Hor nago, bestaldean, hor zaude,
eta hemen, bakarrik, herbesteratua,
errefuxiatuz eta eskalez
betetako herrialde honetan
erdi bizi naiz.
Egun eguzkitsuetan
ia ukitu arte
hurbildu naiz zuregana
baina mugak
begien aurrean,
alde egiten dit
beti.
Espejismo bat bezala
ezabatzen da,
desagertzen zara.
Gau luze honetan
galdurik, noraezean,
izugarrizko piztiak topatu ditut,
ustekabean,
gauaren ezinbesteko laguntzaileak.
Nire bihotzaren islada beldurgarriak
ezagutu ditut
eta denberak eta espazioak nahasiz
ihesi ibili naiz,
zoratuta,
goizeko argiaren bila.
"Ez bildurrik izan,
ez naiz zure etsaia.
Gelditu, lasaitu,
begira nazazu, ulertu,
lore bat bezain ederra naiz,
enamora zaitez nitaz,
ez dizut hutsegingo"
esan zidan heriotzak,
eta ikaraturik begiratu nionean
bere edertasunak liluratu egin ninduen une batez;
Baina barneko ahots zahar batek
oihu egin zuen izuturik
eta alde egitera behartu ninduen.
Ihesean, nere haur begi harrituek
atzera begiratu zuten
eta heriotzan barre egiten zidala
ikusi nuen.
|