Aurreko kurtsoan, Zintzhilik aldizkariaren 6. alearen aurkezpena zela eta, erredaktore taldeak beraiekin ospatzera gonbidatu ninduen, Fakultateko irakasle, Zintzhilik-eko partaide ohi eta idazle (?) bezala. Garai hartan Euskara Batzordeko neska (eta mutil) lirainak gutxitan gerturatzen zitzaizkidanez, arazo "profesionaletarako" ez bazen, esne txar pittin batekin, zerbait egitea bururatu zitzaidan. Poesia inoiz gehiegi gustatu ez zaidanez gero, gai horren kontura "Manifestu" (ez komunista) bat eratu eta irakurri nuen, probokazio hutsa izan nahi zuena. Zenbaitzui ideia ona iruditu zitzaien, eta hurrengo alerako (ale honetarako, alegia) ea idatziz ematen nien eskatu zidaten. Nere intentzioa "Manifestuaren" puntuak osatzea da, ekitaldirako bost bakarrik bukatu bait nituen, eta gure Jaunaren mandamentuak hamar direnez, kopuru miresgarri honetara gerturatzea ondo legokeela pentsatzen dut. Urte guztian zehar gai honetaz gehiegi ez banaiz arduratu ere, poztasunez agertu behar dizuet nire tesientzako eusgarri intelektualik aurkitu dudala: Witold Gombrowicz idazle famatuak lehenengo El Viejo Topo aldizkarian argitaratu, eta geroago Quimera-n berrargitaratutako artikulo bikain bat (1). Izkribu honenganako nere zorra aitortzeaz gain, alaitasunez betetzen nau bakarrik ez nagoela jakiteak. Akaso, izkutuan, ni bezala poesiaren gorrotatzaile leialak diren pertsona gehiago daude, olerkigintza hain hiperbolikoki miresten duen tradizio akademikoak apaldurik, makurturik. Agian, vindicatio hau irakurtzerakoan altxatu egingo dira, prosaren ezpatez metaforen eta aliterazioen kate amaraun-antzdunak apurtuko dituzte eta kaleko Indietako gaztanondoetatik (V. Mendeurrena ospatuz) poeta sorta on bat zintzhilikatuta utziko dute, buruz behera noski.
Hona hemen, hortaz
Poesiaren kontrako manifestua
Iban Zaldua
1- Poesia txar bat (honetan denok jar gaitezke ados) ipui edo elebeiri txar bat baino askoz ere jasanezinagoa da.
2- Bestalde, olerki ametigarri bat aurkitzea entsaio, ipui edo nobela on bat aurkitzea baino zailagoa denez gero... zertarako arduratu (2)?
3- Poesiak bazituen, aintzinan, zailtasun teknikoak, muga estilistiko batzu: doinu zehatz bat, errima betebeharreko bat, ahapaldien eta bertsolerroen luzera jakin bat, eta abar... Trebetasun ariketa bezala, besterik ez bada, ez zegoen gaizki. Baina, eta orain? Orrialdearen bi aldeetatik marjinak oso zabalak edukitzearekin, dena da poesia!!
4- Poesiak, orokorrean, egilearen barne-barneko sentipenen garraio-tresna izan nahi du, bereziki maitasun sentipenena, eta horretan saiatzen da. Baina paisaien margolaritzari fotografiaren hedakuntzarekin gertatu zaion bezala, nork behar du maitasun sentipen sakon horien ispilu izan nahi duen poesia, telebistan egunero bi edo hiru kulebroi (3) gozatzeko aukera baldin badugu?
5- Gure gizartean eta zuen artean poesiak duen garrantzia eta onespena, hein handi batean, hezkuntza sistemak literatur irakasgaietan inposatutako eskemen ondorio dira: klasean olerki bat, bi edo gehiago azter daitezkeen bitartean, ezin da gauza bera ipuin edo nobela batekin egin (4).
6- Poetek poetentzako idazten dute, soilik. Besteok ez dugu ezer ulertu behar. Gombrowicz-ek ondo dioen bezala, beste literatur generoetan poesiaren arrastoak aurkitzea eta atsegin ahal izatea posible da (v. gr., Shakespearen obra batean, Atxagaren ipuinetan...); poesia hutsa, azukre hutsa bezala, irentsi ezina bihurtzen da. Erru honek eguneroko bizian prosaz adierazten den jendearengandik bereiztera bultzatu du olerkigintza, eta poetek, belaunaldiz belaunaldi, beraiek bakarrik uler eta senti dezaketen lengoaia bat asmatu dute.
7- Aurreko puntua serioegia bada, hurrengo hau ez zaizue pixu gutxiagokoa irudituko: poesiaren kontrako argumenturik serioenetakoa bere ekonomitasun falta da. Konturatzen al zarete zenbat eta zenbat paper alperrik galtzen den olerki liburu batean, marjinak hain zabalak egiteko, hitzak hain handiak inprimatzeko eta sarritan ilustrazioak sartzeko lirika egileek duten zorigaiztoko mania horrekin?
8- Onartu beharra dago, ordea, poesia gaur eguneko gizarte kontsumistaren baldintzetara modu ezin hobean egokitzen dela, paper gastuari dagokionez behintzat. Poeta batek Amazoniaren suntsiduraren kontra sinatzen duen bitartean, bere liburuxka baten argitarapen motzak, orriak ia zuriak dituelarik, oihana hustutzen duen hainbat egur metro kubikoren ateraketa suposatzen du.
9- Poesiaren akats ekonomikoekin jarraituz, olerki liburuen garestitasuna ere aipatzekoa da: kalkulatu al duzue Marcial Lafuente Estefaníaren zenbat maisu lan eros daitezkeen edozein poetatxoren hogeitabi orrialdetako liburu batek balio duenarekin (5)?.
10- Poesiaren esistentzia bera zalantzan jarri beharko genuke, besterik gabe, honako munstro honen antzeko gauzak erdibitzen dituelako (barkatu ez itzultzeagatik, baina pena merezi duela uste dut):
"Español en Isla Negra,
entre barcas, caracolas y mascarones
de popas o proas
con Neruda en los mares
y nostalgia de España
en los ojos y el corazón.
Neruda,
tu figura,
tus llantos,
tus palabras y tus poemas
de amor con cariño desesperado
vive a la memoria y a la razón."
Alfonso Guerra, Txile 1991 (6).
Adibideak infinitorarte luzatzea posible bada ere, nere tesiak frogatutzat ematen ditut. Ez al duzue nahikoa?
POESIA HIL DEZAGUN, GORA POESIA!!
FIGHT THE POET!!
Gasteizen, 1992.an.
(1) GOMBROWICZ, W., "Contra los poetas", in Quimera, 103-104 zb., 1991.ko Udara, 38-42 orr.
(2) Hau estatistika hutsa baino ez da, Gasteizko Herrikoia liburudendako apaletan erraz froga dezakezuen bezala (bai, komisioa jasotzen dut). Ariketarako vid. CLEGG, F., Estadística fácil, Bartzelona 1986, 234 orr.
(3) Ez naiz "sugetzar" itzulpena ematera ausartzen. Galdegiezue masterrekoei.
(4) Gaur egun interpretazio marxistarik egitea posible izango balitz, zera esango nuke, olerkien testu-komentario etengabeak ikaslegoaren opioa direla, azpiegitura akademikoa eta, bide batez, ekonomikoa defendatzeko sistemak inposatutako gainegitura para-erlijiosoa...
(5) Edota Joseba Andoni Lakarrak zenbat ASJUko ale argitara eman ditzakeen? e?
(6) EL PAIS egunkariatik hartutako aipamena.
|