L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 8 (1993-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Arabako Margarita

 

Auxtin M. Mina

 

1991ko azaroaren 18an Unidad Alavesa afirma que "el euskara no se ha hablado nunca en Alava".

 

 

1610. Logroño. Inkisizioaren gartzela. Bere zeldan "María" hormara hurbiltzen da, zulotxo batetik beste zelda batzuetara mintzatzeko.

        —Emakumeak! Entzuten al didazue?

        "Inés" eta "Ana" hormako zulotxora hurbiltzen dira.

        —Zer dun? Jo al haute?

        "María"-k erantzuten die presaka eta ahopeka, atsolorrean.

        —"Margarita"-k bere buruaz beste egin omen du!

        —Nola dakin hori? Ai, ene...

        —Soldaduei entzun diedalako.

        —Horregatik begiratu digute atetik (...) Ezur beltz madarikatuak! Zer egin diozue gure "Margarita"-ri?

        "Inés", zaharrena, atean joka ari da, baina jaramonik ez. Belauniko geratzen da negarrez, "Ana"-ren beso artean.

 

 

"Maria" leiho txikirantz itzuli eta eskuekin burnizko barrotei eusten die. Iparraldeko haizeak behelainoa ilargiaren azpitik bultzatzen du eta bere aurpegia freskatzen dio. Hotzikara haundi bat sentitzen du. Ez da etxeko sutondo beroa. Ai, ze urrun geratzen den. Ai, "Corres", bere herria. Eta soldaduek atea irekitzen dute berriro. Apaiz bat sartzen da horietako biekin. Iletik hartuta aurpegia altxatzen dio emakumeari.

        —Esta vez confesarás, posesa del demonio, lengua pérfida...

        —Zer esaten du berorrek?

        Apaizak aurpegian jotzen du. Emakumeak hazkazalekin aurpegian zauritzen du apaiza eta soldaduek gajoa jipoitzen dute. Bestaldeko oihuek ez dute ezertarako balio. Herrietako ama eta amonen oihuek.

 

 

1993ko urtarrilaren 19a. Mapa bat hartu berri dut. Arabako Foru Aldundia da egilea. Non dago "Corres" delako hori? Hementxe dago, bai, aurkitu dut. "Maestu" eta "Santa Cruz de Campezo" ondoan ditu. Emakume hori, "María González" testuaren arabera, euskaldun elebakarra (monolingüe) zen. Bere herrian, gutxienez, bere adineko hainbat emakume, edota gizaki ere, elebakarrak ziren (edo herri osoa, batek daki). Gaizki pentsatzekotan, hau da, azken elebakarrak zirela, haien seme-alabak elebidunak ziren (edo baita elebakarrak ere). Gaizki pentsatzekotan, hots, haien seme-alabak elebidunak zirela, haien ilobek euskaraz zerbait bazekiten haien aitonamonekin mintzatzeko. Gaizki pentsatzekotan iloba horietako azkena 1700 urte inguruan hil zitekeen.

 

 

"Corres" Nafarroa ondoan dago. Ega ibaiaren ondoan. Dirudienez urte horietan ondoan zeuden Nafarroako herrietan euskararen atzerakada nabarmena zen, Logroño ondoan batipat. Mapa berean Nafarroako herri horien izenak agertzen dira: Meano, Lapoblación, Marañón, Cabredo, Aguilar de Codés, Azuelo, Torralba del Rio, Espronceda, Tres Aras, Torres del Río, Sansol, El Busto, Mirafuentes,... Testu zaharretan (1000tik-gure 1600 arte) ez dugu izenetan diferentzia haundirik aurkitzen, nahiz eta urte horietan euskaldun elebakarrak izan. Akaso euskaldun elebakar komunitate batek bere herriari "Cabredo" deitzen zion, edota "Corres"? Herri izenengatik euskaldun edo erdeldun izatea ez dago garbi.

 

 

Gure emakume elebakarraren abizena ez zen Arrizabalaga, Larraintzar edo Araba, "González" baizik, eta berarekin testuetan hauexek agertzen zaizkigu: "Pérez", "González", "Ybañes",... Abizenengatik euskaldun izatea ez dago garbi.

 

 

"Miranda de Ebro"-tik Gasteizera joateko haran-bide bat aurkitzen dugu. Ekonomikoki eta garraioei dagokienez oso inportantea da. Bide horretik gure Zadorra maitea jeisten da Ebrora. Ikus dezagun mapa hori: Miranda de Ebro, Rivaguda Rivabellosa Armiñón, Lacervilla, Escanzana, Lacorzana, Atalaya, Lacorzanilla, Beranterilla, Estavillo, Quintanilla, Burgueta, Manzanos, Pangua, Leciñana, Lapuebla de Arganzón, Tuyo, Los Llanos, Zaballa, Nanclares de la Oca, Subijana, Villodas, Trespuentes, Margarita, Mendoza, Estarrona, Lermanda, Crispijana, Asteguieta, Gobeo, Lopidana,... Edonork irakurriko balu hauxe esango luke: "hau 'Castilla' da". Beste batek esango luke: "hau 'Castilla' da, bai, baina garai batean, 'ibero'-ekin edo, izen 'indígena' batzuk geratu ziren 'Montes de Vitoria' pasatu eta gero, hau da, 'Zaballa', 'Asteguieta', eta beharbada 'Mendoza'. Dena den, erromatarren garaian, latina ikasi zuten eta 'ibero'-a desagertu zen. Hori bai, 'ibero' dira, ez 'celta'". Beste batek "celta" zela esango lioke. Azkenik, bilbotarren uholde arriskutsu baten aztarnak zirela, adieraziko luke beste batek.

 

 

Gure "Corres" eta Zadorra artean "Burgos" dago, "Treviño", alegia. Hau ez da Araba, "Castilla"-ko zati bat baizik. "Corres"-tik "Treviño" sartzen gara: Urarte, Pariza, Saseta, Ogueta, Marauri, Obecuri, Bajaur, Laño, Argote, Sesturri, Araico, Imiruri, Ochate,..., aurki ditzakegu. Erdeldunak dira, "castellanos".

 

 

1863ko Bonaparteren euskalkiei buruzko mapan gauza batzuk falta omen dira, adibidez, Uiarra errekako azken elebidunak, Larraonan, Aranatxen edota Eulaten. "Corres" eta Larraonaren arteko distantzia Abetxuko eta Langraitzen arteko distantzia parekoak dira. Beharbada aipatutako ilobak oso zaharrak hil ziren, eta haiekin Udakoak (Treviño=Uda). Araba gehienak euskaraz hitzegin baitu oso gutxi arte.

 

 

Nafarroako Tafallan, 1800 urteko dotriña euskaldun batzuk aurki ditzakegu, hau da, haurrei euskaraz irakasteko erlijiozko mamiak. Horretarako ez ziren erdaldunak, ezta elebidunak ere. Elizak, hori erdaraz egitea denbora galtzea zela pentsatzen baitzuen, hau da, Tafallan, Napoleonen garaian, askok ez zuelako deus ulertzen erderaz. 1587ko Iruñeko apaizen zerrendan Tafalla erdelduntzat hartu zuten, hots, apaiz erdeldun hutsak bidaltzeko asmoz bakar-bakarrik. Bi mende eta gero oraindik bazeuden euskaldunak.

 

 

Tafalla Biasteriko paralelo berean dago. Gaur egun, Nafarroan, euskaldun elebakar bat kausitzeko Basaburuaraino joan behar duzu, hots, Aramaioko paralelora. Tafalla eta Basaburua artean "Araba bat" dago, hau da, hamaika herri, agian ehun baino gehiago. Erdeldunak dira. Euskaldunak ziren duela bi mende baino gutxiago. Eta gaur egungo Aramaiokoak, Baztangoak, edota Zarautzekoak ez dira elebakarrak, orokorrean, elebidunak edo erdaldunak baizik.

 

 

Pierre de Lancre inkisidoreak esaten omen zuen euskaldunak ez zirela frantsesak ez espainolak sentitzen. Inkisizioaren gartzela horretan gure "María González", malkoen artean, leihotik, bere herriaz gogoratzen zen,... Garia, kale zuriak, lagunminak,... Eta oraindik ere egia da. Oi, Araba...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.