Doniane-zurak
Jose Asuncion Silva
euskaratzailea: L. Akesolo
Zerrautsa!,
zur-autsa!
Doniane
tantai-zurak,
gaztai eske, ogi eske;
Erroke'nak
alpandoke;
Errike'nak
alpeñike;
Triki'renak, triki, tran!
Eta amamaren belaun-gaiñ txit sendoetan,
igiera neurkatuz, ukur dagi aurrak,
ta nasi dagoz biak, dardar eraginda...
Irriño ezpanetan ama-txeraz zarrak;
barrun baiña izu bitxi legez dabilkio,
axanpaz ta ames zoroz, gerora zer izan
leikezan illobaren egunez-ezaunak...
Doniane
tantai-zurak,
gaztai eske, ogi eske
Triki, triki,
triki, tran!
Aunitz oiñaze luze ta larri ixillezko
kondaira dautse tximur sakonak oroitzen,
t'edur lez zuri aren uleak agertzen;
lor-samiñak marratu eutson kopet soilla,
ta aren begiak dira, urteak lausotu
ta iñoiz biurtuko eztiran izakien
itxure aspaldi isla euskuen ispillu...
Erroke'nak, alpandoke,
triki, triki, triki, tran!
Biar amonak, igar ta ixil, lo eitean,
mundu bizitik urrun, lur goibel azpian,
askoak lendik zurbil dagozan tokian,
illobaren oroian, len-umezaroko
olerki itsa artzen dauan ots astunez oso,
aldi-lekuan itzal barruna jardunik,
ots maite aren notak dardar dabe egingo...
Errike'nak, alpeñike;
triki, triki, triki, tran!
Ta artean, amamaren belaun jausietan,
igiera neurkatuz, ukur dagi aurrak,
ta nasi dagoz biak, dardar eraginda...
Irriño ezpanetan ama-txeraz zarrak;
barrun baiña izu bitxi legez dabilkio,
axanpaz ta ames zoroz, gerora zer izan
leikezan illobaren egun ez-ezaunak...
Zerrautsa!,
zur-autsa!
Doniane
tantai-zurak,
gaztai eske, ogi eske;
Erroke'nak,
alpandoke ;
Errike'nak,
alpeñike,
triki, triki, triki, tran!
triki, triki, triki, tran!
|