Ezina ekinez egina
Euskara Batzordea
Horrela zioen iaz Lizarran ospatu "Nafarroa Oinez"erako deialdiak. Eta horrela da, bai. Baina nolaz eta egia egia izan arren erraz mozorrotu daitekeen, edota ahaztu, Ikasleen Euskera Batzordekook gure apurraren berri eman nahi dugu orrialde hauek aprobetxatuz. Gazi edo gozo gertatzea, norberaren mingainaren kontua da hori, ez jakiarena.
Aurtengo Euskal Jaiaren inguruan izan da hainbat debeku-mendeku, baina umore onez ospatu genuen azkenengoz hortarako bakarrik sortua dena, herri kirol, trikitilari eta bertsolari saio bikainez loraturik gainera. Aurreko egunetan aparteko ikuskizunik ere izan genuen begi-belarrien pozgarri: batetik "Ama begira zazu" antzezlana eman zen bideo bidez; bestetik literatur errezital baten estraineko aldia eskeini zen, Patxi Zubizarreta eta Gerardo Markuleta idazleen eta Arantzazu Loidi bertsolariaren eskutik. Ikasiko ote zuten zerbait oraindik euskerak mozkortzeko baino ez duela balio sinisten duten horiek?
Euskal Herriko ihauteriei buruzko jardunaldiak antolatu genituen. Bi hitzaldi eman ziren:
J. Maria Satrustegi ihauteriaren jatorriaz, eta bere esanahiaren bilakaeraz (gizartearenarekin batera) mintzatu zen.
J. Jimenezek, berriz, Arabako ihauteri garrantzitsuenak aurkeztu zizkigun.
Hortaz gain, euskal ¡hauteriei buruzko emanaldia, eta ikusentzuteko eder bat, "Euskal Herria, lanetik festara" izenaz Javier Juanes argazkilari eta ikerlari gipuzkoarrak prestatu eta eman ziguna.
Xiberoko maskaradak ere ezagutu ditugu, eta bizi bizian, Muskildira urreratu bait ginen. Han, gainera, Xiberoko Botzako langile den Marzel Bedaxagarrek herrialde hortan euskerak bizi duen egoera aurkeztu, eta bertako herri kantagintza tradizionala jasotzeko jorratzen hasi berri diren proiektuaz ere hitzegin zigun. Hau dela ta, "por zierto", euskal filologiako ikasleren baten bila dabiltza herri abesti horien literatur alderdiei buruzko tesia lantzeko. Benetan kilikagarria eskaintza hori, batez ere kontuan hartuta Eusko Jaurlaritza Hegoaldeko ikasleei dirulaguntza emateko asmotan omen dela. Jo Pitxu, jo!
Bestalde, bai Argia eta bai Egunkaria saldu eta azaldu ditugu Fakultatean, euskeraren egunerokotasuna horrela aldarrikatuz.
Korrika delarik ere, Ikasleen Euskera Batzordeak bultzatuta kilometro bat erostea lortu dugu Fakultateko hainbat ikasle eta irakasleren artean.
Eta azkenik, lerro zital hauek bukatzen ari bazara, irakurle sufritu hori, horrek esan nahi du aurtengo "ZINTZHILIK" ere asmotatik egitara bihurtzea lortu dugula.
Baina guzti hau ez da nahikoa izango, eta kalitatezko euskal irakaskuntza delako hori, ditxosozko euskal Unibertsitatera "garamatzan" prozesuak bere baitan jarraituko du, hau da, ezer gutxitan. Eta datorren urtean ere txapa berdina botako dizuegu pulpito triste honetatik, eta bla, bla, bla... Sekula santan?
|