Esopo'ren ipuinak
Esopo
euskaratzailea: Igotz
81. Lugiña eta larrangilla
Lugin edo nekazari batek, negua eldukeran, sugegorri bat aurkitu eban, otzak illik. Aretzaz errukituta, beetik jaso ta kolkoan gorde eban. Sugeak, beroak bizkortuta, bere zentzunera ta indarrera etorri zanean, il egin eban bere ongillea, ta onek, iltera joiala ikusirik, ots egin eban:
Merezi dot au, onako izaki gaizto bati errukia agertu dautsodalako!
* * *
Auxe derakusgu alegi onek: gaiztotasuna, naizta sentipen onak agertu, ezta aldatu oi.
82. Lugiña eta bere semeak
Il-agiñean aurkitzen zan lugin batek nekazaritzan ondo ikasiak itxi nai ebazan bere semeak. Ortarako, dei eginda, esan eutsen:
Ene semeok: mundu au, laster itxi bear dot; billa egizue mastian itxi dodana, ta dana izango dozue.
Ondorengoak, altxor edo diru-mordo andiren bat lurperatuta izten eutselakoan, aitaren eriotz ostean, mahastiko lur guztia osorik irauli eben. Ez eben, baiña, ez dirurik ez beste ondasunik aurkitu; mastiak, alan be, ain ondo ta sakonik erabilli ebelako, bateko eun ekarri eutsen.
* * *
Lana gizonentzat dirutza edo satabia dala dirausku ipuin onek.
83. Lugina eta Zoria
Lugin batek, lurra palaz erabilkeran, urrezko lotura bategaz topo egin eban. Gerora, Lurrari koroi bat opa egin oi eutsan egunero, mesede ain andia ari zor eutsolakoan. Baiña bein Zoria agertu yakon, au esanaz:
Entzuidazu, adiskide: nik zu aberastu zaitezan emon dautzudazan doeak, zergaitik eskertzen dautsazuz Lurrari? Denporak aldatu ta urrea be esku batzuetara aldatu ba'dadi, orduan Zoria'ri botako dautsazu errua.
* * *
On dagigunari esker ona agertu bear dautsagula erakusten dausku ipuiñak.
84. Lugiña eta zugatza
Nekazari baten soloan zugatz antzu, jaibal edo ez-ekarkor bat egoan, kurloe ta txitxar zaratatsuen gordelekutzat baiño balio ez eban.
Lugiñak, aren antzutasuna ikusirik, beera botateko asmoz aizkorea astiñdu eban aren kontra. Kurloe ta txitxarrak eskarika joan yakozan ez egiala euren gordelekua eratxi, bertan berari be abestu ta atsegin al izan ekioen. Baiña, egaztiai jaramonik egiteke, bigarren zartakoa zuzendu eutson zugatzari, ta gero irugarrena. Zugatza arrakalatu ebanean, erle-abaraska bat bertan idororik, ango eztia jan eban, eta arrezkero, aizkorea jaurti ta ardura andiz, gauza sagaratua balitz lez, zugatz a zaindu ta omendu eban.
* * *
Onek au derakusgu: giza-semeak, izatez, zuzentasunari buruzko maitasuna ta begirunea baiño mesedeak eskertzeko gar geiago agertu oi dauala.
85. Lugiñaren semeak alkar aitu-eziñik
Asarre ta inki-makoan bizi ziran lugin baten semeak. Onein sentimentuak aldatzeko etziran naiko aitaren itz-berba errazoizkoak. Eta, azkenez, begietatik sartzen dan ikasbide bat arei emotea erabagi eban.
Dei egiñik sarta-azao bat eroan egioela agindu eutsen. Agindua beterik, sortan edo pilloan emon eutsezan aitak ekarri eutsoezan zotzak, apurtu egiezala esanik; areik baiña, indarketa gogorrak egin arren be, ez eben ezetara sarta-azao a apurtzea lortu. Orduan aitak azaoa azkatu ta sartak edo zotzak banan-banan emon eutsezan; semeak, ostera, errez ausi al izan ebezan.
Or daukazue esan eutsen aitak. Zuok be, ene semeok, alkar artuta bizi ba'zarie, azpiratu eziñak izango zarie zeuen arerioen aurrean; baiña banatuta egonik, errez errez azpiratuko zaitue.
* * *
Ipuin onek adierazten dausku: alkar-artzeak indartu garoazan giñoan, aitu-eziñak makaltzen gaitula.
86. Atsoa eta osagillea
Begietatik geisorik egoan atso batek osagilleari dei egin eutson: saria emongo eutsola-ta, joateko bere etxera. Deitua deitu eutsonarenera joanik, asi zan osaketan; baiña atsoari gantzukiak ezarten eutsozala, aren begiak itxita eukazan bitartean, etxeko tresnak ostuten eutsozan banan-banan.
Danak lapurtu eutsozanean, osagilleak osatzea amaitu ta agindutako saria eskatu eutson atsoari. Ez eutson atsoak ordaindu gura, ta osagilleak epaikarien aurrera eroan eban. Eta atsoak an aitzen emon eban baietz saria agindu eutsola osatzen ba' eban begietako gatxetik, baiña bera osagillearen osatze ostean aurretik baiño be txartoago aurkitzen zala autortu eban.
Len bai esan eban neure etxeko tresna, atrapario ta erredizea guztiak ikusi neroiazan, eta orain ez dot bat be ikusten.
* * *
Gaiztoak eztabe uste, zekenkeriak itxi oi dauala ondoren, utsegite ta obenaren agerbide kaltezkoa.
87. Emaztea eta senar mozkortia
Emakume batek ardoari emona eukan gizona. Gatx ontatik urrintzeko, ondorengo azpi-joko edo amarrua asmau eban.
Senarra, mozkor-aldia zala-ta, konorte barik, ilda lez geratu oi zan. Olako baten, sorbalda gaiñean gizona artu ta iltegira eroanik, an itxi eban.
Katua onezkero joana yakola iduritu yakonean, itzuli zan il-errira ta atean oles egin eban.
Nor dot or deika? esan eban ordiak.
Neu nozu; jatekoa dakartset ildakoai erantzun eutsan emakumeak.
Ez eidazu jatekorik ekarri; edatekoa ba'lekarstazu, naiago neuke gaiñeratu eutson ordiak.
Eta emakumeak, bular-joka, ots egin eban:
Ni bai zori txarreko! Otu yatan amarru onek be ez dautzu zuri, ene senar, biotzean ikutu; ain zuzen be, arteztu ta ondu ez-ezik, txarrera egin dozu, zeure gatx ori bigarren izaera lez egiñik.
* * *
Alegi onek erakusten dauskunez, ezta egoki bizikera gaiztora egitea, oitureak ba momentua eltzean, nairik edo ez nairik, gizona azpiratu daroa.
88. Alarguna eta neskameak
Oso maratza zan alargun batek neskame gazte batzuk eukazan eta oneik gabaz oillarrak kantu egitean itxartu oi ebazan, euren lana asi egien. Neskameak, lanaren lanez arminduta, etxeko oillarrari samea biurtzea erabagi eben, auxe bai zan, euren eritxiz, eten barik gaiñ erabillen zori txarraren ekarle, au da, eguna zabaldu orduko euren etxanderea itxartu oi ebana.
Erabagia bete ondoren, baiña, euren txarra are geiagotu yakela ikusi eben: etxandereak, ordua iragarten eutson oillar barik aurkitzean, ordurarte baiño lenago jagi-azten ebazan lanera joan eitezan.
* * *
Norberak bein-beiñean arturiko erabagiak yakoz askotan, ipuin onek diñoskunez, gero gaiñ datorkiguzan gatxen erru.
89. Emakumea eta oilloa
Emakume alargun batek oillo bat eukan, egunero arrautza bat ipinten eutsona. Garagar geiago emon ezkero, bi ipiñiko eutsozala, otu yakon, eta egunekoa geitu eutson. Oilloak, baiña, lar loditurik, ezin ipiñi izan eban egunean bata bera be.
* * *
Zekenkeriz daukaguna baiño geiago billatu ezkeroz, daukaguna bera be errez galdu daroagu.
90. Sorgiña
Sorgin hatek, xoradurak eta iainkoen asarrea baketzeko triki-maiñak saltzen ebazan, ogia irabaziz; ez yakon bezerurik palta ta olan nasai eskuratzen eban bizi izateko lain. Baiña bein, olan jokaturik erlejiñoa austen ebala-ta, salatu egin eben, eta epaikarien aurrera eroanik, eriotzara epaitu eben.
Auzitegitik urteten ikuseran, orrako batek esan eutsan:
Zu, sorgin, jainkoen asarrea alde eragin zeinkela esan oi zenduan, eta gizonak zelan ezin izan dozez zuritu?
* * *
Alegi au ondo yatorko nunbait, sorgiñak lez arrigarriak egitea iragarri ta egunean eguneango gauzak burutzeko gai eztanari.
91. Idia eta bigantxa
Idia lanean ikusirik erruki izan yakon bigantxa bat, zori txarreko zala-ta. Baiña erlejiño-jaikizun andi bat eldu zan eta, idiari buztarria kentzen eutsoen bitartean, bigantxari eskuak ezarri eutsezan oparitzat lepoa moztuteko.
Idiak au ikusirik, irribarrezka, esan eban
Begira, bigae, ik zegaitik lan egiteke bizi bear induan: laster opari egiteko zaintzen induen!
* * *
Alegi onek diñosku alperrak zelatan daukala arriskua.
92. Eiztari bildurtia eta egurgiña
Eiztari batek, leoi susmoan ebillela, piztiaren oinkadarik ikusi ete eban eta nun eukan gordelekua, itandu eutson egurgin bati.
Leoia bera erakutsiko dautzut esan eutson egurgiñak.
Ez, ez nabil leoi billa, aren aztarren billa baiño gaiñeratu eutson eiztariak, bildurrak joa ta agiñak kirrizka.
* * *
Ipuin onek argi erakusten dausku koldar-oskillak eta azarri-urtenak zelan ezagutzen diran; itzetan azarri ta egiñetan koldar diranak, esan nai dot.
93. Txarria eta aariak
Txarri bat, aarien taldean sarturik, oneikaz ebillen larran. Bein, artzaiñak oratu eutsolako, kurrinka ta indar egiten asi zan. Aariak, barriz, agiraka egin eutson gaillarazika egoalako, esanaz:
Geuri be sarri eskua ezarten yauskuk, baiña ez gabiltzak zinkurinka.
Bai gaiñeratu eutsen txarriak, baiña ez dok asmo bardiñaz; zuoi uleagaitik ezarten dautzue, niri barriz aragiagaitik.
* * *
Ipuin onek darakusgunez, ulu egiteko errazoia dabe bakar-bakarrik, dirua ez, bizia galtzeko arriskuan legokezanak.
94. Izurdak, balea eta berdela
Izurdeak eta baleak istillu gogorra erabillen euren artean. Burruka gordiña asko luzatuaz joialako, berdelak (arrain pitiña berau), ur-zalera urtenik, onezkoak egin gura izan ebazan arein artean. Baiña izurda batek itza arturik esan eutson:
Eztabaidatu ta batzuk besteakaitik ilteak gitxiago apalazten gaituk, i gure arteko baketzaille izateak baiño.
* * *
Gizon txepel batzuk era berean, erri arteko matxinada ta zaparrada garaian, zeozer dirala uste dabe.
95. Demades izlaria
Demades izlariak bein Atenai'ko erriari itz egiten eutson, baiña entzuleak bere itzaldiari olako kontu ta adiera andirik egiten ez eutsoen ezkero, Esopo'ren ipuin bat edesten itxi egitsela eskatu eutsen. Eskatzen ebana egiñik, onela asi zan:
Demeter, elaia ta aingira bein alkarregaz joiazan bidez; erreka baten ertzera eldu ziranean, elaia aidean jagi zan, aingira uretan ondatu zan... eta emen gelditu zan izlaria.
Eta Demeter'ek oiu egin eutsen, zer egin eban?
Demeter (1) zuen kontra asarratu zan gaiñeratu eban,
Esopo'ren ipuiñetan poz-erazo nairik, Laterriko arazoak alde batera izten dozuezalako.
* * *
Au jazo oi da gizonen artean: eztabe zentzunik erakusten, bear-bearrezko gauzak albora itxiaz, atsegiña dakartsenak naiago izanik.
(1) Demeter edo Keres, Jupiter'en arreba, laboreen jainkosa.
96. Diojenes eta buru-soilla
Diojenes zinikar jakintsuak, buru-soil zan gizon batek ixeka egin eutsolako, onela bota eutsan:
Ez bekide jainkoak iri iraiñez erantzuten itxi! Goratzen yoazak, bestera, garazur murritu ori laga daben uleak!
97. Diojenes, bidez bide
Diojenes zinikarra, bidez joiala, ur-jasak aundituriko ibai baten egalera eldurik, bertan gelditu zan kekomeko. Jentea errekaz bestaldera igaroten oitutako gizon batek orrela zalantzan ikusi ebanean, beragana urreratu, sorbaldara jaso ta urez bestaldera igaro eban atsegin oneko.
An gelditu zan Diojenes, ongilleari zegaz ordaindu ez eukalako, bere buruari agiraka. Ortan ziarduala, konturatu zan gizon arek beste bidazti bat be, errekea igaro eziñik ikusita, aren billa joan eta era berean eroan ebala bestekalderaiño. Diojenes'ek, orduan, gizonagana urreratu ta esan eutson:
Eztot onezkero egin daustazun mesedea zuri zetan eskerturik; dakustanez, ba, ori eztagizu errazoi-bidez, detu ta griña zoroz baizen.
* * *
Ipuin onen muiña da: olako edozein gizon nai meritu andiko bat bardin otseindu ezkero, zerbitzari zintzotzat barik zentzunbakotzat artzeko arriskuan jarten dogula geure burua.
98. Zeus eta aretxak
Aretxak, Zeus'en aurrean, onela ulu egien:
Alperrik dakusgu argia; beste zugatzak guztiak baiño arrisku geiagotan daukaguz geure buruak, aizkora ukaldi zakarretatik jagon ezinda.
Zeuok zarie zeuen zori txarra dagizuenak erantzun eutsen Zeus'ek-; kirtenak, zurageak eta golde-nabasak egiteko egurrik emongo ezpa zeunkie, aizkoreak ez leuskizue kalterik egingo.
* * *
Euren gaitz-ekarle diran gizon askok, jainkoai ezarten dautse errua, astoki.
99. Egurkariak eta piñua
Aizkolari batzuk piñu printzatzen ziarduen, eta egiteko au ez yaken gatxa, piñuondo ber-beraren egurrez taiuturiko ziriai esker. Eta piñuak esan eutsen:
Ebagiten nauan aizkorea baiño gorrotogarriago ditut neure-neuretik sorturiko ziriak.
* * *
Norbere artekoen zakarkeria, ez-ezagunena baiño geiago, sentidu oi da.
100. Izaia eta elorria
Eztabaidan ziarduen izaiak eta elorriak. Arrosko iñoan izaiak:
Eder naz, lerden eta jagia; gaiñera itxas-ontziak eta eleiz-goiburuak egiteko balio dot. Zelan azartzen az i nigaz parean jarten?
Gogoratuko ba'endu elorriak ari, ebagiten auan aizkora ta zerrak, elorriaren zoria obetzat artuko enduke!
* * *
Entzutea dala-ta, ez da bizitzan lar arrotu bear; apalen bizia, izan be, arrisku gitxiagoz inguraturik daukagu.
|