Poema bildumatxo bat azalduz
Lau hitz
Gerardo Markuleta
Gazteizko fakultatekoek poema errezitadi bat egitea proposatu zidatenean, saioa bi modutan antolatu zitekeela pentsatu nuen: Jon Iriberri lagunaren poemekin osaturiko saioa izan zitekeen, ez bait da parada askorik izaten norberaren edota nork bere heteronimoen poesia azaltzen saiatzeko (baina nork soporta dezake poeta afizionatu bat egun bakar batez ere?).
Orduan gai zehatz baten inguruan antologia moduko bat egitea bururatu zitzaidan, euskal eta erdal poeten lanekin, azken hauek euskaratuz. Baina gaia...? Orduan, idatzi eta idatzi eta sekula bukatzen ez diren ipuin horietako batez gogoratu nintzen: bertan neska-mutil bikote baten enkontrua kontatzen nuen, gurean hain ugari diren jai sasierlijioso batean; mutila gau osoan saiatu da neskaren barruazalak haizeatzen, eta dakizkien poema eta abesti guztiak erabili ditu (eta gero poesiak ez duela ezertarako balio entzun behar izatea ere!) biek elkarrekin (ala elkar?) gosaldu dezaten konbenzitu guran. Ideia biak lotuz, Carpe diem gaiaren inguruan nituenpoemak bildu eta hari narratibo bati atxekitzen saiatu nintzen.
Mutila jo eta ke arituko da, beraz, denboraren iragaite azkarrez eta edertasunaren ustelgarritasunaz, neska tradizio sakon ilunak eta sexuaren ohiartzun zikin hura apurtzen saiatu dadin. Neskak, azkenean, eta entzuleek egin zuten bezala, zuek ere fikzioaren legeei egindako amore emate hau barkatuko didazuelakoan nago poema safiko sutsu batekin erantzuten dueta azken poemak bukaera goxoa ematen dio.
Poesia eta sexua: burmuinean dituzte biek kaiola eta leihoak. Ez dago larrua jotzerik hilobian. Baina Carpe diem ez da indolentziarako deia, iraultza pertsonalerako baino.
Amodioa egin amodioaren plazerrez,
baina ez horregatik soilik
Bizitzan murgildu
ez bakarrik gozatzeko grinaz.
Fruitu guztiak probatu
zer izkutatzen duten, zein zapore duten
jakiteko. Hausnartzeko jan.
Kontatzeko bizi izan.
(Javier Salvago)
Gasteizen, 1991.eko Martxoak 25 zituenean
|