Berpiztu dezagun Aresti
Arestiren argazki zuri-beltz baten aurrean
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
Azkenean eman zioten zure izena
Bilboko karrika bati, auskalo nork esango duen orain
Arestin bizi dela, eta errazegia litzateke
gugan bizi zarela esatea.
Bilbo zuri-beltz langartsu bat dakusat
Zurekin pentsatzen dudan bakoitzean,
gerraondoko Bilbo hotz eta triste bat,
egunero bulego txiki eta goseti batera joaten
aspaldian ez dituzte leihoak garbitu
eta hautsa pilatzen da zenbakiz bete paper horisketan.
Dena zuri-beltza aintzinako filmeen antzera,
jendea zuri-beltza, zuri-beltza hiria,
zuri-beltzak apaizen liburuak,
argazki zuri-beltzak, zuri-beltzak etxeak.
Belarra berdea zen zure garaietan?
Gabardinak, txapela eta euritako beltzak
euskaltzaleen bilera astun eta antzuak
beldur zuri-beltza, iritziak zuriak ala beltzak.
Oskarbia ikusi zenuen noizbait?
Zurekin menditik jeitsi ginen maldan behera,
mila esker, inoiz ez naiz mendizale izan,
erakutsiko nizuke gustora hiria, eta bertan oasiak,
nola mugitzen garen teknikolorean eta gerra berriak.
Ai, Malgizon Arestiar
txistulariak dira oraindik Euskal Herrian
nagusi, ugazaba eta epaile,
euskaldun jendeak artalde izatean jartzen du esperantza
eta eztabaida aspergarriek etengabe diraute,
bizien artean, ez izan zalantzarik,
deskomekatua izango zinateke.
Gutxi daukat zuretzat, eta horregatik
inoiz baino apalago,
inoiz baino zuri-beltzago,
ene lehen karta izan zena
eskaintzen dizut zure karta jokorako:
Gabriel Aresti eta gero Segurola
euskaldunen artean sugarrezko bola,
maldan behera garaman haize zirimola,
bihotzez mintzatu zen, ireki kaiola,
ez dakigu nola
galdu zen odola,
bihurtu arbola,
gaitezen kontsolo
umezurtz gara baina ez zaigu axola.
|