Umea
Zer?, noiz?, nola?
Maria Garziarena
Ezin omen naiz nahi dudan arte ohean geratu.
Ezin omen naiz eskolara joan gabe etxean geratu.
Ezin omen dut nahi dudan arropa jantzi.
Ezin omen naiz bazkaltzera etxera etorri.
Ezin omen dut nahi dudanean telebista ikusi.
Ezin omen naiz nahi dudanean lagunekin jolasera joan.
Ezin omen dut nahi dudanean ordenagailuan jolasean ibili.
Ezin omen dut itsulapikoan daukadan dirua goxokiak erosten gastatu.
Ezin omen ditut lagunak nahi dudanean etxera gonbidatu.
Ezin omen ditut asteburuak aiton-amonen baserrian pasatu.
Ezin omen dut etxean katutxo bat eduki.
Ez, ez, eta ez. Horixe da etxean, hori da eskolan, hori da alde guztietan entzuten dudana. Ezin dut sekula nahi dudana egin.
Gurasoek esaten didate beraiei ere umeak zirenean ez zietela nahi zutena egiten uzten, nahi dena egiteko handia izan behar dela. Baina, gero, ikusten dut gurasoek ere ez dutela nahi dutena egiten: lanera joan behar izaten dute, etxeko lanak egin behar izaten dituzte, etab. Umetan ezin, gero beharturik egin behar: mundua betikotzeko sistema ote da hau?
|