Orati'ren odak
(III'garren sailla)
Horati
euskaratzailea: Aita Onaindia
XXI. Txanbil bati
GAIA: Ardao-murko edo ontzi au oierkariaren jaiotz garaikoa dezu, baita bertan daukan edari gorria ere. Ta bere adiskide Mesala'kin batera edan nai du; ardaotik neurriz edatea osasuntsu baita. Katon zuzenak berak ere etzun noizik-bein txurrunpianplin egitea ezetsi. M. Bale Mesala Korbin, irurogeta lau urte Kristo'ren aurretik jaioa, Orati'ren ikaskide izan zan Atenai'n eta guda-lagun Pilipo'n. Lenengotan Antoni'ren alderdiko izan arren, gero Oktabi'renera aldatu ta onekin burrukatu zuen A ki'n. Geroago A kitani'ko kontsul-orde izan zan. Izlari bikain ere ba-zan; baiña berrogei urteko zala, gudaritza ta politika utzirik, bakar bizitzea aukeratu zuen, elerti-barrutian murgildurik. Tibul'en babesle izan zan. Ziurrenik, Kristo aurreko 8'garren, urtean ila.
O nata mecum consule Manlio...
O Manli kontsul-pean nerekin jaioa,
Naiz ik erostak ekar, naiz jolas-jokoak,
Naiz liskarrak ta maite loiak,
Naiz lo erreza, txanbil samur:
5 Nolanai deitu Masik ona didak zaitzen,
Ta merezi duk egun eder bat jaitzea:
Jatsi, Korbin'ek aginduta,
Ardo aulagoak ixurtzen.
Ez au, naiz sokratiar erakutsiz ezko,
10 Ark ez au iñundikan muska zapuztuko:
Katon zarrak ere sarritan
Artu el zun ardo-beroa.
Ik adimen mergatza oi duk leunki mindu
Geienez; ik iragar oi dituk Lieo
15 Alaiez jakintsuen kezkak
Ta beren burubide ixillak.
Itxaro ta kemena ik diek itzultzen
Gogo gutartsuei; ik indarra tenkortzen
Txiroei; i edanik, erregeen
20 Errak, ez guda-tresnak lazten.
Liber'ek eta, alai ba'letor, Venus'ek
T'Esker'ak, beren troiñu askatzen beluko,
Ta argi miñak i luzatuko,
Poibu'k berriz izarrak uxarte.
Oarrak.1. L. Manli Torkuat kontsul izan zan, Kristo'ren aurreko 65'garren urtean. 2. Ardaoak dakarzkin ondorenak izendatzen ditu emen, edaleak nolako seta naiz goza-giroa duten, alegia. 5. Masik au gure napar gorri bezala dugu; Masik, Itali'ko mastegi izen aundiko bat dezu. 9 Sokrate. atenaitarra, aintziñako jakitun edo pilosoporik aundiena. 11. Lieu, Bako'ren Izengoiti bat.22. Eskerrak (Charites) gerkar illetxe edo panteolan agertzen diran jainkotasunak iru ziran, antza, Hesiodo'k dioskunez: Eufrosiñe (pozkorra), Aglaia (diztikorra) ta Thalia (loretsua). Beti alkarrekin zebiltzan irurak, margo-laukietan agiri diranez.
XXII. Diane'ri
GAIA: Diane zan baso-oianetako jainkosa. Ziri-betso edo epigrama eder onen bitartez Diane'ren egitekoak gogorazten dizkigu olerkariak. Baita bere udetxe gaiñetxoan daukan ler-ondo (piñu) bat eskeiñi ere. Olerki arin txairoa, inguma egalari baten irudikoa. Berau jazteko lore billa, ordea, gerkar baratzetan ibilli zaigula esan dezakegu.
Montlum custos nemorumque virgo...
Mendi-oianetako neskatx zaindaria
Jainkosa iru-erako, irutan deitua,
Andre gazteak erdi-zori oi dituzu
Entzun t'eriotik askatu:
5 Bedi zurea udetxe gaiñeko piñua,
Ta urte-buru bakoitzez nik ua pozikan
Okerka jo nai duen apota odolez
Dizut ureztatuko bertan.
Oarrak. 2. Iru era edo antzeko, au da: Illargi, zeruan; Diane, lur-azalean, eta Ekate, lurpean, ifernuan. 3. Egiazki erditza-jainkosa erromatarren artean June zan arren, Diane'ri ere oles egin oi zioten, eta Lutziñe izenez ain zuzen ere.
XXIII. Pidile'ri
GAIA: Jainkoak, oparirik apal-txikarrena ere eder dute, eskintzaillearen eskuak garbi ba'daude. Pidile au neskatx baserritar bat zan, noski, olerkiaren ahapaldietatik atera dezakegunez. Eztu oparigai gurenik, baiña esku artean daukana pozarren eskeintzen du. Gerkarren antzera osoturiko Pidile izenak, au esan gura du: gutxikin naikotzen dena.
Caelo supinas si tuleris manus...
Eskuak zerurantz zut jaso ba'zenitza,
Illargia sortzean, Pidile larreko,
Nare ba'zenitza itzalak kez,
Urte-alez ta txerri jalez:
5 Mastegi joriak ez luke egoi loirik
Nabaltuko, ez zure aziak erdoirik,
Ezta zure kimu goxoak
Fruitu-garaiz aro astunik.
Algido elurtuan opagai autua,
10 Naiz arte ta artelatz artean asea
Naiz Alba-larretan azia,
Apaiz-aizkorak du itzuliko.
Zuri ez dagokizu, erromeru-mirtu
Zinglez jainko txikiak koroatzen ari
15 Zeran orri, arei laguntza
Eskatzea ardi-iltze ugariz.
Zure eskuak txau iku ba'dagi opamaia,
Jainko aserraziak baretuko ditu
Opai gurenak bezin leunki
20 Zaldalez ta papur dantzariz.
Oarrak. 2. Illargi berritan. 3. Itzalak, etxejainkoak (latiñez, Lares, Penates). 5. Africus, egoi-sartzaldetik zetorren aizea. 6. Erdoi, gorriña; gariaren gaixo onek izua sartu oi zuen Itali'ko alorretako nekazarietan. Eta ortarako Robigo zeritzaten jainko edo jainkosa gurtu oi zuten, bere omenezko jaiak Robigalias aprillaren 25'an ospaturik: garia loratan dagon garaia, noski. Numa asi zan irudizko jai ori ospatzen, eta geienik ardi bat edo zakur-eme bat eskeiñi oi zuten. 9. Algido mendian eta Alba inguruan, Apaiz-alkarteak larre zabalak zeuzkan, oparitako bear ziran abereak bazkatzeko. 20. Zaldale, ots, garagar-iriña; ta papur dantzari, au da, gatz saltaria.
XXIV. Diru-zaleen aurka
GAIA: Bere egunetako griña ta joera txarrak darabiltza txibita-gaiñ. Diru-gosea batez ere uxatu bear da, ta ori lortzeko bideak darakusazki. Gaitz ontatik bait-datoz oitura onak ustetzea ta erkalean dauden txarkeri guztiak, ots, auzkak, eriotzak, ezkontz-austeak, apainkeri larregiak, lege ta aginduak ezestea, ta gaiñerakoak. Erri basatiak eta txiro bizi diranak, zoriontsuagoak dira askotan, ain zitaldurik ezpaitaude. August'ek, legez ta aziera onez, erri-oiturak berriztu ta jaso bear ditu.
Intactis opulentior...
Zure dirutza arabitarren
Altxor ikuge ta Indi jorikoa baiño
Geigo ba'litz be, ta zeure etxez
Tirren eta Apuli'ko kresala esitu,
5 Bear latzak gaillur goetan
Diamantezko iltzeak itsatsi ezkero,
Ezin kezkatik gogoa aska,
Ezta zeure burua balbe-lakiotik.
Gurdikin etxolak alderrai,
10 Obeto dira bizi eskitar lugiñak;
Ta getar latzak, beren alor
Ertz-geak gari-fruitu jarei dakarkitzela;
Etzale eder urte-golde ezik,
Eta nekeren nekez ark igaroa
15 Ordeak lan berdiñ du pozten.
An, errurik eztuen andrak ditu zaitzen
Ama gabeko aur-ordeak;
Eztu jaurtzen senarra emazte joriak,
Galai ederraz eztu usterik;
20 Gurasoen on-ala sari aundi dute,
Baita garbitasuna ere,
Alkartze txit seguruz iñoren gizona
Muxintzen duna ziur aski:
Gaitz amor egitea, ta erio sari.
25 Ai, nork nai lituzken ken-azi
Ilketa gordiñ eta erri-matxinadak
Ta asarre ezigea galgatzen
Gotor ager zalako Uri-aita izenez
Irudietan josia izan,
30 Gure ondokoetan ospetsu egiñik;
On dana izan ere, omen txar!,
Iguin da, ta kendua aren gosez gabiltz.
Zer ditugu espa goibelak
35 Errua min-oiñazez erauzi ezikan?
Zer legeak, oitura gabe uts,
Ez bero-galdatan kuin dauden lurraldeak,
Ez Borea'tik ur daudenak,
Ez elurtza zoruan ere trinkatuak,
40 Ezpa-dituzte rnerkatariak
Uxatzen? Itxastarrak maltzur azpiratzen
ur izugarriak. Laidotzat
Euki txirotasunak zernai jasatera
Beartzen, on latza utzi-aziz.
45 Edo jun Kapitoli'ra oiuz giza-talde
Onak ots dagian tokira,
Edo bota ditzagun urreko itxasora
Txirlarri, atxurdin ta urre patal,
Gaitz aundien sortzaille. Erruz ondo damu
50 Ezkero, naikunde gaiztoen
Galak erro-errotik kendu bear dira
Ta gure barren lar guriak
Gorputz-iñarkun latz gordiñakaz azi.
Aitor-seme aulak ez daki
55 Zaldi-bizkar egoten, ta eize-bildur da;
Jolasten alere ba-daki,
Naiz gerkar firridan zuk agindu, naiz legez
Galazi zorizko jokuak:
Olan aitaren gezur-fedeak laguna
60 Ta arrotza ditu atzipetzen,
Oiñorde gai-ezari dirua metatuz.
Onela azten diru gaiztoak:
Baiña beti da zerbait oin koskor.
Oarrak. 1. Petrea, arabitarren lurraldea, oraindik ukutu gabea zan erromatarrentzat, eskualde ura ezpaitzan izan Trajano'ren aginterarte erromatar erki edo probintzi. 4. Tos kana'ko itxasoa ta Apulla edo Adriatik kolkokoa. 10. Eskitarrak Europa'n zeukaten eskualde bat eta Asia'n beste bat; etzeukaten uririk, ez bizi-toki ziurrik, eta gaurko ijituen antzera gurdietan ibilli oi ziran ara ta ona. 11. Getarrak, oso ankerrak ziran; auek, alderrak biziagatik, egotez Danubi inguruan eta itxaso Beltza'ren ertzetan bizi zizkitzun; lurrak txandaka landu oi zituzten. 28. Norbere arri-irudien oiñean Aberri-Aita deitzen dion izena idatzita ikustea, beti izan da atsegingarri. 57. Burnizko obo bat, giltz antzeko bultzagai batekin erabiltzen zana; mutikoen jolasa zan geienbat. 63. Asko eukita ere, geiago naiaren irrika ezin uxatu.
XXV. Bako'ri
GAIA: Orati'k berriz ere, liriku bertsotan, August'en egite arrigarriak abestu nai ditu, ta erdi-orditua ta txerbel xamar aurkitzean artzen du ortarako asmoa: Bak'i eskerrak emanez asten da, uragandik artu duen goiargiagatik. Aipu edo goresmen geiegi bat bezela duzu oda au, erromatar arnasaz baiño gerkarrez geiago betea, ziur asko.
Quo me, Bacche, rapis tui...
Nora naramazu, Bak, zeurez betea?
Zer oian edo leizera naiz emana
Arnas berriz? Zein arpetan neri
Entzungo, Kaisar'en ospe argi urena
5 Izartzan betikoz eta Jupiter'en
Batzarre-lekuan jarri gura izanda?
Zerbait aundi dana dut nik goretsiko,
Berria, iñork agoz iñoiz esangea.
Nola arritu oi dan mendi-gaillurretan
10 Ebie logaldu, Ebro, Trazi elur
Zuri ta Rodope bas-oiñez jauzia
Ikuskatuz, ala bide-gabe eder zait
Bazterrak ta zabal utsa mirestea.
O lats-neskatxen ta lizar-goiak eskuz
15 Erasten dituzten Bake-en jaun altsu!
Eztut txikirik ez kaskarrik esango,
Ez ezer ilkorrik. Arrisku goxo da,
O Leneu, mats-aien berdezkaz lokiak
Koroatzen ditun jainko-segi ibiltea.
Oarrak. 2. Parnaso'ko muiñoetatik bat Bako'ri eskeiñita zegon. Eta bakotiarrak, aserreak jota zeudenean, toki bakar eta ezkutuetan sartu oi ziran. 7. Eginkari arrigarriak edestuko ditut, berriak eta oraiñarte iñork ere aitatu gabeak. Erromatarrak, Orati'ren aurretik, etzuten izan olerki lirikurik. 10. Evyus, Bako'ren izena; Ebie, bakotiar emakume edo Bakante bat. Ebro, gaurko Maritza, Trazi'ko ibaietan errege. Bako'ren jaiak urrillean ospatu oi ziran, eta Orpeu, ibai ospetsu orren ertzetan egin ziran jai batzuetan, bakotiar emakumeak zaparreatu zuten. 11. Rodope, gaur Despoto Dagh, Balkan mendietako gaillur bat, basakar edo trazitarrak maiz beren dantza-irradaz zanpatua. 14. Ibaietako neskatx edo naiadak. 15. Bake edo bakante indartsuak. Penteu dakarkigu onek gogora; bere amak, diotenez, bakanteak lagun arturik, zakar jazartu zuen; ark lizar baten gaiñera igo zuen, baiña bakanteak, suminduak, zugatza eratxi ta zati-zati egin zuten errege-gai doakabea. 18. Leneu, Bako'ren izengoitia; griegotik lenos, ou, dolare.
|