Su bazterreko elkarrizketa
Aintzane
Gure lehenengo su-bazterreko solasaldi honetan, Yolanda Arrieta, guztiontzat Yoli izenarekin ezagunago dena, izango dugu gurekin:
Kaixo, Yoli, aspaldi honetan sari pilo bat irabazi ei dituzu; kontaiguzu zertan, non, nola...
Pilo bat, pilo bat... ez dira horrenbeste pilo. Lehengo eta behin Santurtziko Antzerki Laburren lehiaketan sari bat jaso nuen; ordu erdi inguruko antzerki gidoiak izan ziren. Gero, Gabonak aurretxoan, Euskadi Sarietako Pedro Barrutia Saria, antzerkigintzari dagokiona, jaso nuen. Eta gero 3. saria, handiena, Bapore argitaletxeko ipuin luze - nobela motz lehiaketa (haur eta gaztetxoentzat) izan da. Bapore hau SM argitaletxe madrildarraren adar bat da; beronek antolatu zuen lehiaketa hau Gobernu Autonomiko guztietan, bakoitzak bere hizkuntzan, eta EAEkoa neuk irabazi nuen.
Eta ipuiaren titulua zein da?
"Begigorritarren erlojua"... Erloju misterioso bat...
Idazten dituzun antzerki gidoiekin zer egiteko asmoa daukazu?
Ez dakit zer pasatuko den, zain nago...
Gauza hauek asko animatzen dute...
Alde batetik animatu eta nestetik espabilatu egiten dute; bide bat irekitzen dute, bide hori hor dago, hartu edo ez hartu...
Norentzat idazten duzu?
Nik neuk, lehenengo eta behin, idatzi ditut beste zereginek ez nindutelako horrenbeste betetzen, orduan esan daiteke neuretzako... baina hau ere gauza eskasa da, urria... ze bakarrik ezin naiz bizi, orduan... norentzat? Oraindik ez daukat publiko fijorik eta ez dakit dagoen ere...
Behin Juaristi Jaunak idatzi zuen beketara eta sarietara aurkezten zirenak "terroristas en potencia" zirela, beraien indarkeria guztia paperetan agertzen zutelako, zuk zeure burua honela ikusten duzu? Idatziko ez bazenu... zer?
Trankil... beste gauza bat egingo nuke... nik ez dut horrenbeste filosofatu egiten dudanaz, momentu batean eduki dudan gogoari kasu egin diot eta momentu horretan idaztea zen... orduan, pareko beka, konkurtso eta gauza guztiak aprobetxatu egin ditut, zeren idealista bai... baina praktikoa ere banaiz. Dena den "terrorista en potencia" hori... ni neu pixkat barruak eskatzen didanaren arabera jokatzen nabil, beste hori filosofia da eta...
Idaztea kirola egitearen parekotzat hartuko zenuke?
Bai, izan daiteke. Uste dut gauza denak: idaztea, antzerkia egitea... Zerbait amaitu edo itxura eman nahi badiozu "ekina okarra da" hori badagoela; apunteak hartu, ikusi, entzun, egunean eta momentuan egotea eskatzen du, dena harrapatzen jakitea behar duzun gauza horretarako.
Noiz etortzen zaizkizu ideiak? Ametsetan...?
Edonoiz. Hasieran batzutan imagen bat, hitz bat, beste batzutan egin ahala etortzen da... gero... ametsetan ideiak baino gehiago loturak, amaierak, bitxikeria inportanteak...
Pertsona baten betebeharrak 3 ei dira, edo 3 omen ziren, zer falta zaizu?
Ume bat edukitzea.
Eta?
Hori ere lehen esandako egunerokotasun horretatik: hemen eta orain, baina gerora begira indar pixka batekin...
Beno, idazle moduan pixka bat ezagutu zaitugu, baina antzerkiaren munduan ere bazabiltza, zer darabilzu eskuartean?
Bueno, bada... Fregoli taldearekin Nondik lanarekin dihardugu batetik bestera, eta gero Noiz, baina ensaiatzen hasi gara. Lan honekin orain dela urte bi Legazpi Saria jaso nuen eta hau martxan jarri behar zenez, bada, esan nien neuk nahi nuela montatu. Maiatzaren 1erako prestatu nahi dugu Legazpin egin eta ziklo horri amaiera emateko: idatzi, aurkeztu, saria jaso eta montatu.
Zein da zure lana zeuk idatzitako obra horretan?
Antzezle bi dira eta ni zuzendaria naiz.
Aktoresa, zuzendari eta gidoi idazle... Bat aukeratzekotan zein hartuko zenuke?
Ez dakit, batak ez du bestea kentzen...
Esan diguzu momentu bakoitzean barruak agintzen dizuna egiten saiatuko zarela, baina gerora begira proiekzio batekin; zer da gerora begira daukazun hori?
Ahal denik eta trankilen bizitzea... Pasa diren urte hauetan mila gauzatan sartu naiz, gustora, hori bai, baina orain heldu da une bat, bada... barruak eskatzen duena ikusi, ausnartu eta... gauzak kentzen, zaintzen hasteko... zerekin geratuko naizen?... ez dakit...
Ez al diguzu ezer zehatzagorik esan behar?
Ez dakit... Idatzi... lan libreena da, ez dago inoren beharrik printzipioz behintzat... baina, idazteko ere, zenbat eta bizipen gehiago eta esperientzia gehiago hobe, horretarako bidaiatzea, ikastea, jende berria ezagutzea...
(Yolik lasai bizi nahi du eta guk ere gaurkoz paketan utziko dugu.) Beraz, mila esker zure denbora eskaintzearren eta zorionik beroenak gure su-bazterreko txoko honetatik. A! Baina agurtu baino lehen azkenengo galderatxoa: denon artean sortu nahi dugun "engendro" honetan gurekin izango zaitugu, ez da?
Bai... baina trankil...
ZORIONAK!!!
|