L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 6 (1991-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Normalizazioaren Bidea

 

Félix Mª Ugarte

 

Gª Fisikoko irakaslea

 

Euskara eguneroko gizarte harremanetan ezartzeari, politikoek eta inguruko morroiek, "normalizazio" prozesua deitzen diote.

        Hori dela eta elebidun garenok "normalak" izango gara, eta beste zenbait hizkuntza menderatzen baditugu, "super-normalak" gutxinez. Zer esan Euskal Herrian bizi diren biztanle elebakarrei buruz, "anormalak"? Ai ama!

        Dudarik gabe gure unibertsitate honetan "anormal" ugari dago eta "anormal" egoera horretatik ateratzeko borondate gutxi nabarmentzen dugu. Dena dela inork eta ezerk ez ditu behartzen aldaketa hori egitera.

        Hiru urte daramagu Historia saila euskaraz irakasten, beraz, hiru urtetako ikasketak bete dira oraingoz. Lehenengo urtean dozena bat ikasle izan ziren, baita bigarrenean ere, aurten aldiz dozenerdi bakarrik.

        Garbi dago, estatistiken arabera, Fakultateko euskadunen kopurua askoz haundiagoa dela. Hori dela eta, zergatik ez dituzte horiek ikasketak euskaraz egiten?

        Egia esan badaude zenbait arrazoi hori horrela gertatzeko:

        — Hiru urte horietan "anormaltasun" osoz igaro da ikasturtea (irakasle falta, ikas-materialen ahultasuna...)

        — Sail horretako irakasle gehienak gazteak dira eta beraien unibertsitari hezkuntza osatzeko dago.

        — Zenbaitek ez du euskara menderatzen (unibertsitate irakaskuntza mailan).

        Zenbait ikaslek, egoera hau nabarituta, uko egiten dio sail honi, eta ez da harritzekoa.

        Baina badago beste zenbait arrazoi ere.

        Euskal Herria gaur menderatzen duten legeek, euskaraz ezertarako baliatu gabe bizitzea ahalmentzen dute, ez ordea gaztelaniarik gabe.

        Zenbaitek bere burua abertzaletzat eduki arren, guztiz baztertuta dauka euskara, nahiz eta istilu guztietan hizkuntzaren beharra behin eta berriz errepikatu. Irakasle eta funtzionarien artean ez da falta euskararekin harremanak "modus vivendi" bat lortzeko aitzakia bezala duenik.

        Nire ustez, errealista izanda, etorkizuna oso iluna da, eta ezin espero dezakegu ezer gaur agintean dauden alderdiengandik.

        Unibertsitate mailan, oraingo euskalduntze politika nahiko argia dela esan behar eta plangintzari lotuta aurrekontu zehatz bat dagoela (behar den bezala). Errektoreorde jaunak badu borondatea, horrez gain kementsu eta argi saiatzen bada, gure laguntzaren beharrean izango da. Eta inola ere ezingo diogu ukatu.

        Nik daukadan itxaropen bakarra, gizarte honetako zati batetatik dator. Benetan euskara maite dutenek badaukate nahiko indar "ezina, ekinez ezina" bihurtzeko.

        Eta bada ez bada "Lope de Agirre" jaun done heterodoxoari kandela bat piztu beharko diogu eta horrek ez baldin badigu bitarteko egiten Klarisa lekaime konbentura hamairu arraultzako dozena bat opari beharko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.