Ipuin lehiaketei buruzko ipuina
Eñaut Garziarena
Idazle gaztea, afarirako berenjena beteak prestatzeri ari dela, harri eta zur geratu da irratiko kultur albisteak entzutean. Ahoratua zuen mokadua Salamancako txorizo muturra romano esaten dioten ogi koxkor batekin irentsi ezinik geratu da. Berehalakoan, kopa Besagain ardo gazteaz bete eta hurrupa egin du. Hala ere, albisteak hain utzi du harrituta, hainbeste oroitzapen ekarri dizkio gogora, mokadua eta ardoa, dena kontrako eztarritik joan eta eztulka hasi baita, eta eztulekin batera madarikazio eta hitz ustel batzuk ere atera zaizkio. Oraindik urduri, idazle gazteak irratia itzali eta, badaezpada ere, telefonoa desesekirik du.
Urtebete eskas izango da kostaldeko herri batetik ipuin lehiaketa bateko epaimahairako deitu zutela. "Egia esan", aitortu zion udaletxeko kultur zinegotziari, "zuen lehiaketara ipuin bat bidaltzeko asmoa nuen eta..." Aitortu ez ziona, ostera, diruz urrixko zebilela izan zen, eta bozkarioz hartzen zuela epaimahaikide izateko proposamena, hau da, ordainketa berantiar baina segurua. "Tira, ongi da, ipuina beste baterako utziko dut." Kultur zinegotziak, atseginez, honela amaitu zuen: "Zurekin batera X eta Y idazle ezagunak ere egongo dira epaimahaian."
Hori guztia etorri zaio idazle gazteari gogora, tupustean etorri ere, eta lasaitzen hasia, kopa berriro bete eta, tragoxka batez eztarri lakartua goxatu bitartean, begiak botilaren etiketan iltzatu zaizkio: «Ahogozo delizios eta leuna. Marrubi, masusta eta erregalizen zaporeduna. Anpoloien gorrimin bete-betea...» Bere onera etortzen ari dela sinetsirik, ardoak ez, baina albisteak masailgorritu duela pentsatu du, baina bost piper axola diola irratitik entzun berri duen albisteak, eta horrek ez diola gaua hondatuko. Horregatik, telefonoa berriro behar bezala esekitzea erabaki du.
Orduko hartan hogeita hamar bat ipuin irakurri behar izan zituen, kaxkarrak gehienak ere; baina kamamila zimaur artean nola, izan ziren beraien usain eta kolorearengatik nabarmendu ziren ipuinak ere, eta haien artean Euskal Herriko gatazka ardatz zuen ipuin bat, nola zen, bai, Eibar edo Elgoibarko kazetari kaustiko samar batena... Alabaina, idazle gazteak arreta eta kontu handiz irakurri zituen deialdi hartako ipuinak; egia esatera, ohi baino arreta eta kontu handiagoz irakurri zituen berarena ere tartean zegoela jakinik, zeren, gogoak hala emanik, epaimahaikide lana onartu arren, bere ipuina berdin-berdin bidali baitzuen lehiaketa hartara, bere ipuinaren gorabeherak eta gertuagotik ezagutzeko. Eta ipuin guztiak irakurririk, tartean zegoen bere ipuinari ere kaxkarra eta zimaurra iritzi zion, eta horregatik, apenas harritu zen, epaimahaia bildu eta, ez X ez Y-k beraren ipuina aipatu ere egiten ez zutela ikusi zuenean. Baina orduko hartan idazle gazteak ezer ez esatea erabakia zuen, eta esan ere taurik ere ez zuen esango gutun hura jaso izan ez balu.
Sari banaketarako egun gutxi batzuk falta zirela, idazle gazteak igorlearen izenik ez zekarren gutun bat jaso zuen, eta, begirik kendu gabe, aurrena jakinminez eta hurrena harriduraz irakurri zuen. Gutunak, hitzez hitz, honela zioen:
«Zu epaimahaikide izan zaituen lehiaketan irabazleak nortzuk izan diren jakin ostean, luzaroan egon naiz zuei idatzi ez idatzi, baina azkenean, eta lehertuko ez banintzen, luma hartu behar izan dut nire haserre eta amorrazioa adierazteko.
»Ez dakit Matxuraren onurak izeneko ipuinaz gogoratuko ote zareten; ez dakit nire ipuinean Julio Cortázarren Hegoaldeko autopista edo Friedrich Dürrenmatt-en Matxura izeneko ipuinen aztarna begi bistakoak topatu ote dituzuen...; baina orain ez naiz nire ipuina eta harekin batera bi idazle handi horiek laudatzen eta goraipatzen hasiko. Soil-soilik esan nahi dizuet ipuin hori lehiaketara aurkeztu aurretik nire zenbait adiskide literaturzaleri utzi eta denei ere oso ona iruditu zitzaiela, "nabarmen ona" batek esan zuen bezala, zela gaiaren tratamendu egoki eta originalarengatik, zela erabilitako hizkera literarioarengatik. Hori dela eta, haiek bezala ni neu ere ahoa bete hortz geratu nintzen nire izena irabazleen artean ez ikustean: ez lehenengoa (denok espero genuena), ez bigarrena (gaitzerdi), ez hirugarrena (azken kasuan)...
»Eta gutun honetan nire haserre eta amorrazioa adierazi nahi dizuet, iruditzen baitzait ipuinak ez dituzuela arretaz eta patxadaz irakurri, edo, argiago esanik, seguruenik ez zaretelako egokienak inoren idazlanak tajuz eta zuzen epaitzeko (nahiago dut gaizki pentsatu ez eta egileen gutunazalak aurretik zabaldu ez dituzuela pentsatzea; nahiago dut nire obrari boikota egin ez diozuela pentsatzea; nahiago dut ezer ez pentsatzea...).
»Baina merezi ez duzuenez, ez naiz gehiago luzatuko. Amaitu aurretik, ordea, jakinarazi nahi dizuet beste lehiaketaren batera bidaliko dudala nire ipuina (zuek epaimahaian ez zaudetela ziurtatu eta gero, noski), eta irabazlea Matxuraren onurak ipuina izan dela jakitean, beharbada niri egindako injustizia eta bidegabekeria hauekin gogoratuko zarete.
»Hemendik aurrera gehiago irakurri eta zuen kultura literarioa osatu eta gaurkotuko duzuelakoan, adiorik bai.»
Hori guztia oroitzeak sortarazi dion ondoeza arintzeko, beste hurrupa bat egin du idazle gazteak. Gero, berenjenez ere oroitu eta labea piztu du. Noiz eta gaur entzun behar zuen Matxuraren onurak izenburua irratian! Baina oroitzapenetan aurrera, irri firfira bat agertu da idazle gaztearen ezpainetan, zeren gutun hura jaso eta sari banaketako ekitaldian bertan irakurtzea erabaki baitzuen. Erabaki eta baita irakurri ere. Eta ikustekoa izan zen une hartan alkatea eta kultur zinegotziaren aurpegietan agertu zen harridura; igartzekoa zen haien baitan egosten ari zen gogoeta: "Idazle jende honekin ez dago giro. Harroputz eta buruiritzi galantak dira gero...".
Baina alkatea eta kultur zinegotzia are gehiago harritu bide ziren idazle gazteak, gutuna irakurtzen amaitu eta aitorpenak egiten jarraitu zuenean. X eta Y ere han egon izan balira (baina haiek bazekiten, antza, sari banaketa lunch soil batekin amaitzen zela eta, jakina, kostaldeko herri ttiki bateko lehiaketa batera ez zela jende ezagunik edota telebistarik inguratuko), benetan txundituta geratuko ziren aitorpen haiek entzunik, zeren, denen harridurarako idazle gazteak lasai asko adierazi baitzuen bera ere aurkeztua zela lehiaketa hartara, eta hain zuzen ere epaile izateak eragin zuela lana bidaltzera, beraren ipuinarekin zer gertatzen zen bertatik bertara ezagutzeko, aldi berean epaile eta epaitua izatean zer sentitzen zen ikusteko.
Idazle gazteak esan zuen bere ipuina irabazle suertatuz gero, X eta Y jakinaren gainean jarri, txantxa literario moduko hura azaldu eta lehen saria zuzenean bigarrenari emango ziotela. Idazle gazteak esan zuen literatur lehiaketak oro erlatiboak direla, eta bai epaimahaikideek bai idazleek beraiek, hori argi izan beharko luketela jokoan parte hartzea erabakitzen zuten une beretik. Idazle gazteak esan zuen:
Hala ere, idazle ezezagun horri aurtengo lan sarituak irakur ditzala aholkatuko nioke, beharbada beraren ipuina ez baitzaio hain ona irudituko ipuin irabazleen testuinguru horretan. Gainera, benetako idazle bada, jakin dezala literatura eta horren inguruko parafernalia guztia bereizten.
Idazle gazteak une hartan alkate eta kultur zinegotziaren aurpegietan agertu zen bekozkoa ikusi bide zuen, zeren laster batean hitzokin amaitu baitzuen bere jarduna:
Erlatibotasunak erlatibotasun eta gertatuak gertatu, lehiaketa honek on handia dagie kulturgintzan eta herrigintzan dabiltzanei, politikaren eremuko uhinek literaturaren oinak tarteka laztantzen ere badakitelako... jakin, inork ez zekien oso ongi idazle gazteak zer esan nahi izan zuen, baina behinik behin doi bat alaitu ziren alkatea eta kultur zinegotziaren aurpegierak.
Idazle gazteak hori guztia oroitu eta, botila husturik, azken hurrupa egin du. Atzera ere masailgorritu egin dela ohartu da, baina ez lehen bezala, estutasunak eraginik; ez, oraingoan labeak berotu du sukaldea, labeak gorritu dizkio beraren masailak. "Gaur arte ezagutu ez baina oso ezaguna den idazle horrek deituko balit, sari banaketan esandako gauza berberak esango nizkioke", pentsatu du. "Zorionak ere emango nizkioke, baina isildu ez eta anonimoaren kontu hori oso itsusia iruditu zitzaidala aurpegiratuko nioke".
Labeari darion berenjenen lurrin kilikagarria idazle gaztearenganaino heldu da. "Nik uste Mireiari gustatuko zaiola", egin du bere artean. Gero beste botila bat zabaldu eta, hurrengo hurrupa egin ostean, etiketari begira geratu da: «Ahogozo delizios eta leuna. Marrubi, masusta eta erregalizen zaporeduna. Anpoloien gorrimin bete-betea...». Hori bera sentituko ahal du idazle gaztearenera afaritan joatekoa den hiriburuko kultur zinegotziak, Mireia andereak alegia. Eta afaldutakoan, andereak idazle gazteari azken musua eman eta ezpainen gorria nonbait markatzearekin batera (non, oraindik ikuskizun da), honela agurtuko ahal du idazle gaztea:
Aurtengo literatur lehiaketako epaimahaian nahi zaitut. Gainera, urtero bezala, sariak banatu eta gero, afaria hiriburuko jatetxerik onentsuenetako batean egingo dugu, El Portalón-en. Han espero zaitut.
|