalmenagatik

                Nire bizitza ber hastera noa

                Zu ezagutzeko jaio nintzen

                Zu izendatzeko

                Askatasuna

 

        Nire ingurua hobeto ezagutzen ari nintzen: pertsonak, gauzk, ideologiak...

Paradisua nire inguruan bilatzen eta sortzen ahalegintzen nintzen. Eta atsegin hartzen nuen Bitoriano Gandiagaren hitzetan: Iratzarri zen. Jadanik argia lehioan zuen. Eta argiaren aurrean "ondo egin dut lo" esan zuen. Ez zekien zergatik, baina tristurara jotzen zuen berez. Ez zuen triste izan nahi, ordea. Argiari begiratu zion eta gauzak bistaratu zizkion argiak. Betiko gauzak: gortinak, gelako mahaitxoa, irratia, errebistak, posterrak eta abar. Ohetik jaiki gabe ikusi zituen gauzok eta argiaren distiratan berriak bailiran begiratu zituen. "argiak edertu egiten ditu gauzak" pentsatu zuen. Gero poza sentitu zuen. Saltatu ohetik eta garbitzera joan zen. Barruko pozak ura eta, kolorezko toalla eta, gustagarriagoak ikuserazi zizkion. Eta poza argia bezain eder zela ohartu zuen eta "poza zaindu behar diat" esan zuen. Egun hura poza zaintzen pasa zuen, eta liburuak, ikasgela, etxekoak eta denak ikusi zituen pozaren argitan egun eder hartan.

        Baina nire baitan indar berriak sumatzen hasia nintzen. Gorputzarena, esaterako, erlijio berri bat bezala aurkeztu zitzaidan, nahiz moralaren gerrikoa oso estua izan. Antonio Galaren pasarte hura gustatu zitzaidan: Generalifeko baratzerik handienean zen, ilunabarrean. Nigandik gertu, mutil bat agertu zen, nigan erreparatu gabe, belardi batean etzan zen. Eguzki hilkorraren parean zegoen, burua tente, hankak zabalik, eta eskuak haien artean. Presarik gabe, usadio sakratu bati jarraitzen dionaren moduan, tunika altxa, prakak aska, eta hiltzen ari zen eguzkiari sakrifizio bat egingo balio bezala masturbatu zen. (...) Mutikoa hain zen ederra, xaloa eta liraina, nik ere lur gainean ixuri bait nuen, eguzkia gurtuz bezala.

        Egun zoroak izan ziren. Egunero poema bat idatzi behar nuela erabakitzen nuen. Baina ez nuen deus ere egiten. Elurrezko ilunabarretan, arrosaz jantzitako Suitzako mendietan Heidi eta Pedro larrua jotzen imajinatzen hasi nintzen. Edota Genesiko suge hura Adan berareb zakila baino ez zela, eta Bibliako kontaketa gezur huts gizona emakumearen gainean jarri ahal izateko. Bai, egun haietan kaka asko egin nuen. Hitza handi asko. Astebetez egon nintzen komuetik atera ere egin gabe, eta atera nintzenean ez nuen indarrik sentitu ene lehen poema izkribatzeko. Adorno filosofoa leitu nuen. Nazienfhurerkeriak, astakeriak ikusi eta gero poemak idaztea ezinezkoa zela zioen. Poesia naziekin amaitu zen. Baina Heinrich Böll-ek urrutirago joz, esaten zuen ez zegoela ez poesia idaztea, ez jatea, ez maitatzea, ez ezer. Baina batek zigarro bat pizten badu, edota arnasa hartu, ezagun du bizirik irautea erabaki duela, hau da, arnastea, idaztea, jatea, maitatzea... Eta berak eman zidan ene lehen poema idazteko behar nuen indarra: Idazleak gose direnen alde jarri behar du. Klase pribilegiatu baten partaidea da eta hura bezala esplotatzailea. Bi aukera dauzka beraz: probisionalki literatura eta "herriaren hezieraz" arduratu edota, gizarte eziraultzaile batean arazoak ahalik eta erradikalen planteiatzea. Baina berriro sentitu nuen hitz handien zorabioa eta komunean itxi nintzen. Luzaroan egon nintzen bertan. Suhitzaileak ere etorri ziren baina pikutara bidali nituen. Oraindik ez nekien nola hasi poema. Hala ere berriro sentitu nuen kakagura, eta egin ere egin nuen. Azken batean horibeti da kreatiboa. Eta ospa egin nuen. Bidaia bat egingo nuela erabaki nuen, akaso hartan inspiratuko nintzelakoan. Orduan basho poeta zaharraz akordatu nintzen: Bidaiatzeko nahikoa izan beharko genuke gure gorputzarekin soilik; baina gauetan bero izateko paperezko beroki bat neraman, kapa bat euriarentzako, kotoizko jantzi bat bainatu ondoren erabiltzeko, tinta eta pintzelak idazteko....

        Eta etxeko atean nengoela ene aurreneko poema idazteko gogo bizia sentitu nuen, zeinak AIENEKA izango bait zuen izenburu, eta "Ai" lerro eta silaba huts. Baina ordurako Joseba Sarrionaindiaz oroitu nintzen eta ez nuen deus ere izkribatu. Josebak honako hau zioen: Harrizko estatuak maisu mutuak dira, isiltzen irakasten digute. Isiltzen eta egoten. Eta goroldio mehe bat hazten da heuren soinetan gora.

        Eta isilik irten nintzen etxetik, norabide finkorik gabe. Ekipaian, ausentziak aparte, ezer gutxi neraman.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.