L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 6 (1991-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Zuri; zure begiradari

 

Badakizu gure artean zer dagoen. Haseran ukatu egin genion gure buruari, baina ezin izan dugu burutik kendu. Gainera atsegina zaigu, lasaia eta kitzikagarria da, iluna baina oso argia. Ordurarte biok lagun harreman soil bat bezala ulertzen genuena baino haruntzago doa, leialtasun harreman bat baino hareago.

        Askotan gertatu zaizu jendearekin antzeko zerbait. Batzuk begiko dituzu aurreneko momentutik bertatik, beste batzuk berriz, ezin dituzu jasan. "Barruko gorabeherak" pentsatzen duzu, "kaka mentalak", eta ez zara gehiegi arduratzen.

        Baina zuri eta niri, niri eta zuri, azken batean gauza bera izatea lortu dugula uste bait dut, kaka mentalak deitzen ditugun horiek lotura bat sortu digute, lotura gogorra benetan.

        Begiratu zenidan hartan, zera.... begiratu zintudan hartan esan nahi dut, orduan otu zitzaizun gu biona, eta ez dakizu zergaitik, nik ez dakidan moduan irribarre egin zenidan. Beranduago, hizketan hasi ginen, beharbada balio        gabeko hitzak ziren, beharbada ez, orduan somatu zenuen halako zirrara hori lehendabiziko aldiz. Orduandik batzutan somatu duzu, bestetan ez, baina gu bion arteko elkarrizketa amaigabea da, eta ez da hitzezkoa bakarrik, isilpekoa ere bada. Ez dut inoiz ahaztuko zuk dakizun

taberna hartan gertatutakoa. Zizaka hasi nintzen eta zuk jarraitu egin zenidan, halako batean isildu egin ginen, ez genuen denbora luze batez zipitzik ere esan, baina hura izan zen zurekin izan dudan elkarrizketa luzeena eta zabalena.

        Zu ez zara inoiz saiatu ni sakatzen, baina nitaz dena dakizu, eta nik zutaz dena, zu ni bait zara eta ni zu. Eguna amaitzean, iluntasuna hasi baino lehenagoko tartea gara, zuria eta beltza baturik.

        Zu oratzea atsegin dut, ikutzea, losintzea. Zurekin gorputzez batzean desagertzen dira kezka guztiak. Eta zure begiak atsegin ditut, gora, behera, eskubira, ezkerrera, alde guztietara baina inora dabiltzanean. Ulertzea lortzen duzunean hartzen duten lasaitasunak bete egiten nau. Zure isiltasuna laket dut, begiradarekin den-dena esateko gai bait zara.

        Horregaitik beti diot zuregandik jaso nuela sentimenduak hitza baino hareago daudela uste izatearen arrazoia, gurea ezin bait da hitzez adierazi, begiradez baizik, ferekuz. Zure hitzek baino balio handiagoa bait dute niretzako, zu isiltzean nire belarrietan jarraitzen duen dardarak, ohiartzunak. Eta horregaitik dakit olerkiak hitzak baino gehiago direla.

        Ni, egunetik egunera bilakatzen ari naizenez, eta egunero ni aberatsago bat naizenez, zure irakatsiez aberastu naiz, zutaz aberastu. Jadanik nire zati egin zaitut eta betirako izango zara ni. Urruti ala gertu zaudela ere, edo denborarekin gorputzez betirako aldentzen bagara ere, zu nire zati zaitut.

        Zu ez zara inoiz hantustekoa izan, beti onartu dituzu zure erruak eta nik nireak. Baina hontan ezin gaitezke ados jarri, gure harremanaren funtsaz, maitasunaz, aurkako iritziak ditugulako.

        Aspaldi honetan askatasun bila zabiltza, zure kasa ibiltzeko gura jarri omen zaizu, eta ukatu egiten nauzu. Ez duzu onartu nahi ni zure zati naizela eta biok bat izanik izan behar dugu aske. Zure barneko borroka hori nire barnean dut, alde batetik ni nago eta bestetik zure askatasun nahia. Min egiten dizut, eta zu mintzean, ni neu mintzen naiz.

        Ezin dut oinaze hau gehiago jasan, horregaitik neure buruaz beste egin behar dut, neure bizia akabatu. Beharbada honela zuk askatasuna lortuko duzulakoan nago, gure arteko hau amaituko delakoan, ezin bait dut sofritzen jarraitu.

        Ni galtzean askatasuna lortuko duzulakoan, oinazearen oinazez, adio.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.