L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Zintzhilik aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zintzhilik. 8 (1993-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

De Pauliren bizitza ezkutua

 

Gian Bildua Gontzaletxea

 

I

De Pauli greba egunetan lezioa emandatzat jotzen duten horietakoa da. Garai batean neurri honen indar koaktiboa nabarmena zen, bera zelarik kurtsoan zehar Fakultatean klase gehienak ematen zituen irakaslea. Baina, azken urteotan, De Pauli arduratzen hasia da: greba egunetan, hau gertakizun alai bat bezala hartzen duten irakasle baldar horiei bezala, ez zaio inor klasera etortzen. Egia da egunero gelako ikasmahaietan eseritzen den ikasle kopurua ez dela oso handia, baina hau ez daki beste inork, teorikoki behintzat. Baina greba egunetan gertatzen dena vox populi da, beste irakasle orok De Pauli bere bulegoko atea ixten, gelara jeisten eta, handik pixka batera, ezer gertatuko ez balitz bezalako aurpegi batekin, igotzen eta bere bulegoko atea berrirekitzen ikusten dutelako. De Paulik jakin beharko luke, ordea, bere ikasleek aurreko kurtsoen baten apunteak dituztela. Txukun-txukun mekanografiatuak eta azaleztatuak, urte hasieratik 1250 pztatan saltzen dira, tabernan, 5. kurtsoko ikasketabukaerako bidairako laguntza bezala.

 

 

II

De Paulik, goizero, Fakultateko kafetegira jeitsi ohi da eta tea bat (esne hodei batekin, mesedez) eskatzen du. Han, zuzen-zuzen barra ondoan zutik, ordu laurden eskas bat igarotzen du, zerbitzariarekin batez ere futbolaz hitzegiten. Zerbitzaria da, ia fakultate osoan, De Pauli ondo edota beldurrik gabe tratatzen duen bakarra, negozioa negozioa bait da. De Pauliri ezinbestekoa zaio eguneroko tartetxo hau, bere giza harremanen kupoa asetzen duelakoan edo. Baina, ondorioz, beti ordu laurden beranduago heltzen da hamaikak eta bostetako klasera, De Paulik bere puntualtasun faman duen zikin bakarra. Ikasleek, batez ere astelehenetan, aurreko eguneko emaitzak mamitsuak irudi dakizkiela espero dute.

 

 

III

Klasean jai giroa dago gaur. Ikasle batek De Pauli Doktorearen tesiaren ale bat lortu du. Ez da txantxetan hartzeko aurkikunde bat: Fakultateko liburutegiak ez du obra horren aztarnarik ere, Aldundikoan beronen fitxan letra gorriz "DESAGERTUA" hitza azaltzen da eta Madrilgo Biblioteka Nazionalean, De Pauliren liburuaren ordez, erreferentzi-gidaren 1-33762 signaturapean Sarthou Carreres-en Históricas industrias setabitenses (Valentzia 1942) liburuxka ekartzen dizute. Ez da, hortaz, batere erraza Análisis de las órdenes escritas durante la toma de Ceriñola, 2 al. (Medina de Pomar, 1963) eskuratzea. Aipatu ikasleak Mondoñedoko Liburu Azokan erosi du, kasualitatez, oporrak bukatzen ari zitzaizkionean. Klaseko lagunei barregura handiena eragin diena prezioa izan da: 25 pzta.

 

 

IV

Gutxik dakite De Pauli irakaslearen izena Karl denik. Ikasleek "De Pauli jauna", "irakasle jauna" edo soilik "jauna" hitzak erabiltzeko eskubidea dute. Bere sinaduran ere ez duzue aurkituko K. germaniar horren arrastorik, agian "De Pauli" borobila inguratzen dituzten kurba eta zuRrunbiloak guztiz estaltzen dutelako. Bere amak aitaren omenez jarri zion. Bertsiorik fidagarrienek diotenez, aita Kondor Legioan pilotua izan zen eta Donostian gure irakaslearen ama izan behar zenarekin topo egin zuen. Bonbardaketa misio artean maitasuna sortu zen bien artean, oraindik gerraren arrasto ugari erakusten zituen Donostia argitsu batean. Egun batean, Magdalena De Pauli haurdun zegoela konturatu zen, baina ez zuen pilotuari berria emateko astirik izan, ez bait zuen gehiago ikusi: Alemaniara itzuli bide zen. Hilabete batzu geroago, jaioberriari bere abizena eta aitaren izena eman zizkion. Magdalenak itxaropena inoiz galdu ez bazuen ere, ez zuen abioilariaz askoz gehiago jakin: notizia zihurrenek 1943.ean Kursk-eko boltsan bizia galdu zuela diote. Pentsa dezakegu gorroto diola De Paulik bere izenari, batez ere amak tristura handiz bere bizitza osoan eduki duen maitasun abentura bakarra kontatu ohi dionean. Baina bere haurtzaro denboretatik gordetzen duen jostailu bakarretakoa Heinkel He-111 bonbaketariaren zurezko maketa bat da. Urteetan bere ohe gainean zintzilikatua egon ondoren, gaurregun bere etxeko saloiko apal batean aurki daiteke, Clausewitz-en eta Sven Hassel-en liburuen artean.

 

V

De Pauli, zeresanik ez dago, ez da apenas Liburutegira sartzen. Bere betidaniko apunteak nahikoak zaizkio kurtsoko lezio guztiak prestatzeko, "prestatu" hitzak kasu honetan zentzurik badu behintzat. Egia da lehenengo urteetan De Paulik ordu pare bat erabiltzen zituela horituz zihoazen orrialde horietako pasarte gutxi batzu ikasteko, baina 1972.etik gaiaren izenburuari begirada bat ematearekin nahikoa zaio kaseko speech-a hasteko. Horregatik gaur, bibliotekariek bere irudi fina fitxero artean usnatzen ikusi dutenean, zertxobait geroago eskakizun mahaira gerturatu denean eta fitxa bat bete behar duela asmatu dutenean, harri eta zur eginda gelditu dira. Zuzendariari deitu diote, honek bere begiekin prodigioa ikus dezan. Liburutegikoek ez dakite oraindik De Paulik eskatu nahi duena orain dela oso gutxi argitaratutako bilduma bibliografiko bat besterik ez dela eta bere intentzioa liburua maileguan eskatzea eta etxean, lasai lasai, 1982.ean argitara eman zuen bere artikuluaren aipamena azaltzen den ala ez egiaztatzea besterik ez dela. Baina kostatzen ari zaio. Nerbioso jartzen den guztietan bezala, bere betaurrekoak garbitzen hasten da, metodikoki. Jeitsi zen azkenengo aldian fitxen sailkapena beste bat zen, eta ez zeuden hainbeste.

 

Gasteiz, 1993

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.