Adiskidetasunaren etsaia: amodioa
Eukene E. Alzibar
Asperturik nengoen. Ez nekien zer egin, oso deprimituta sentitzen nintzen. Eta horrelako kasu guztietan egiten dudan bezala, San Nikolas irlaren puntara joan nintzen itsasoaren haunditasuna eta edertasuna mirestera.
Guztiz barneliluraturik nengoen zerbait sentitu nuenean nire atzean. Begiratzerakoan, emakume itsu bat ikusi nuen. Nireganantz zetorren. Oso zaharra zirudien baina tente zebilen, eta bere aurpegiak bitxitasunen bat ezkutatzen zuen, edertasun harrigarri bat , "Gaztetan oso ederra izango zen" pentsatu nuen orduan.
Zer, neskatxo, gustatzen zaizu ala? -esan zuen bere ahots sendoarekin. Bere buruarengan segurtasun haundia zuela zirudien.
Zer, itsasoa? Bai, asko. Beldurgarria da, indarrarekin jotzen du harrien kontra eta, berriz, han urrunean, zein bare dagoen! Ze errespetua jartzen duen! Eta kolorea? Harrigarria da kolorez nola aldatzen duen.
Hori esan nuenean bere aurpegia begiratzen nengoen, bere begiak bereziki. Guztiz zuriak ziren! Adierazpen gabekoak! Baina azken hura esan nuenean, aldatu egin zen, ezin izango nuke esan zer, begiak edo aurpegia, baina bai, aldatu egin zen. Zerbait gogoratu zuela esango nuke. Bere tentetasuna galdu zuen eta nire alboan jarri zen. Gazteagoa zirudien orain, eta zera esan zidan:
Gustatuko litzaizuke ipuin bat entzutea?
Nola ez ba?
Han nengoen ni, ezezagun batekin (oso berezia gainera) eta ipuin bat entzuteko prest. Zer gehiago espero nuen, ba, arratsalde aspergarri batetatik ihes egiteko?
"Bazen beste garai eta lurralde batetan, bi lagunen istorio bat. Elkarrekin egoten ziren beti, bikote paregabea osatzen zuten, aldentezinak. Beraien izenak: Elgaf eta Gidor.
Elgaf oso mutil berezia zen. Edertasun harrigarria zuen. Bere zetazko ile beltzak aurpegitik zehar zebiltzan. Begi beltz, sakon eta leunak, baina harroak aldi berean, ziren gehien nabarmentzen zirenak. Gorputz bizi eta argala zuen. Beti zuen irrifarre ironiko bat aurpegian. Denari egiten zion barre, gauza serioei batez ere. Mundu guztia zegoen beraretaz maitemindubik eta berak bazekien. Horregatik bere jite harroarekin neska batengana hurbiltzen zenean, bere besoetara erortzen zen erremediorik gabe.
Gidor, berriz, oso serioa eta errespetutsua zen. Bere ezaugarririk nabarmenena indarra zen. Aurpegia polita zuen, gogor samarra beharbada. Oso trebea zen, baina problematiko samarra ere. Beti zegoen burrukaren batetan, eta beti irabazten zuen, noski. Beste arrazoi batzuengatik, bera ere oso maitatua zen.
Nahiko desberdinak ziren, baina horregatik ziren hain lagunak; osagarriak ziren. Ez zuten inoiz eztabaidatzen, ez gauza serioez behintzat. Beti zeuden humore onean. Beraientzat ez zegoen adiskidetasuna baino gauza garrantzitsuagorik, ezta familia ere. Horregatik, Elgafen aitak erabaki zuenean beste lurralde batetara eramatea, bere semeak lana bila zezan, golpe haundia izan zen bientzat elkarrengandik aldentzea.
Bezperan, beraien lekurik maiteenera joan ziren, eta han egon ziren arratsalde osoan hitzik egin gabe, negarrez. Ez zetorren beraien izakiarekin bat, batak ez zuelako ezer seriotzat hartzen, eta besteak uste zuelako indartasunarekin ez zuela zer ikusirik negarrak. Edonola ere, halako egoera batetan ez zegoen zertaz lotsaturik.
Hurrengo egunean Gidor ez zen joan Elgaf agurtzera, baina honek ulertu zuen. Haiek ez zekitena zera zen: beste lurralde batetan, eurei begira zeudela.
Gaizkia zegoen haiei begira, barrezka. Laster apurtuko zuen adiskidetasun hunkigarri eta hautsi ezin hura.
Bai, Jauna, lortuko dut. Lortu dut bestetan, ezta? zioen emakume batek, bere begi hotz eta ederrak Elgaf eta Gidorrengandik aldendu gabe.
Oso ederrak dira gainera. Bai, gusto handiz egingo dut.
Elgafek lortu zuen lana, hala ere, ez zegoen pozik, han ez zeukan lagunik, neskarik ez zuen falta baina.
Taberna batetan zegoela, mozkortu asmoz, burua bueltatu zuen aurretuste batekin bezala. Ezin zuen sinetsi. Emakume zoragarri bat sortu zen tabernan. Inoiz ez zuen horrelako emakumerik ikusi. Edertasun ikaragarria zuen. Berehala maitemindu zen berataz. Elgafengana hurbildu zen irrifarre batekin. Ile gorria eta luzea zuen. Begiak urdinak zituen, inoiz ikusi ez zituen begirik harrigarrienak ziren. Siuna zen bere izena. Siuna, zein izen misteriotsua! Salatzen zuten gauza bakarra bere begiak ziren... hain hotzak! Baina Elgafek edertasuna bakarrik ikusten zuen. Laster sortu zen erromantze bat haien artean.
Hilabete zoragarriak pasa zituen, ez zuen ezta Gidorrez pentsatu ere egin. Inor baino gahiago maite zuen neska berezi hura. Jainkoa, bere begiak! Egunero aldatzen ziren kolorez! Nola aurkitzen zen animoz, hala zituen begiak. Triste zegoenean marroiak zituen. Misteriotsu eta arriskutsu zegoenean grisak. Urdinak eta orlegiak, pozik zegoenean.
Baina egun batetan, penaz beterik, Siunak joan egin behar zuela esan zion. Eta besterik gabe, han utzi zuen Elgaf lur jota, guztiz txunditurik. Siuna maitea! Nora zihoan? Non zegoen Gidor, hainbeste behar zuen laguna!
Zoragarria zara, ene maitea. Apurtu duzu beste bihotz bat ziren Gaizkiaren Jaunak irrifarre maltzur eta nazkagarri batekin.
Siunak ez zion, iadanik, barre egiten.
Zer gertatzen zaizu, ba? Ez zara maitemindurik egongo, ezta? egiten zion garrasi adierazpen beldurgarri batekin bere begi hotzetan.
Utz nazazu pakean!
Paseatzen zegoela mendian, zerbait ikusi zuen mugitzen zuhaitz artean. Jainkoa! Inoiz ikusi zuen neskarik ederrena zen. Bere ile luze eta gorriarekin. Irrifarre batekin bereganatu zenean ikusi ahal izan zuen bere begi orlegiak, zein leun eta beroak ziren (berak hala uste zuen behintzat). Bere lagun mina bezala, Siunaren besoetan erori zen eta inor baino gehiago maite izan zuen.
Zer diozue, Elgaf etorri dela? Ezin dut sinetsi! Maitea, zatoz, nire lagunik hoberena aurkeztuko dizut eta.
Nolakoa izan zen Elgafen harridura, bere lagunminaren maitalea bere Siuna maitea zela ikusi zuenean! Bihotza gorrotoz bete zitzaion. Nor, eta bere laguna! Baina, nola!
Gidor ere enteratu zen Siuna Elgafen maitalea izan zela lehenago. Gorrotoak beren bihotzak menperatzen zituen. Haien adiskidetasun paregabeko hura mila zatitan apurtu zen. Beste garaipen bat Gaizkiarentzako. Eta dena emakume batengatik.
Egun batetan, gertatu behar zena gertatu zen. Prest zeuden. Bakoitzak bazuen bere ezpata. Borroka gogor eta gupidagabea izan zen. Elgaf izan zen ezpata sartu zuen lehena, baina berehala erantzungo zion Gidorrek. Biak erori ziren lurrera, elkarri begira. "Baina zer egin dugu?". Jadanik ez zegoen erremediorik. Elkarri eskua emanda hil ziren.
Siuna zuhaitz baten atzetik irten zen eta beraienganatu zen. Bere begietatik bi malkok irten zuten. Bai, maite zituen eta berak hil egin zituen. Bapatean, gorroto haundia sentitu zuen bere buruaz. Begi haiek! Ezin zituen jasan! Ze hotzak ziren eta hain beroa zuen orain bihotza! Negar batetan, itsasorantz abiatu zen (kolore gabekoa zen orduan), begi gorrotagari haiek atera zituen eta itsasora bota. Horrez gero, begi haien kolorea hartu zuen. Batzuetan urdina, beste batzuetan grisa...".
Begi zurietatik malkoak erortzen ziren. Bere izena Siuna zen.
|