Zure zain
X. Azkue
Doinua: lurraren pean.
1
Amalilea bihotzekoa
nola pasa den denbora!
Zenbat gau ilun igaro diren
ezin dezaket gogora.
Barne-barneko sentimenduak
nola nezazke kanpora
mila zatitan hautsiko bait zait
maitasunezko anfora
berehala ez baldin bazatoz
eztiki nere ondora.
2
Zuk badakizu nola dagoen
Gasteiz aldez gartzela,
susmoa daukat giltzapeturik
Langraitz bertan nagoela.
Bonbila batek lotsagabeki
argitzean "egongela"
erretzen doa zure argia
gordetzen duen kandela
argizaria bihurtaraziz
nere maitasun epela.
3
Prado parkean footing egiten
nenbilen izerditan blai
zuhaitz artetik azaldu zinen
irrifartsu eta alai.
Begi urdinen argitara ni
ezin nintzen egon lasai,
erdi itsutu ninduzun eta
zorabiatu ere bai.,
nere bihotzak zu maitatzea
beste ezer ez zuen nahi.
4
Behin eta berriz somatu nuen
Amaleteo izena,
Salonikako olerkaria
aspaldian omen zena.
Nere barnean sentitu nuen
haren beraragipena;
olerki, bertso, irudi garbiz
aseaz irudimena,
begi aurrean nuen, ordea,
inspirazio onena.
5
Zure ederra ikuskatzean
Amaleteoren poza!
Nola ahaztu Amalilea
Maitasunaren Jainkosa,
orbain gabeko liraintasuna
zure irudi panpoxa!
Pradoko lurrak zirudienez
Atenaseko harlosa
zure ondoan baino gehiago
inon ezin nuen goza.
6
Armentiako bide luzea
bihurtu zenez Grezia
zure ondoan pasiatzea
hura plazer berezia,
jainkotasunik ez izatea
horra nere ahulezia!
Esan zenidan nola gainditu
hilezkortasun hesia
mugagabeko maitasun hori
nuelako merezia.
7
Basilikara iritsi ginen
begiratuaz elkarri
pago arteko zelai berdean
lasai zintudan ezarri,
irrifarre bat oparituaz
ahoaren estalgarri
maitasunaren errekastoa
muxu guztien egarri
emeki, goxo, ezpain gainean
nereak nizkizun jarri.
8
Bete-betean jarraitu nuen
zuk lehenago esana
zure larrua muxukatuaz
berotu nintzen, laztana,
berrogei aldiz sartu-atera
ondo egin nuen lana
bihotz barneko erraietatik
atera nizun labana
odoletan blai gogor eutsiaz
ezker eskuan neukana.
9
Iturri gorriz bete zitzaizun
zure bularraren gaina
magikotasun hutsez zerion
edari mardul bikaina
miazkatuaz aritu nintzen
barneratuaz mingaina
modu horretan lortu nahiean
Jainko handien tamaina
mugarik gabe zu maitatzeko
Zeusek Mnemosine aina.
10
Bi gizon arrotz etorri ziren
orduan geunden tokira
atzekaldetik lau beso sendok
bortizki ninduten tira
jainkotasuna lortuko nuen
inguratu ez balira
gogoratzen dut zure itxura
izar hezeen dizdira
izare gorri baten gainean
infinitora begira.
11
Neri laguntzen zerbait gehiago
saiatu izan bazina
ez nuke nere baitan izango
itotzen nauen samina
handitzen doa eguneroko
monotonia zikina
pentsamenduan birak emanaz
beti ideia berdina
beldurrik gabe nere buruaz
beste egiteko grina.
12
Nere barnean Ameleteo
zure zain dago isila
Amalilea eskatzen dizut
etortzeko haren bila
guztiz ireki diezaiozun
zeruaren maratila
baina ahalik eta azkarren
mesedez izan dadila
iristen zaren une horretan
aurki ez nazazun hila.
|